Elkarrizketa

«Ariketa ederra da ustez txikia den gertaera bat misterio bilakatzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 18a

Ipuin-kontalari usurbildarrak aitortu du interesgarria izan dela adinekoekin biltzea, eta herrian bertan gertatutakoak haien ahotik entzutea izan dela politena.

Zer ari zara kontatzen Intujai espazioko saioetan?

Tolosako erretirodunen bi elkartetan entzundako istorio eta pasadizoak ipuin bilakatu ditut, horiek haurrei kontatzeko. Ni ez naiz tolosarra, eta nire erara sortu eta osatu ditut ipuinak, niri kontatutakoetatik abiatuta. Gertaera batzuk egiazkoak direla esan didate, baina ahoz aho kontatuak direnez, ez dakigu zenbateraino diren benetako gertaerak, eta zenbateraino diren asmatuak. Horrez gain, kontuan izan behar da kontalariok zenbateraino puzten dugun.

Zer moduzkoa izan da adinekoekin bildu eta pasadizoak entzutea?

Oso interesgarria izan da, erretirodun bakoitzak kontatzeko modu bat duelako. Kasualitatez, Iturritzan emakumeak topatu nituen, eta Harizpen, gizonezkoak. Egun bat baino gehiagotan elkartu naiz haiekin, egun batetik bestera, konfiantza handiagoa izateko; askorentzat ez da erraza ezezagun bati boteprontoan zerbait kontatzea. Galdetzen nien ea etxean edo inguruan istorio berriren bat ezagutu ote zuten, eta pixkana, kontatzen joan dira.

Zenbat lagundu dizu haiekin aurrez aurre egoteak ipuina sortzeko?

Haien lehen erantzuna izaten da ez dakitela ezer, ez dutela ezer kontatzeko. Gero, haiekin hizketan hasten zara, elkar elikatzen dira, konfiantza handiagoa izaten dute eta istorioak kontatzen hasten dira, bata bestearen atzetik. Horiek haien ahotik entzutea da politena.

Zenbat istorio eta pasadizo ezagutu dituzu?

Aitortu behar dut ez direla gehiegi izan, baina normala da, epe jakin batean bildu naizelako adinekoekin. Ikasturte osoan zehar bilduz gero, zerrenda oso luzea izango litzateke. Pasadizo asko izan ez badira ere, garrantzitsuena da Tolosan gertatutakoak direla. Lehen pausoa izan da; ez dakit aurrera begira jarraipena izango duen, baina ederra litzake.

Eta zer zailtasun-maila dauka pasadizo txiki bat ipuin bilakatzea?

Urteek eta esperientziak erakutsi digute kontalarioi gauza txiki bat, eta, batez ere, gertu gertatzen den zerbait, erraz puztu daitekeela norberaren ikuspuntutik. Ariketa ederra da ustez txikia den gertaera bat misterio bilakatzea.

Zer helburu dute saioek edo zer eragin nahiko zenuke haurrengan?

Batez ere, bizi diren herria hobeto ezagutzea nahiko nuke, eta ez daitezela begiek esaten dietenarekin bakarrik geratu. Istorioek, liburuetan ez dauden arren, zer esaten dieten jakitea ere bai, gertatutakoak direlako, eta garrantzitsuena, herrikideen ahotik ateratakoak direlako, haiek bizitakoak nahiz entzundakoak. Transmisioan dago muina. Helburua ere bada adinekoen eta haurren belaunaldi arteko harremanari merezi duen garrantzia ematea. Hizkuntza aldetik, gainera, oso aberasgarria da. Badira hitz batzuk dagoeneko herritarrek erabiltzen ez dituztenak, ohiturarik ez dutelako, eta saio hauetan entzuten ari dira, gero etxean aitona-amonei esateko.

Haurrek iaz egindako eskaera batetik sortu da proiektua. Zer iruditzen zaizu?

Zoragarria da, eta uste dut normaltasunez egin beharreko zerbait izan beharko lukeela. Gaur egun, ez dugu tarterik hartzen eserita egoteko ere.  Hori dela eta, adinez nagusiagoak direnei eta esperientzia eta eskarmentu handia dutenei entzuteak arnasa ematen digu, zentzu guztietan. Gauza handia da haurrentzat ondo ahoskatzen eta ondo hitz egiten duen pertsona bat entzutea. Ez zaie komeni presaka ibiltzea, eta gauzak lehenbailehen egitea.

Saio hauek balio dezakete belaunaldi bat baino gehiago elkartzeko? Haurrek etxean hemen entzundakoak kontatuko dituzte?

Gustatuko litzaidake hori gertatzea. Kontatu ditzatela hemen entzundakoak, eta galdetu dezatela ea egiazkoak ala sortutakoak diren. Ederra litzateke belaunaldien artean zirikan aritzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!