Tolosako Udaberri dantza taldeak urtean izaten dituen egun garrantzitsuenen artean daude San Joan bezpera eta Aste Santua hasi aurreko larunbata. Batean, urteko egun luzeenarekin bat egiten du lehenak. Bigarrena, berriz, udaberrian sartu eta eguna luzeagoa izaten hasten denean izaten da.
Ostiral honetan sartuko gara udaberrian, eta larunbatean, Udaberriko dantzariak Ibizan izango dira. Bertako Sant Josep de sa Talaia Folklore Taldeko dantzariekin elkartruke berezia egingo dute. Tolosako dantzariek euskal dantzak eramango dituzte Ibizara. Aurrerago, Ibizako dantzariak etorriko dira Tolosara.
Ibizakoa hitzordu garrantzitsua izango da Udaberrirentzat, baina ez da arestian aipatutako egun horietako bat izango. 69 urte egin ditu aurten Udaberrik, eta beti izan du helburu euskal kulturaren zati garrantzitsutzat daukan dantza lantzea, ezagutaraztea eta gizarteratzea. Horregatik, azken urteetako tradizioari jarraipena emateko, haur, gazte zein helduak dantzan jartzeko Dantzari Txikia eta Erromeria antolatu dute martxoaren 28rako. Euskal doinu, dantza eta tradizioz beteko dute Tolosa.
Dantzari Txikia
Hemeretzigarren aldiz egingo dute Dantzari Txikia. Euskal Herriko zazpi dantza taldeetako haurrak etorriko dira Tolosara: Iruñeko Muthiko Alaiak, Uztaritzeko Izartxo, Hendaiako Akelarre, Zumaiako Beti Gazte, Errenteriako Ereintza, Galdakaoko Andra Mari eta Amurrioko Aiara. Horiekin batera, Udaberriko haurrak ariko dira dantzan. 310 haurrek parte hartuko dute ekitaldian; musikari eta begiraleak 62 izango dira. Guztira, beraz, 370 parte hartzaile inguru izango dira.
11:00etan hasita, bi taldetan ibiliko dira kalejiran. Batzuk Alde Zaharrean; besteak, berriz, erdigunean. 12:30ean, talde guztiek batera dantzatuko dute Plaza Berrian. Ondoren, dantza talde guztiak elkartu eta elkarrekin bazkaltzera joango dira herriko elkarteetara. «Eskerrak eman nahi dizkiegu guraso boluntarioei, elkarteetan haurrei bazkariak prestatuko dizkietenei eta eguna antolatzea posible egin duten eragile guztiei», adierazi du Malen Otaegi Udaberriko kideak.
16:00etan, emanaldi berezia egingo dute Plaza Berrian. Azken urteetan bezala, plaza dantzak egiteko aukera izango dute haurrek; Udaberriko fanfarrea arduratuko da musikaz. «Dantzari Txikiaren parte bada ere, herritar dantzazale guztiak gonbidatuta zaudete emanaldia ikusi zein parte hartzera», esan du Otaegik. Euria eginez gero, goizeko nahiz arratsaldeko saioak San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian egingo dira.
Erromeria
17:00ak aldera amaituko da Dantzari Txikia. Ondoren, festak jarraipena izango du, arratsaldean ere oinak astintzeko aukera izango baita. Udaberriko fanfarreak girotuta, musika-dantza-poteoa egingo dute; 19:00etan hasiko da Zerkausian, eta Alde Zaharrean zehar ibiliko dira. 21:00etan, berriz itzuliko dira Zerkausira afaltzera. Afariaren ondoren, erromeria izango da Laket taldearen eskutik. Fandangoak, arin-arinak, jauziak eta plaza dantzak dantzatuko dituzte, baita Larrain Dantza ere.
Irati Jauregik, dantza taldeko kideak, aurreratu du ekitaldi irekia dela, hau da, herritar orok duela Erromerian parte hartzeko aukera: «Euskal giroa atsegin duten guztiak gonbidatuta daude, baita ezagutu nahi dutenak ere». Afari-txartelak salgai daude Pazzo pizzerian eta Orbela tabernan, 20 euroren truke; online ere erosi daiteke, kalean jarri dituzten karteletako QR-aren bitartez. «Derrigorrezkoa ez bada ere, eskertuko genuke bertaratzeko asmoa dutenak artzain eta artzain-andrez jantzita etortzea, jantzi gabe datorrena nabarmenago geratuko baita jantzita dagoena baino», gaineratu du Jauregik.
Egitaraua
- Dantzari Txikia
- 10:30. Hamaiketakoa Plaza Zaharrean.
- 11:00. Kalejiraren hasiera. Talde batzuk Alde Zaharrean barrena ibiliko dira; beste batzuk, berriz, erdigunean.
- 12:15. Kalejiraren amaiera Trianguloa plazan. Parte-hartzaile guztiak elkarrekin joango dira Plaza Berrira kalejiran.
- 12:30. Talde guztiek batera dantzatuko dute Plaza Berrian.
- 13:00. Haurrak elkarteetara joango dira bazkaltzera.
- 16:00. Emanaldi nagusia Plaza Berrian. Plaza dantzak, Udaberriko fanfarreak girotuta.
- Erromeria
- 19:00. Zerkausitik hasita, musika-dantza-poteoa Udaberriko fanfarreak alaituta.
- 21:00. Afaria Zerkausian.
- 23:00. Erromeria Laket musika taldearen eskutik.
- 00:00. Larrain dantza Udaberriko fanfarrearen eskutik. Ondoren, Laket musika taldeak jarraituko du.