Alboradaren ostean, Dianaren txanda izan ohi da. Horretarako, zezen plazarako bidea hartu dute inauteri zale ugarik, eta kalejiran joan dira Tolosako txarangen laguntzaz. Urdiña Txiki, San Esteban, Sukalde, Arco Iris eta Kabila txarangak izan dira, besteak beste, zezen plazarako bidea alaitu dutenak. Hala, Trianguloa plazatik igaro ostean, San Frantzisko pasealekuan barrena ibili dira, eta tartean esnatu berri diren herritarrak gehitu zaizkie.
Zezen plazan, parranda zaleak bildu dira batetik, eta goizean zezenetara joateko esnatu direnak bestetik. Inauteri zale ugarik bete dituzte harmailak eta txarangen doinuekin kantuan eta dantzan aritu dira. Plazan, berriz, ausartenak zezenaren aurrean jartzera animatu dira eta batzuk errekortari moduan ere aritu dira.