Geroz eta haur gutxiago jaiotzen da, eta biztanleria geroz eta zaharragoa da, eta gehiago bizi da. Azken hamarkadatan aldatu ez den errealitatea da hori, eta gizartean eragin handia du. Adinekoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta horrekin batera, haiek zaintzeko beharrak. Etorkizunean eskaria handiagoa izango da sektorean, eta gaur egun, oraindik ez da nahikoa dauden baliabideekin. Testuinguru horretan, Tolosako Udalak Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostiko Partekatua burutu du, Daiteke Gizarte Aholkularitzarekin batera. Herriko zainketa beharren egungo egoera, etorkizuneko erronkak eta sektorean aritzen diren eragileen mapa biltzen ditu.
Diagnostikoak jasotako datuek erantzunak eskatzen dituen errealitate demografikoa islatzen dute: 2023ko datuen arabera, Tolosako biztanleriaren %22,82 65 urte edo gehiagokoa da. Zahartze Aktiboaren Indizeak emakumeei eragiten die bereziki –%14,08–; gizonak %9,24 dira. Gainera, emakumeak gehiengoa dira bakarrik bizi direnen edo ordaindu gabeko zaintza-lanak egiten dituztenen artean. Etxebizitzen %28 pertsona bakar batek okupatzen du, eta bakarrik bizi diren 80 urtetik gorakoen %80 emakumeak dira. Bestetik, Tolosako biztanleen %19,65 bakarrik zen 20 urtetik beherakoa. «Horri gehitu behar zaio jaiotza-tasaren jaitsiera eta familia-egituren aldaketak. Faktore horiek gero eta presio handiagoa eragiten dute zaintza sisteman», nabarmendu du udalak.
2030era arteko proiekzioek adierazten dute mendekotasun aitortua duten pertsonen kopuruak gora egingo duela –29.609tik 32.181era Gipuzkoan–. Gaur egun, Tolosan, biztanleen %5,4k mendetasun-egoera aitortua du, batez beste 76 urte ditu eta profil oso feminizatua du. Egoera horrek, zerbitzuak zabaltzea eta egokitzea eskatuko duela esan du udalak, hala nola, egoitzak, eguneko zentroak, etxeko arreta, osasun mentaleko zerbitzuak eta bizitza independenterako laguntzak.
Lankidetzan gauzatua
Zeharkako partaidetza-prozesu baten emaitza da diagnostikoa. Metodologia partekatua jarraituz garatu dute, udal sail batzuen, zenbait gizarte eragileren eta, bereziki, askotariko errealitateetatik zaintzan aritzen diren pertsonen artean, lankidetzan. Udalak gaineratu du ikuspegi feminista eta intersekzionalarekin gauzatu dutela, «zainketak bizitzaren sostenguaren oinarri gisa eta erantzunkidetasuna eskatzen duen eskubide kolektibo gisa aitortuz». Generoaren ikuspegiarekin batera, klase sozialak, jatorriak, etniak eta adinak ere kontuan hartu dituzte, zaintzaren inguruko baldintzak eta aukerak nola baldintzatzen dituzten aztertzeko.
Herritarren %22ak 65 urtetik gora ditu, eta %5,4k mendetasun-egoera aitortua du
Herriko haurrek ere ikerketan ekarpenak egiteko tartea izan dute; izan ere, ikasturte honetan, zaintza jorratu dute Haurren Hiria proiektuan, beren ikuspegitik beharrak identifikatzeko asmoz.
Diagnostikoak, halaber, barne hartzen du Tolosako Zaintza Ekosistemaren Mapa osatua. Honek, dimentsio ezberdinetan udalerriak dagoeneko eskaintzen duen baliabideen sare zabala islatzen du. Besteak beste, udalak eta bestelako erakunde publikoek abian jarritako proiektuak nahiz komunitate eragileek garatutakoak topatu daitezke.
Emakumeak, eta atzerritarrak
Ikerketak agerian uzten du sektorean gero eta handiagoa dela feminizazio handia. Zaintza profesionaletan zein etxekoetan, emakumeak dira nagusi; gizonen presentzia, berriz, «oso mugatua» da oraindik. Tolosan, zaintza sektorean kontratatutako langileetatik 285 –%90– emakumeak dira. Testuinguru horretan, ikerketak adierazten du nabarmen egin duela gora sektorean lan egiten duten emakume atzerritarren kopuruak. Tolosako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, berriz, langileen %45 atzerritarrak dira, horietako asko, hego amerikarrak.
Azterlanak, gainera, lantoki dituzten etxeetan bizi diren etxeko langile askoren egoera «bereziki ahula» salatzen du, «kasu askotan, egoera administratibo irregularrean» daudelako. «Lanaldi luzeak, atsedenaldirik eza eta soldata baxuak ohiko baldintzak dira, lege-babesik ezak larriagotzen dituenak». Era berean, diagnostikoak adierazten du zaintzaren ardura familiena dela gehienbat, eta horien barruan, batez ere emakumeena. «Modu horretan betikotu egiten da bidezkoa ez den zaintza-eredu bat».
Gainera, sektorea erregularizatzeko eta profesionalizatzeko oztopoak identifikatu dituzte udalak eta Daitekek. Gipuzkoan prestakuntza-aukerak badaude ere, lan-ordutegi luzeekin duten bateragarritasuna «mugatua» dela azpimarratzen du diagnostikoak.
Tolosako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, langileen %45 atzerritarra da
Bi urterako plangintza
Diagnostikoa kontuan hartuta, epe laburrera begira, erronka bat du udalak: Tolosak zaintzaren alorrean dituen baliabide guztiak saretzea. Horretarako, zaintza mahaia sortu asmo dute; datozen hilabeteetako «mugarri garrantzitsua» izango dela nabarmendu dute. Bertan, alor ezberdinetako eragileek parte hartzea aurreikusten dute, gobernantza ereduan ekintza komunitarioa sustatuz. Udalak herritar orori dei egiten dio zaintza mahai horretan parte hartu dezaten.
Mahaiaren ibilbide-orria izango den zaintzaren inguruko bi urterako plangintza zehaztea izango da hurrengo pausoa. 2027an, landutako plangintza horren nondik norakoak partekatuko ditu zaintza mahaiak herritarrekin.
Migrazioa, etorkizuneko faktore
Ikerketak nabarmentzen duenez, migrazioak «funtsezko zeregina» izango du datozen urteetan oreka demografikoan eta zaintza sistemari eusteko helburuan. Gaur egun, tolosarren %12 atzerritarrak dira, eta 25-44 urte bitartekoak dira nagusi. Hala ere, biztanleriak mendetasun- eta desgaitasun-balorazioak eskuratzeko dituen oztopoez ere ohartarazten du azterketak, batez ere, administrazio-egoera irregularreko kasuetan.