Nerea Murua eta Manex Civico izan dira azkarrenak

Ataria 2025eko abenduaren 31

XXVII. Elkartasun Kroseko podiuma June Sudupek eta Idoia Arrospidek eta Joseba Olaetxeak eta Elur Urkolak osatu dute.

Tolosako ikastetxe publikoetako kirol batzordeek, Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatuta, XXVII. Elkartasun Krosa egin dute. Ohi bezala, gaztetxoetatik hasi eta helduetara, ehunka herritarrek hartu dute parte, eta giro paregabea izan da.

Helduen mailan, Nerea Murua eta Manex Civico izan dira azkarrenak. June Sudupek eta Idoia Arrospidek osatu dute emakumezkoen podiuma eta Joseba Olaetxeak eta Elur Urkolak gizonezkoena.

Oso jendetsua izan da lasterketa, bai korrikalariei dagokienez, bai eta animatzera joan diren herritarrei dagokienez ere. Hala, kirola umorearekin uztartu da, parte hartzaile askok mozorrotuta egin dutelarik korri.

Eta elkartasuna ere bada ekimenaren helburuetako bat. Hain justu, dortsalen salmentarekin bildutako dirua Zutani elkartera bideratuko dute, pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen alde lan egiten jarrai dezaten.

Lasterketak amaitu ondoren sari banaketa egin dute Zerkausian. Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta sortutako trofeoak banatu dituzte. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte, eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu. Mozorrorik onenak ere saria izan du, eta parte hartzaile guztiek domina jaso dute.

Urtero kirolari bat omentzen dute Samaniegok eta Orixek, eta aurten, Manex Civico Urretabizkaia atleta tolosarrari egin diote aitortza, bere dedikazio eta ahalegin eta grina azpimarratuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!