Abian da Tolosako I. Zaintza Plana sortzeko prozesua

Ataria 2026ko otsailaren 24a

Topic-en aurkeztu zuten diagnostikoa iaz; irudian, Lidia Hernandez Daiteke Gizarte Aholkularitzako berdintasun teknikaria eta Goiuri Ezeiza zinegotzia, azterlana eskuetan duela. JOSU ARTUTXA

Zaintza Diagnostikoak hiru esparru zehazten ditu, eta bakoitzeko bina saio antolatu dituzte, elkar entzuteko eta hausnarketa partekatzeko.

Herri zaintzaile bihurtzeko prozesuan beste aurrerapauso bat eman du Tolosak. Iaz Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostikoa aurkeztu zuten, eta egindako lanketaren ondorioetatik abiatuta, orain, Tolosako I. Zaintza Plana sortzea da helburua, baita zaintzaren arloan lan egiten duten eragileekin koordinazio egitura bat sortzea ere.

Udalak adierazi du ikuspegi parte-hartzailearekin izango duela prozesuak; horretarako, zaintzaren ekosistema osatzen duten eragileak batu nahi dituzte. «Tolosak komunitate indartsua du kohesio soziala eta elkartasuna sustatzen duten eragile askorekin, zaintza kezka iturri dutenak. Hala ere, gaur egungo gizarte aldaketa sakonek eta zaintza esparruan antzematen diren jardun desegokiek gizarte eragile publiko, komunitario eta ekonomikoen arteko estrategia bateratua eskatzen dute», azaldu du udalak.

Saretze hori landu eta aurrera begira oinarri bat sortzeko, Zaintza Diagnostikoak hiru esparru zehazten ditu, eta bakoitzeko bina saio antolatu dituzte, elkar entzuteko eta hausnarketa partekatzeko. Honakoak dira saioak:

  • Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintza
    • Apirilak 13, astelehena. 10:00-12:00. Gazte Topagunea (kultur etxea).
  • Haur eta nerabeen zaintza
    • Martxoak 2, astelehena. 17:00-19:00. Gazte Topagunea (kultur etxea).
    • Apirilak 20, astelehena. 17:00-19:00. Kultur etxeko areto nagusia.
  • Zaintzaileen zaintza
    • Martxoak 9, astelehena. 17:00-19:00. Gazte Topagunea (kultur etxea).
    • Apirilak 27, astelehena. 17:00-19:00. Gazte Topagunea (kultur etxea).

*Saio guztiak euskaraz izango dira, baina guztietan izango da gaztelaniara itzultzeko zerbitzua.

Zaintzaren alorreko profesional, elkarte, boluntario eta erakundeez gain, interesa duten norbanako orok parte hartu dezake saioetan. Izena emateko hiru bide daude: galdetegi hau bete, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 654 466 telefonora deitu (121 luzapena).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!