Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, zortzi hitzorduko egitaraua osatu dute Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Asanblada Feministak, elkarlanean.
Aurtengo berrikuntza nagusia Tolosako kale izendegia eguneratzeko proposamen bilketarena da. «Kaleetako plaketan agertzen diren izen propio gehienak gizonenak dira oraindik, eta gure herrietako bizitza kultural, sozial, zientifiko edo politikoan ekarpen handiak egin dituzten emakumeak eta haiek betetako lanek ikusezin izaten jarraitzen dute», adierazi du udalak.
Tolosak leku gutxi ditu emakumeei lotutako izenekin: Emakumeon plaza, Maria Luisa Agirre doktorearen plaza, Izaskun auzoa... Gizonezkoen izen-abizenekin, berriz, gehiago daude. Persona zehatz baten izenak dituzten kaleen kasuan, esaterako, agerikoa da desoreka: hamabost gizon eta emakume bat.
Udalak adierazi du kaleei, plazei edo zubiei emakumeen izenak, emakumeek betetako lan eta lanbideen izenak nahiz emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapen egunen izenak jartzea «erreferenteak aitortzeko eta historia osoago bat kontatzeko modu bat» dela. Horregatik, «oroituak izatea merezi duten horien izenak» proposatzea eskatu die herritarrei: arrastoa utzi zuten herritarrak, pertsonaia historikoak, artistak, zientzialariak, kirolariak, ekintzaileak edo emakume-taldeak.
Gaur gaurkoz, izenik ez duten zortzi kokaleku izendatu nahi dituzte prozesu honen bitartez:
- Belate eta Arramele auzoen arteko zubi berria.
- SAM zubia bezala ezagutzen dena —hori goitizena da; ez du izen ofizialik—.
- Zubiberritik Berazubi auzora doan ibai ertzeko pasealekua.
- Usabalen, kiroldegirako sarrera-irteera egiteko zubia.
- Zumardiandiko oinezkoen zubia, autobideko zubibidearen azpian dagoena.
- Larramendi kaleko plaza nagusiaren izena.
- Alde Zaharreko bi pasadizo:
- Plaza berria eta Rondilla kalea lotzen dituena.
-
Rondilla kalea eta Aroztegieta kalea lotzen dituena.
Herritarrek martxoaren 8tik 30era arte izango dute aukera proposamenak bidaltzeko; oroposamena egitearen arrazoia ere adierazteko aukera izango dute. Horretarako, Erabaki plataforma erabili beharko dute. Proposamen guztiak jaso eta gero, Euskara Saileko eta Berdintasun Saileko kideek zerrenda aztertuko dute, hala nola, izenaren zuzentasun gramatikala eta ortografikoa, izen-abizenen erabilera egokia edo azken zerrendan profil aniztasuna sustatzen dela bermatzeko.
Zerrenda hori Berdintasun Kontseilura eramango da eta bertan bozkatuko dituzte proposamenak. Berdintasun Kontseilua emakumeen parte-hartzea bultzatzeko eta berdintasunaren arloko erabakiak hartzeko prozesuan eragiteko beharrezkoak diren mekanismoak eta bideak ezartzen dituen partaidetza-organoa da. Tolosan emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakunde, talde, kolektibo zein emakume indibidualek parte hartu dezakete Berdintasun Kontseiluaren edozein bileretan.
Gainerako ekitaldiak, bihartik aurrera
Gainerakoan, bihar abiatuko da martxoaren 8aren bueltako egitaraua, Hamar marra liburuaren aurkezpenarekin; 18:00etan izango da Andragoran. Ostiralean, martxoak 6, 20:00etan hasita, Olatz Salvador musikariak Zainak eman bere azken diskoa aurkeztuko du Leidor aretoan. Hilaren 16an, berriz, Ama Sarearen saio berezia izango da Andragoran, amatasuna eta sexualitatea hizpide hartuta; 18:00etan izango da.
Hiru ikus-entzunezko ikusteko aukera ere egongo da. Martxoaren 6an, 18:30ean, Neska ezkertiar filma proiektatuko dute Altzoko Batzarremuño kulturgunean. Hilaren 23an, Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga dokumentala emango dute Andragoran; 18:00etan izango da. Leku berean, baina hilaren 25ean eta 17:00etan, Las voces invisibles dokumentala proiektatuko dute. Emanaldi bakoitzaren ondoren, solasaldi bana egingo dute.
Martxoaren 8an, igandea, izango da ekitaldi nagusia. Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Asanblada Feministak manifestazioa antolatu dute, ‘Beste mundu bat feminismotik. Frente a los sistemas de dominación: lucha y organización’ lelopean. 19:00etan abiatuko da Trianguloa plazatik.