Ertzaintzak asteazkenean jakinarazi zuen gizonezko bat atxilotu zuela urtarrilean Tolosan izandako sexu eraso bati lotuta. Ertzaintzak esandakoaren arabera, gizonezkoak emakumeari aurretik lana eskaini zion eta gero eraso egin zion establezimenduko garbitzaile gisa lanean ari zela.
Eskualdean izandako azken sexu eraso «larria» salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur eta bihar. Gaur Tolosako Asanblada Feminista aterako da kalera; 19:00etan elkartuko dira Trianguloa plazan. Itaia antolakundea bere aldetik, bihar mobilizatuko da, 12:30ean Trianguloa plazan.
Udalaren adierazpena
Tolosako Udalak ere irmoki salatu du erasoa: «Zoritxarrez eraso hauek isolatuak izaten ez direnez, beste behin ere gure gaitzespena adierazi nahi dugu eta herritarrei eskatzen diegu honen aurrean egingo diren mobilizazio eta deialdietan parte hartzeko, herri gisa kolektiboki erantzun dezagun. Ozen aldarrikatzen dugu jarrera hauek lekurik ez dutela, ez herrian, ez beste inon».