Javier Arana medikua omendu dute Amarotz auzoan

Ataria 2020ko uztailaren 16a

Amarotz Auzo Elkarteak omenaldi xumea egin dio goizean Javier Arana bertako medikuari. 28 urtez lanean aritu ondoren, erretiroa hartuko du hilabete barru, eta oporrak tarteko, gaurkoa da bere azken eguna auzoko kontsultan.

"Sorpresa handia" hartu duela aitortu du Javier Aranak Amarotz auzoan duen kontsultara heldu denean. 28 urte luzez aritu da bertan lanean, eta auzotarrek omenaldi txiki bat egin diote azken lan egunean. Txalo artean hartu dute bertara iritsi denean, eta ondoren agurra dantzatu diote. Kontsultara sartu aurretik, eskerrak eman dizkie bertaratu direnei. Auzotarrek, gainera, opari batekin eskertu nahi izan dute Aranak egindako lana. Bertso batekin eta bere erretratu batekin atondutako koadro bat oparitu diote.

Omenaldian bertan ere parte hartu du May Gorostiaga auzoko antzerkilariak.

Amarotz Auzo Elkarteak Javier Aranari eskainitako bertsoa:

Hogeita zortzi urtetan

osasungintzako arotz,

giza altzariak osatuz

hitzak enbor, botika zotz,

arrakastaren bidetik

nahiz baliabidetan motz,

dispentsarioa etxe,

orain ilun eta laiotz,

jatorra eta hurbileko,

auzoaren begi zorrotz,

TXORTAJOle saiatua,

AUZOETXEn ez da arrotz,

Jabi, aritu zarenez,

gurekin buru eta bihotz,

guztiz eskertuta gaude

amaroztarrak ta Amarotz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!