Jabi Aranaren horma-irudia aurkeztu dute, hari egindako omenaldian

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko urtarrilaren 31

Dozenaka lagunek omenaldia egin diote 2024an zendu zen mediku tolosarrari; ekitaldi hunkigarria izan da, eta TOPA-ko, Amarotz Auzo Elkarteko, Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduko eta Tolosako Asanblada Feministako kideek parte hartu dute.

2024ko abenduan zendu zen Jabi Arana Alberdi tolosar medikua eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kidea. Gaur, TOPA-k antolatutako Osasun Publikoaren Aldeko Astearen barruan, omenaldi hunkigarria egin diote Amarotz auzoko Auzo-Etxe eraikinaren kanpoaldean. TOPA-ko kideez gain, ekitaldian parte hartu dute Amarotz Auzo Elkarteak eta zenbait herritarrek.

Gaurko ekitaldia baliatu dute Aitor Benitez Carrerak Auzo-Etxe eraikineko albo batean egindako horma-irudia aurkezteko; Aranaren erretratua eta Uzturre mendia uztartzen ditu irudiak, eta albo banatan bi mezu ditu: Herri izarrak zaintzen eta Osasun publikoaren alde bidelagun, sendagile goxo eta zentzudun, nola gogoratzen zaitugun! TOPA-k auzo elkartearekin elkarlanean egin du horma-irudia, izan ere, 28 urtez Amarozko familia medikua izan zen Arana.

Eragile nekaezina zen Jabi. Osasungintza publikoko langilea izaki, kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko borrokan aritu zen buru-belarri. 2020an, erretiroa hartzera zihoala, omenaldia egin zien auzotarrek.

Gaur, auzotar ugari izan da omenaldian, baita herritar andana ere. Euria ez da aitzakia izan Arana ez oroitzeko, eta dozenaka lagun elkartu da Auzo-Etxearen inguruan. TOPA-ko kideek hartu dute hitza, baita Amarotz Auzo Elkarteko, Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduko eta Tolosako Asanblada Feministako kideek ere. Aitor Jauregik agurra dantzatu du, eta Aranaren familiak zenbait opari jaso ditu auzo elkarteko eta pentsiodunen mugimenduko kideen partetik. Amaitzeko, joandako guztiek bertso bat kantatu dute Habanera doinuan:

Osasun publikoaren
alde aritu ahala,
TOPA, DOPA eta OPA
enbor bereko ezpala,
bertan topo egin genu(e)n
lagun egin berehala
Jabi lagun ta langile,
adoretsu ta apala.
Zuk egindako guztia
ez da izango hutsala,
guk jarraituko baitugu
zuk erakutsi bezala,
denok eskertzen dizugu
Jabi zure eginahala,
ondo merezia duzu
Amarotzeko murala.

15 urtetako lanaren errepasoa

Eskualdeko hainbat eragilek 2011n sortu zuten TOPA, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma. Aste honetan, Osasun Publikoaren Aldeko Astea ospatu dute, eta horretarako, hiru ekitaldi egin dituzte, tartean, gaurkoa. Astelehenean, zenbait kartel jarri zituzten Zerkausian, «azken 15 urteetan egin den borrokaren berri emateko». Astelehenera bitarte egongo dira ikusgai kartelak.

Atzo, berriz, elkarretaratzea egin zuten toki berean. 2011tik hona egindako ibilbidea errepasatu eta Aranaren ekarpena nabarmendu zuten. Horrez gain, eskualdeko osasun egoeraren balorazioa egin zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!