Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila otsailean hasiko da Tolosako Amarotz auzoan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen. Exekuzioa Construcciones Sukia Eraikuntzak egingo du 24.247.767,21 euroko (gehi BEZa) aurrekontuarekin (eraikuntza, lotutako urbanizazioa eta deskontaminazioa), eta 34.765.862,94 euroko inbertsioarekin, eta 24 hilabeteko iraupena izango du.
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak adierazi du kontratua abenduaren 10ean sinatu zutela Visesak eta enpresa esleipendunak. Lanak datorren hilabeteko lehen hamabostaldian hasiko omen dira, zuinketa akta sinatu ondoren. «Aurreikuspenen arabera, 2028ko bigarren seihilekoan entregatuko zaizkio etxebizitzak Alokabideri». Guztira 192 etxebizitza eraikiko dituzte.
Etxebizitzak eraikitzearekin batera ibai-ingurunea birnaturalizatuko dute, Araxes ibaiarekiko lotura berreskuratu, ibaiertzeko pasealeku bat sortuko dute, erabilera publikoko espazio libreak birkonfiguratuko dituzte, eta Amarotz kalean zeharreko berdegune berriak eta funtzio anitzeko aparkalekuak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzak esan du gune horiek, aparkaleku-premiak konpontzeaz gain, jolas eta kirol jarduerak hartuko dituztela. «Hirigintza-operazio integrala da; hala, fabrika-instalazio zaharrak behin betiko ezabatzen ditu, lurzorua deskontaminatzen du eta udalerrian erabat integratuta egongo den bizitegi-auzo berri baten oinarriak ezartzen ditu».
Sailburuak azpimarratu du jarduera horrek Tolosarako eta Eusko Jaurlaritzaren estrategia orokorrerako duen garrantzia: «Tolosan eraikiko ditugun 192 etxebizitzak Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hitzemandako 7.000 etxebizitzen parte dira». Sailburuaren arabera, «jarduera honek historikoki degradatuta egon den industria-esparru bat berreskuratzea, ibai-ingurune bat birnaturalizatzea eta gehien behar duten pertsonei etxebizitza duin eta eskuragarria eskaintzea ahalbidetzen du».
2.1 partzelan alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza
Etxebizitzek Amarotz paper-fabrikako 20.1 esparruko 2.1 eta 2.2 partzeletan dauden bi sustapenetan banatuta egingo dituzte. Lehenengo sustapena 2.1 partzelan dago, eta alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza izango ditu —Alokabidek kudeatuko ditu—. Egikaritze proiektua eta obra-zuzendaritza Pedro Apaolaza y Asociados enpresarenak dira. Proiektuak bi bloketan antolatutako eraikuntza bat proposatzen du, L bat osatuz, partzelaren zati bat liberatuz eta barruan egoteko eta sarrerarako espazioak sortuz.
Multzoak sotoko bi solairu izango ditu, garajeetarako —sarrera Amarotz kalean—, eta beheko solairu bat, bi atari independenterekin. Horien gainean bederatzi solairu egingo dira, honela banatuta:
- Logela bateko 30 etxebizitza
- 2 logelako 65 etxebizitza, horietatik 5 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak
- 3 logelako 16 etxebizitza
Arkitektura diseinuari esker, neguan eguzkiaren indarra baliatzen du, eta udan eguzkiaren erradiaziotik babesten du hegalen eta terrazen bidez. Fatxada aireztatua egongo da, eta aluminiozko xafla profilatuz eta konposite-panelez amaituko da, artile mineralezko isolamenduarekin; egitura, berriz, lauzazko zimenduekin eta hormigoi armatuzko forjaketekin egingo dute.
Itxasok zehaztu duenez, «instalazio termikoa % 100 elektrikoa izango da, eta banakako erradiadoreak, aerotermia sistemak eta estalkiko panel fotovoltaikoak izango ditu, ur bero sanitarioa produzitzen laguntzeko». Sustapen horretan, eremu horri lotutako urbanizazioa ere sartzen da; urbanizazio horrek eremuaren barrualdea Araxes ibaiertzeko pasealekuarekin lotuko du.
2.2 partzelan alokairuko babes ofizialeko 81 etxebizitza
2.2 partzelan 81 etxebizitza egingo dituzte. Bi eraikin independente izango dira. Obraren Egikaritze Proiektua eta Zuzendaritza WARQS oficina de arquitectura SLP enpresari eman diote. Kasu honetan, programa bi eraikin independentek osatzen dute: bata beheko solairu + goiko 9 solairuz osatua, eta bestea beheko solairu + goiko 8 solairuz osatua. Eraikin horiek sotoko bi solairu partekatu —garajeetara bideratuak— dituzte azpian.
Etxebizitzen banaketa honako hau da:
- Logela bateko 10 etxebizitza
- 2 logelako 55 etxebizitza, horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak
- 3 logelako 16 etxebizitza
Bi eraikinen artean erabilera publikoko plaza bat egingo dute, eta bertatik sartuko da atarietara; mendebalderantz, berriz, lorategidun aldapa bat egingo dute, Araxes ibaiarekiko paraleloa den pasealekuarekin modu atseginean lotzeko. Partzelak % 5,5eko malda du, eta horrek eraikuntza soluzio egokitua eskatzen du: iragazkortasun txikiko hormigoizko perimetro-hormak, zimendatze mistoak, zapata isolatu eta jarraituekin, eta egitura osatzen duten zutabe eta habedun arkupeak.
Fatxadak aireztatuak egongo dira, panel metalikoa eta SATE sistemak konbinatuz terraza-eremuetan. Energia-sistema ere elektrikoa izango da: banakako erradiadoreak, termoak, bero-ponpak, plaka fotovoltaikoz gain.
Inbertsioa, guztira, 34,76 milioi eurokoa
Bi sustapenen inbertsioa 34.765.862,94 eurokoa da, honako alderdi hauek barne hartuta: lurzoruaren balioa, esparruaren urbanizazio osagarria, eraikuntza-lanak, deskontaminazioa, ordainsari teknikoak, ekipamenduak eta lizentziak. Tolosako Udalak eta Visesak 2022an eta 2024an sinatutako hitzarmenen arabera, Udalak 1.152.000 euro jarriko ditu, etxebizitza babestu bakoitzeko 6.000 euroko diru laguntzari eta EIOZen % 95eko hobariari lotuta.
Etxebizitza beharra
Jaurlaritzak esan du Etxebideren datuen arabera, Tolosan etxebizitza babestuaren beharra dagoela. Datu horien arabera, udalerriari lotutako 1.144 bizikidetza-unitate daude izena emanda. Horietatik, 839k alokairu-erregimeneko etxebizitza eskatzen dute (516 erroldatu eta 323 erroldatu gabe). Itxasok aitortu duenez, «gazteen eta bakarrik bizi diren pertsonen egoera bereziki delikatua da». Eta horren ildotik, ziurtatu du «sustapen hauek errealitate horri erantzun zuzena eta eraginkorra» ematen diotela.
Era berean, gogoratu du Tolosa ofizialki tentsionatutako eremu izendatuko dutela datozen egunetan, BOEk hiruhilekoko zerrenda eguneratzen duenean, hain justu.
Amarozko eremua
Amarotz paper-fabrikako industria-barruti zaharraren hiri eraldaketaren behin betiko fasea da alokairuko 192 etxebizitza horien eraikuntza. Kokaleku historiko hori 1868an sortu zen, eta hainbat hamarkadatan auzoko bizitza soziala eta ekonomikoa markatu zuen. Fabrika 2009an itxi zuten. Gerora, Uraren Euskal Agentziak (Ura) 2014an egindako uholde-arriskuaren eguneratzeek baldintzatu zuten esparrua; izan ere, eguneratze horiek hirigintza-garapena erabat birplanteatzera behartu zuten. Eremuaren hegoaldeko guneak uholde-eremutzat katalogatuta geratu ziren —baita lehentasunezko fluxugune gisa ere—; horren ondorioz, hasieran 3. eta 4. partzeletan aurreikusitako eraikigarritasun guztia 1. eta 2. partzeletara eraman zen, hau da, jada urbanizatuta zegoen eta eraikuntzarako egokia den iparraldeko eremura.


