Jatorrizko norabidea berreskuratuko du San Joan kaleak

Ataria 2026ko otsailaren 10a

San Joan kaleak orain duen norabidea.

Sei hilabetez aldaketa aztertu ondoren, lehengo norabidea eraginkorragoa dela ondorioztatu du udalak. Ostegun goizeko lehen orduan egingo dute aldaketa, eta sortutako aparkaleku gehienak mantenduko dituzte.

Ostegunetik aurrera, aurretik zuen norabidea izango du Tolosako San Joan kaleak autoentzat, San Esteban auzoa eta Gernikako Arbola Lorategiak kalea elkartzen dituen zatian. Uztailean aldatu zuen norabidez udalak, eta sei hilabetez aldaketa aztertu eta gero, ondorioztatu du eraginkorragoa zela aurretik zegoen norabidean.

Ander Figuerido hirigintza zinegotziak azaldu du zergatik berreskuratuko duen lehengo norabidea: «Aldaketa proposatu zenean, irizpideen arteko talka zegoen udal barruan; ikuspegi kontrajarriak zeuden. Azkenean aldatzea erabaki genuen, aldatu gabe ezingo genukeelako ehuneko ehunean frogatu bere eraginkortasuna. Argi ikusi da, ordea, hobe dela lehengo norabidea».

Ostegunetik aurrera egongo da kalea jatorrizko norabidean, hain justu, 09:00etatik aurrera. San Estebanetik anbulatoriorako noranzkoa izango du berriro. Gernikako Arbola Lorategiak kaletik San Estebanera autoz joateko, berriz, Batxiler Zaldibia kalea erabili behar dute herritarrek.

Aldaketarekin sortu zituzten aparkaleku gehienak, ordea, bere horretan mantenduko dira. Lau leku kenduko dituzte, Gernikako Arbola Lorategiak kalean, anbulatorioaren ondoan sortu zituztenak. Hain zuzen, ostegun goizerako lau aparkaleku horiek libre uztea eskatu du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!