Belaunaldiak batu nahi dituzte, ahozkotasunaren bitartez

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 18a

Haurren Hiriaren iazko ondorioetan oinarrituta sortu dute ekimena; Ixabel Agirresarobe kontalariak garai bateko istorio eta pasarteak bildu ditu, erretirodunen laguntzarekin, eta 250 ikasleri kontatzen ari da.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 2026ko edizioa bukaerara hurbiltzen hasi da, eta, horrekin batera, heldu da aurtengo egitarauaren berrikuntza nagusienetako bat: Ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi ekimena. Intujai Teatro konpainiak sortu du proiektua, eta helburu du gazteak eta helduak elkartzea. Horretarako, belaunaldi arteko ipuin-kontaketa saioak egiten ari dira herriko hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako 250 ikasleekin, Intujai espazioan.

Haurren Hiria proiektuaren iazko edizioan du jatorria ekimenak. Zaintza eredua aztertu zuen Haurren Kontseiluak eta, ikasturtearen amaieran, ondorioak eta hobetzeko proposamenak aurkezterakoan, haurrek eta aiton-amonek elkarrekin egiteko ekintza gehiago sustatzea proposatu zuten. Saio hartan, entzuleen artean zen May Gorostiaga, Intujai Teatroko arduraduna, eta erronkari heltzea erabaki zuen. «Bururatu zitzaidan Ahoz Aho jaialdiaren bidez zerbait egin genezakeela. Izan ere, erakundeek ez ezik, eragileok ere inplikatu behar dugu. Jende gehiagoren laguntzarekin forma eman diogu, eta emaitza ederra lortu dugu», adierazi du.

Hala, elkarlanean garatu dute erronka. Proiektua gorpuzteko bide horretan, Intujaik bidelagun izan ditu Tolosako Udaleko Gazteria Saila, herriko hiru ikastetxeak eta Harizpe eta Iturritza erretirodunen elkarteak. Ixabel Agirresarobe kontalari usurbildarrak garai bateko istorio eta pasarteak ikertu eta jaso ditu erretirodunekin. «Helduentzat ere ariketa interesgarria izan da, memoria lantzeko eta aktibo mantentzeko balio izan duelako», azaldu du Gorostiagak.

Ipuinen aukeraketa bat egin eta gero, ikasleei kontatzeko prestatu dituzte. Agirresarobe bera ari da saioak dinamizatzen, eta bidelagun izan dituen erretirodunak ere parte hartzen ari da.

Ekintza gehiago

Martxoaren amaiera bitarte, emanaldi gehiago izango dira Ahoz Aho jaialdiaren barruan. Besteak beste, hilaren 27an, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta XIV. Ipuin narrazio lehiaketa egingo dute Ordizian. Hurrengo egunean, berriz, X. Euskal Kontalarien Topaketa egingo dute Intujai Espazioan. Egun osoko egitaraua prestatu dute; tartean, Kike Amonarrizek Urrezko Kalabaza jasoko du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!