Otsailaren 18an hasiko dira eraikitzen Amarozko etxebizitzak

Ataria 2026ko otsailaren 6a

Amarotz auzoko pilotalekutik Txarama aldera doan eremua itxiko dute, otsailaren 18tik aurrera, etxebizitzak eraikitzeko.

Otsailaren 18an hasiko dituzte Amarotz auzoan alokairuko babes ofizialeko 192 etxebizitzak eraikitzeko lanak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Visesa erakunde publikoak sustatuta, Tolosako Udalaren laguntzarekin. Obra lanetarako, halabeharrez, bide publikoa okupatuko dute lanek irauten duten bitartean. Hain zuzen, Amarozko frontoiaren paretik Txarama aldera doan zatia erabat itxiko dute eta ezingo dira aparkaleku horiek erabili. Antolaketa horrekin, obrako ibilgailuek Txarama aldeko sarreratik egingo dituzte sartu-irtenak, Amarotz auzoa zeharkatu behar izan gabe, auzotarrei eragozpenak murriztearren.

Auzotik gertuen dagoen eremua libre geratuko da, auzotarrek erabil dezaten, baita ibaiaren ondoko pasealekua ere, 1,5m estutuko den arren, segurtasunagatik, itxitura egin ahal izateko.

Datozen egunotan eremua prestatu, aurretiazko lan batzuk hasi eta itxiturak jartzeari ekingo diote, eta otsailaren 17ra arte, Asteartita egunera arte, hain zuzen, zabalik izango da. Hilaren 18tik, Hausterre egunetik aurrera, ordea, itxi egingo dute eremua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!