Asteartita 26

Festarekin ezin amaitu

Leyre Carrasco 2026ko otsailaren 17a

Udaletxeko arkupetan gosaltzeko bildu dira inauteri zale ugari; brigadako udal langileek anisa eta gailetak eskaini diete, txistulariek giroa alaitu bitartean.

Inauterietan festak ez du etenik, eta horren erakusle da Asteartita egunean ospatzen duten alborada. Astelenita egunari oraindik amaiera eman ez dien parranda zaleak eta Asteartita eguneko goiztiarrak biltzen dituen hitzordua izan ohi da, eta hori jarraituz bildu dira goizean inauteri zale ugari.

Udaletxeko arkupean elkartu dira, eta bertan, brigadako langileek emandako gosaria dastatzeko aukera izan dute; anisa eta gailetak. Tolosako Udal Txistulari Bandak goizeko 06:00etan jo dituzte alboradako lehen notak eta horiek entzutearekin batera saltoka hasi dira denak, anis edalontzia eskuan eta gailetak ahoan zituztela.

Alborada bukatuta, Berdura plazara joan dira txistulariak, eta hortik Gorriti plazara. Herritarrak, berriz, batzuk etxerako bidea hartu dute eta beste batzuk zezen plazarakoa, txarangak bidea girotu bitartean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!