2.880 euro, Zutanirentzat

Ataria 2026ko martxoaren 4a

Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ikasleek aste honetan eman diete abenduaren 31ko elkartasun krosean bildutako dirua Tolosako elkarteko ordezkariei.

Joan den abenduaren 31n, Samaniego Ikastetxeak eta Orixe institutuak elkarlanean antolatutako elkartasun krosa egin zen Tolosan. Ekimenak harrera bikaina izan zuen herritarren aldetik; korrikalari askok parte hartu zuen lasterketan, eta ibilbidearen bi bazterretan ikusle ugari elkartu ziren.

Urtero, elkartasuna helburu duen talde, elkarte edo erakunde bat laguntzen dute antolatzaileek, krosean bildutako diruarekin. Bada, azken edizioan bildutako dirua Zutani elkarteari eman diote, elkarteak egiten duen lan baliotsuari ekarpena egiteko asmoarekin. Aste honetan, Orixeko eta Samaniegoko hainbat ikaslek, bi ikastetxeetako ordezkariekin batera, 2.880 euroko txekea eman diete Zutani elkarteko ordezkariei.

Bi ikastetxeek eskerrak eman nahi dizkiete ekimenean parte hartu duten ikasle, irakasle, familia eta herritar guztiei. «Horrelako ekimenek balio hezitzaile handia dute, eta elkartasunaren eta gizartearekiko konpromisoaren garrantzia azpimarratzen dute», adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!