Ertzaintzak asteazkenean jakinarazi zuen gizonezko bat atxilotu zuela urtarrilean Tolosan izandako sexu eraso bati lotuta. Ertzaintzak esandakoaren arabera, gizonezkoak emakumeari lana eskaini zion, eta ondoren, eraso egin zion bere establezimenduko garbitzaile gisa lanean ari zela. Tolosako Asanblada Feminista kalera atera da beste behin, azken eraso matxista salatzeko. Nabarmendu dute hau ez dela kasu isolatu bat, eta sistema patriarkalak ahalbidetzen dituela gisa honetako ekintza deitoragarriak. «Emakumeen aurkako erasoak egiturazkoak izanik, horiei aurre egiteko, gizarte osoaz gain, erakunde eta arduradun politikoek ere agenda politikoan lehentasunezko gai kontsideratu behar dituzte».
Gogoratu dute eskualdean izandako azken eraso honetan erasotzaileak lan harreman hutsa behar zuenaz probestu zela: «Botere harreman argia modu okerrenean erabili zuen. Baina ez gaitezen nahastu, berriro diogu: hau ez da modu indibidualean eta isolatuan ulertu behar».
Nahikoa dela esan dute, beste behin, eta gaineratu dute ez dutela onartuko mehatxupean bizitzerik eta beldurrak beren bizitzak iluntzerik, «aurre egingo diogu eta gertatzen den aldiro salatu egingo dugu». «Zenbat emakumeri* urratu behar zaizkie beren eskubideak emakumeak izateagatik edo arau heteronormatiboak ez jarraitzeagatik? Mugimendu feministatik gure babes eta elkartasun guztia eskainiko diogu bortxakeria matxistaren biktima den orori».
Bukatzeko esan dute ez direla kikilduko, eta espazioak, lanpostuak, eta lekuak okupatzen jarraituko dutela, «aske bizi eta mugituko gara». «Gora borroka feminista» esanda txalo artean bukatu dute elkarretaratzea.