Itaiak deituta mobilizazioa egin dute gaur, Tolosan. Eskualdean izandako azken sexu erasoa, eta Sarrigurenen izandako erailketa matxista salatu dituzte. Izan ere, atzo iluntzean gizonezko batek 28 urteko emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen Sarrigurenen (Nafarroa). Hilketa 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxebizitza batean; gizonezkoak labanaz eraso zion bere bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan direnean bizirik bazen ere, ezin izan dute emakumea suspertu. Euskal Herrian aurten gertatu den lehenbiziko hilketa matxista da.
Itaiak esan du horrelako gertakariak «izugarri hedatzen eta zabaltzen» ari direla, «baita horien normalizazioa eta inpunitatea ere». «Ezin aipatu gabe utzi Tolosan erasoa jasan zuen emakumea gertakaria isilpean gordetzea behartu zuela erasotzaileak. Horrela, erasoa inpunitate osoz gauzatuz».
Matxismoak emakumeen bizitza egunero kolpatzen duela esan dute, «are gehiago, egoera zaurgarrian bizi diren emakume langileen bizitza. Egoerak okerrera egin du eta horren aurrean kalean desmobilizazioa eta erasoen normalizazioa dira nagusi. Honek erasoen inpunitatean sakontzen du. Guk, argi daukagu matxismoaren kontra jarrera irmoa erakutsiko duen eta eraso ororen aurka mobilizatuko den jendartea eraiki nahi dugula, eta horretan lan egiten dugu egunero».
Martxoak 8 ate joka dagoen honetan euren aldarria egiteko baliatu dute hitzordua: «Emakume langileok askatzeko eta honen aurpegietako bat den matxismoarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza da bide bakarra». Hori egiteko, ordea, «gure zapalkuntza etengabe erreproduzitzen duen» sistema kapitalista irauli behar dela eta «zapalkuntzek tokirik izango ez duten gizarte sozialista bat» eraiki behar dela esan dute.