M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2026

«Osasun arloko ikerkuntzan egitura sendo, egonkor eta iraunkorrak behar ditugu»

Jon Miranda Labaien 2026ko martxoaren 7a

Amaia Elizegi Agirre biokimikaria. J.M.

Alboko esklerosi amiotrofikoari (AEA) lotuta, Amaia Elizegi Agirre biokimikariak tesia aurkeztu zuen iaz eta Biogipuzkoan jarraitzen du gaia ikertzen. Osasunaren arloko ikerketan dauzkaten hutsuneen inguruan hitz egin du, emakume zientzialari gisa.

Amaia Elizegi Agirrek (Tolosa, 1996) uste du jende arruntak estimatzen duela osasunaren arloan dabiltzan ikertzaileen lana, baina eskertuko luke aitortza horrekin batera, baita erakunde publikoena ere.

EHUn biokimika eta biologia molekularraren gradua ikasi zenuen. Zergatik?

Batez ere kuriositateagatik. Ulertu nahi nuen zer gertatzen den gorputza gaixotzen denean, zer aldaketa izaten dituzten zelulek, adibidez, minbizia edo diabetesa garatzen dutenean. Nire jakin-mina ez zen hainbeste medikuek edo erizainek izan ohi dutena; gehiago zen ulertu nahia zer gertatzen zaigun gorputzaren barruan. Gero, noski, gaztetan fantasia hori izaten duzu, sendabide bat aurkitzearena. Errealitatea hori baino konplexuagoa da, ordea.

 

Esparru zabala hartzen du biokimikak. Zergatik hautatu duzu neurozientziaren bidea?

Graduan ez genuen gai hori asko landu, baina bazen zerbait kuriositatea pizten zidana. Global Training bekari esker, Berlingo ospitale unibertsitario batean egin nuen egonaldia, eta han gaiarekin harremana izan nuen. Orduan konturatu nintzen bide horretatik jarraitu nahi nuela. Zerbait berria ikasi nahi nuen, eta horregatik erabaki nuen neurozientziarekin lotutako master bat egitea Bartzelonan.

Zer ikasi zenuen han?

Vall d'Hebron ospitaleko ikerketa institutuan egon nintzen, eta han proiektu batean ari ziren diesel motorrek isurtzen dituzten partikulek gaixotasun neurodegeneratiboetan —iktusetan, adibidez— nola eragiten duten aztertzen. Gainera, kalte horiek erreparatzeko mekanismoak ikertu, eta ingurune kutsatu batean bizitzeak zer ondorio dituen ere aztertzen zuten. Jendeak pentsa dezake gauza abstraktuetan ibiltzen garela, baina askotan oso lan konkretu eta praktikoetan aritzen gara.

Biokimikan ikasketak egiten dituenak, ikerketaz gain, zein beste lan-aukera ditu?

Irakaskuntza da beste irteera bat: institutuetan edo Lanbide Heziketan irakasle izan zaitezke. Bestalde, sektore pribatuan ere badira aukerak. Gero eta industria bioteknologiko gehiago dago, eta enpresa horietan ikerkuntzan aritzen den jende asko dago.

Zalantza egin zenuen ikertzen jarraitu ala beste bide bat aukeratu?

Gradua amaitu eta gero ez nengoen erabat seguru zein bide aukeratu. Zientziaren mundua nahikoa sakrifikatua da eta lan dezente exijentea. Hala ere, Berlingo eta Bartzelonako esperientziak asko gustatu zitzaizkidan, eta horrek animatu ninduen ikerketa munduan sartzera.

Zein dohain behar ditu ikerlari batek?

Konstantea izatea. Lan luzea eta neketsua da; sakrifizio handikoa. Diziplinatua izatea garrantzitsua da, eta, horrekin batera, ilusioa ezinbestekoa dela iruditzen zait. Gustuz aritu behar duzu, ez baita dena arrosa kolorekoa. Nik bokazioz egiten dut lan hau. Gustatzen zait ikustea nire lanak paziente batzuen egoera konkretu batean aplikazio bat izan dezakeela. Gauza berriak ulertzen saiatzea eta aurrerapausoak ematen direla ikustea ere oso motibagarria da.

«Gustatzen zait ikustea nire lanak paziente batzuen egoera konkretu batean aplikazio bat izan dezakeela»

Biogipuzkoan hasi zinen lanean. Zein baldintzatan?

Han hasi eta berehala Eusko Jaurlaritzako beka bat eman zidaten. Lau urtetarako kontratua egin zidaten doktoretza tesia prestatzeko. Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA)  ikertzen jarduten dut. Talde zabalago baten parte naiz, eta bertako kideetako batzuk gaixotasun honen inguruan aritzen gara lanean.

«Lotura neuromuskularraren karakterizazioa alboko esklerosi amiotrofikoan: mekanismo patologikoen eta mikroinguruneko seinaleztapenaren asalduraren ikerketa» tesia aurkeztu zenuen iaz, lau urteko prestakuntzaren ondoren. Zein aspektu landu zenituen?

 

AEAren kasuan, gertatzen dena da borondatezko mugimenduak kontrolatzen dituzten neuronak hil egiten direla eta muskuluan atrofia handia gertatzen dela. Pazienteak mugimendu horiek galdu egiten ditu. Urte askotan hiltzen doazen neurona hauetan jarri da fokua, baina gero eta ageriagoa da muskuluek ere badutela protagonismoa gaixotasunean. Nolabaiteko eragina izan dezaketela dirudi, neuronen egoeraren okertzean harreman bat badagoela bi alde horien artean. Gainera, ikusten da askotan gaixotasunaren sintomak agertu aurretik aldaketa metabolikoak gertatzen direla; neuronak hil aurretik beste zelula batzuetan ere aldaketak sumatzen direla.

Doktoretza abiatu zenuenean zein zen zure hipotesia?

Nire asmoa neuronen heriotzaren eta muskuluen arteko harreman horretan gertatzen diren mekanismo endekatzaileei buruzko ebidentzia gehiago bilatzea zen. Horretarako esperimentu desberdinak proposatu nituen, horietako asko animalia modeloekin.

Ebidentziak topatu dituzu?

Hein batean bai. Lotura neuromuskular honetan neurona eta muskuluaren zuntzez gainera beste zelula batzuk ere parte hartzen dute, eta gure ikerketan ikusi dugu neuronak hil aurretik bertan aldaketa goiztiarrak agertzen direla. Gainera, muskuluak berak ere, egoera jakin batzuetan, konexio hori kaltetu dezakeela ikusi dugu. Dena den, nire tesia oso lan puntuala izan zen; nire tesia bezalako lan asko egiten dira beste laborategi batzuetan, eta guztien arteko lankidetzaren ondorioz ebidentzia sendoagoak sortzen dira.

Uste baino konplexuagoa da, hortaz.

Bai, hala da. Askotan erantzun azkarrak nahi izaten ditu jendeak, are azkarragoak gaixotasuna duenak. Baina gure prozesuak luzeak dira. Laborategian emaitza batzuk lortzen ditugunean, emaitza horiek aztertu eta komunitate zientifikoari transmititu behar dizkiegu, artikuluak publikatuz. Tratamendu batek zelula batzuetan eragin positiboa izan duela ikusten bada, modelo konplexuagoetan probatu behar da —in vivo, animalia modelo batean—. Eta horretan ere emaitzak positiboak balira, ondoren pasatuko ginateke entsegu klinikoetara. Bidea luzea da oso.

Endekapenezko gaixotasuna da AEA, oraingoz sendabiderik ez duena eta azkarra. Zeini eragiten dio gehien?

Gehienetan 55 urtetik aurrera diagnostikatzen da. Populazioa geroz eta zaharragoa denez, aukera gehiago dago horrelako gaixotasunak agertzeko; kasuen igoerak horrekin du zerikusia. 70 urte ingurura arte ohikoagoa izaten da gizonezkoetan, baina langa hori pasata proportzio antzekoan agertzen da gizonezko eta emakumezkoen artean. Oso gaixotasun agresiboa da: pazienteek hiru edo bost urte arteko bizi-itxaropena izaten dute, eta denbora gutxian endekapena handia da. Sendabiderik ez dagoenez, garapen azkarra moteltzeko tratamenduak ari dira ikertzen orain.

Zuen lana giltzarria da horretarako?

Esperantza horrekin egiten dugu lan. Gure ikerketa lerroek atea zabaltzen dute tratamendu berriak garatzeko; zergatik ez hartu muskulua itu bat bezala? Uste dut gure ekarpena egiten ari garela, etorkizunean pertsona batzuk bizi kalitate hobea izan dezaten. Pazienteak ere nahikoa kontziente dira: badakite beraiei ez zaiela iritsiko, baina borroka egiten dute etorkizunean gauzak hobetzeko. AEA duten gaixoen elkarteko kideak oso aktiboak dira eta haien presioari esker 2024an legea onartu zen Espainiako Kongresuan. Komunitate oso inplikatua da.

Ezagutzen al da gaixotasuna gizartean?

Pixkana-pixkana ari dira euren errealitatea jendartean zabaltzen. Duela urte batzuk Ice Bucket Challenge izenekoa egin zuten, eta horrek ikusgarritasun handia eman zien. Izotz kubo bat gainetik botatzen dugunean bezala, pazienteak izoztuta geratzen dira diagnostikoa jasotzen dutenean: paralizatuta, eta nora jo ez dakitela.

Badakite zeintzuk diren gaixotasuna eragiten duten faktoreak?

Faktore eragileak oso zabalak dira. Kasuen 
% 10ean da soilik familiatik jasotako mutazio baten ondorioz. Teoria ezberdinak daude honen inguruan: kausa genetikoak jasotakoak edo norberak garatutako mutazioak izan daitezke; ingurumen faktoreek ere gaitza edukitzeko probabilitatean eragin dezaketela uste dute; eta badaude ikerketak esaten dutenak muskuluaren erabilera oso handiak muskuluaren metabolismoa alteratu dezakeela, eta, ondorioz,gaixotasuna garatzeko aukera handitu dezakeela. Gaixotasuna garatzen dutenek, ziurrenik, denen arteko nahasketa izango dute.

«Proiekturako finantziaziorik ez badago, edo nik finantziazio propioa lortzen ez badut, ezingo dut lan honetan jarraitu»

Zuk Biogipuzkoan jarraitzen duzu. Epe luzerako izango duzu lana?

Orain doktoretza osteko kontratu bat daukat, eta oraingoz ez daukat beste bekarik. Postua ziurtatzeko, idealena beste beka bat eskuratzea litzateke. Bekak lehiakorrak izaten dira eta merituak eta proiektu bat aurkeztu behar izaten dituzu. Oraindik ez naiz prozesu horretan sartu; printzipioz, laborategi berdinean jarraitzeko asmoa dut. Ni aritzen naizen lantaldeak proiektu batzuk dauzka, finantzatuta daudenak, eta diruaren zati bat pertsonala kontratatzeko erabiltzen da. Hiru urtetarako kontratu bat dut, baina dena inkognita da. Proiekturako finantziaziorik ez badago, edo nik finantziazio propioa lortzen ez badut, ezingo dut lan honetan jarraitu.

Egonkortasun handiagoa beharko zenukete?

Bai. Zure lanpostua bermatzeko, proiektu bakoitzerako finantziazioa lotu edo beka bat eskuratu behar duzu. Mundu oso lehiakorra da. Zerbait berritzailea, inpaktua duena, eta pazienteetan aplikazio zuzena duena aurkeztu behar duzu. Kontua konplikatu egiten da, ez diogulako egunero ikertzeari edo esperimentuak egiteari uzten. Doktore ondorengo ikertzaileentzako epe-muga bat dago; epe hori igarota, talde-buru hasten zara edo ez duzu ikerkuntzaren munduan leku handirik. Tristea da.

Nola antolatzen zarete ikerketa taldeetan?

Talde batean, ikerketa buru bat edo pare bat egoten dira. Haien azpian ikerlari doktoretza ondokoak daude, eta, haiekin batera, tesia prestatzen ari ikasleak. Baina ikerketa talde hauetan, sostengu bezala jende gehiagok hartzen du parte: lab-manager deitzen zaienak eta teknikariak. Hori da egitura; gure taldean, 15 lagun inguru izango gara. Baina Biogipuzkoan beste talde asko daude, gehienbat osasunarekin lotutakoak: minbizia ikertzen dutenak, bio-ingeniaritzakoak... Hori guztia sostengatzeko finantziazio handia behar da, laborategiko materiala eta esperimentuak oso garestiak baitira.

Tristea da, baina talde buruek denbora gehiena ematen dute, proiektuak idazten, laguntza eskaerak kudeatzen, lantaldeak antolatzen. Horretan, energia asko gastatzen dute. Sistema planteatua dagoen bezala, ez dago nahikoa finantziazio egitura sendo, egonkor eta iraunkor bat mantentzeko. Eta guk, justu, lan egiteko horixe behar izaten dugu zientzia arloan: egonkortasuna, sendotasuna, ziurtasuna eta lasaitasuna.

Non ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?

Nire helburua ez da goraino iristea. Oraingoz doktoretza ondorengo ikerlari bezala jardungo dut; izan ere, talde buru izateko aukera horrek ez nau hainbeste tentatzen; ez dut neure burua ikusten kudeaketa arlo horretan. Niri zientzia egitea gustatzen zait: laborategian esperimentuak egitea eta emaitzak aztertzea. Ikusiko dugu zenbat denboraz jarrai dezakedan modu horretan. Momentuz, ez dut irakaskuntzan jardutea baztertzen, eta horretarako master bat egiten ari naiz orain. Gustuko dut dibulgazioa.

Tesia ingelesez eta euskaraz aurkeztu zenuen. Zergatik hautu hori?

 

Tesia nazioartekoa izan zen, baina bi hizkuntzetan egitea erabaki nuen. Gradua euskaraz egin nuen, baina handik aurrera nagusiki ingelesez edo gaztelaniaz aritu naiz nire ibilbidean. Laborategian jende askorekin euskaraz aritzen naizen arren, komunikatzeko modua normalean beste hizkuntzetan izaten da. Hasieran, tesian, terminologia batzuk menderatzea kosta zitzaidan. Baina uste dut garrantzitsua dela zientziaren arloan euskara bultzatzea. Dibulgazio ekintzak egiten ditugunean ere, saiatzen naiz euskaraz egiten.

Zure sektorean emakume askok egiten du lan?

Gure taldean, emakumezkoak % 60 inguru gara. Osasun ikerkuntzan, emakume presentzia gizonezkoen adinakoa da, eta zenbait kasutan handiagoa ere bai; beti ere maila baxuetan, ikertzaileei begiratuta. Postu altuetan emakume gutxiago egoten da. Kongresuetan edo ebaluazio batzordeetan nabarmenagoa izaten da, oraindik askotan gehiengoa gizonezkoak direlako. Promoziorako zailtasun handiagoak ditugu; batzuetan sistemak berak zailtzen du. Osasun ikerkuntzan, dena den, emakume dezente gaude; ingeniaritza, matematika edo informatika sailetan, emakumeen presentzia askoz baxuagoa da.

Ikusgaitasuna eman behar zaio emakume zientzialariari.

Bai. Ikusarazi behar da emakumeen presentzia zientzian. Guk nahi genuke jendea zientziara gerturatzea, bereziki neska gazteak. Neska gazteek kuriositatea badute, baina gero erreferenteak falta zaizkie. Estereotipoek esaten dute jende arraroak garela, baina ez da horrela; ikus dezatela jende normala garela. Nire adibideak horretarako balio izatea espero dut.

Beste zerbait gehitu nahi?

Nik ikasketa guztiak publikoan egin ditut, eta beka publikoak jaso ditut. Badakit nigan inbertsio bat egin dela. Etekina ateratzea gustatuko litzaidake, edo behintzat alferrik galtzen ez uztea. Instituzio publikoetatik finantziazio handiagoa behar dugu soldata duinagoak izateko eta gure lanpostuetan egonkortasuna bermatzeko. Ikerketa zentroek sostengu handiagoa behar dute, eta egitura sendoagoak sortu behar dira. Badakigu ez dugula aberastasun edo etekin ekonomikorik sortuko, baina gure gizarterako aurrerakuntzan ari gara lanean, eta horrek ordaina merezi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!