Ines Ingenieros Constructores enpresaren lanak jaso ditu boto gehien

Ataria 2026ko urtarrilaren 30a

835 pertsonak bozkatu dute, baina boto baliodunak 824 izan dira, eta horietatik 315 jaso ditu Ines Ingenieros Constructores enpresaren proposamenak.

Bart amaitu da Zubiberria ordezkatzeko bost aukeren artean bozkatzeko epea. Astebeteko tartean, 835 boto jaso dira. Gehienek online, Erabaki plataformaren bidez (576), eman dute botoa, eta beste 259 herritarrek presentzialki eman dute, udaletxean. Boto baliodunak, guztira, 824 izan dira, eta baliorik gabekoak hamaika.

Ines Ingenieros Constructores SL enpresaren proposamenak jaso du babes handiena bozketan. 824 boto baliodunetatik 315 jaso ditu. Honako hauek izan dira emaitzak:

  1. INES Ingenieros Constructores SL: 315 boto
  2. Anta Ingeniería Civil SLP: 251 boto
  3. Injelan, SL: 112 boto
  4. URA Agentzia: 78 boto
  5. SBP Ingenieros España SL: 65 boto
  • Boto zuriak: 3
  • Boto baliogabeak: 11

Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritar guztiei: «horrelako obra publikoen lizitazio prozesuetan, herritarrok ez dugu aukerarik izaten gure iritzia emateko. Ez da ohikoa, baina gaiak sortutako eztabaida tarteko, Ura agentziaren eta udalaren artean herritarren iritzia jasotzea adostu genuen. Eskerrak eman nahi dizkiet Ura agentziako ordezkariei, haientzat ere berria izan baita prozesua. Proiektuen bideragarritasuna egiaztatzeko beharrezkoa den fase teknikoaren ondoren, herritarrok aukera izan dugu iritzia emateko. Urrats garrantzitsua izan da demokrazia parte-hartzaileari dagokionez».

Hurrengo pausoak

Horrenbestez, eta prozesuan Ura agentziak berak proposatu bezala, agentziak 2022. urtean egindako proiektua alboratu egingo da, ez baitu herritarren artean babes gehien eskuratu. Gainerako lau lanen puntuazioak bakarrik hartuko dira kontuan azken emaitzara begira.

Azken urrats bat falta da behin betiko proiektu irabazlea ezagutzeko: lizitazio guztietan egiten den bezala, proposamen ekonomikoaren gutun azala irekiko da. Enpresa bakoitzak zehaztu duen prezioaren arabera, automatikoki esleituko zaio puntuazioa proiektu bakoitzari, irizpide subjektiborik gabe. % 20ko balioa izango du proposamen ekonomikoaren puntuazioak azken emaitzan.

Faseetako bakoitzean, hau da, azterketa teknikoan (% 40), herri bozketan (beste % 40), eta proposamen ekonomikoan (% 20), lortutako puntuen batuketa eginda jakingo da zein izango den behin betiko proiektu irabazlea. Hori ebatzita, enpresa adjudikaziodunak sei hilabeteko tartea izango du behin betiko obra proiektua garatzeko. Hain zuzen, prozesu horretan zehaztuko dira zubiaren behin betiko ezaugarriak. Behin obra proiektua amaituta, eta oniritzia jasota, Urak obrak lizitatuko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!