Tolosaldeko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa jendetsua izan da. Ehunka lagun bildu dira Trianguloa plazan, eta handik abiatu da martxa, Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka lelopean.
Batumore batukadak eman dio hasiera manifestazioari. Musikarien inguruan ehundaka herritar bildu dira martxaren esperoan. Hortik Alde Zaharrera abiatu dira denak, eta kaleetan zehar bandera eta zapi moreak nagusi izan dira, baita aldarri mezuak ere: «Gora borroka feminista!», «Feminismoa klase borroka da!», «Feminismoa antifaxista da!», «Zaintza duina denontzat!» edota «Hemen gaude emakumeen alde!» bezalako aldarriak entzun ahal izan dira beste mezu askoren artean. Manifestazioak San Frantzisko pasealekutik barrena izan du jarraipena eta Trianguloa plazan amaitu da.
Munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi direla gogoratu dute, eta testuinguru horretan «sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde» borrokatzera atera direla kalera ere esan dute.
Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, asko izan dira azken urteetan martxan jarritako borrokak, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute, eta gizonak, patronalak zein agintariak seinalatu dituzte, besteak beste. «Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura».