Ines Ingenieros Consultores S.L.
Zubi-zutaberik gabeko zubia proposatu dute, bao bakarrekoa. Era berean, galtzadatik gorako egitura du, ur-azalerari dagokionez ahalik eta babes hidrauliko handiena lortzeko eta etorkizunean uholdeak saihesteko. Bi habe nagusitan oinarritzen da: habe horiek kurbatuak dira, ‘arrain-silueta’ baten antzeko altxaeran. Zubiko edozein espaloitatik inguruaren begi-lerroak mantentzen dira. Halaber, ezkerreko ertzeko espazio faltari irtenbidea ematen dio.
Zubiaren egungo errei kopuruari eusten dio, eta galtzadaren zabalera hiru erreien artean berdin banatzen du, bakoitzak 2,80 metro. Zubiaren alboetan, ibilgailuen eta oinezkoen arteko hesi fisiko gisa funtzionatzen duten habe nagusien bidez banatuta, 2,40 m-ko bi espaloi zabal daude. Forma kurbatua duen estetika oinezkoaren ikus-eremuaren azpitik gelditzen da. Gauez ere integratuta gera dadin, lurreko fokuekin argiztatzea proposatu dute.
Anta Ingenieria Civil, S.L.P.
Gaitasun hidrauliko handia duen proposamena aurkeztu dute. Habeek neurri askotariko albo-garaiera eta zabalera dute: erdiko tartean, alta, zabalera handiagoa eman zaio, erresistentzia-maila handitzeko helburuarekin. Habe longitudinalentzat, bi ertzetako espaloiak zabaltzea kontuan hartzen du, nahiz eta URAren txosten teknikoaren arabera zalantza batzuk sortu habeek espaloiekin interferentziarik izango ote duten. Habe longitudinalek oztopo bisual txiki bat sortzen dute ibaira begira oinezkoarentzat, baina ingurunean ondo integratzen da. Hiru erreiko errepidea eta, alboetan, oinezko bi pasabide mantentzen ditu proposamenak.
Injelan, S.L.
Proposamenak gaitasun hidrauliko handia du. Birziklatutako materialekin egindako egitura bat proposatzen dute, iraunkortasuna sustatu eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko. Era berean, egitura-planteamenduak ezkerreko ertzeko espazio faltari irtenbidea ematen dio, nahiz eta URAk bere balorazio teknikoan jasotzen duenez, zalantzak dauden ea estribuak nola gauzatuko diren eta egitura nola bermatuko den horien gainean. Zubiaren habe longitudinalek oztopo bisual txiki bat sortzen dute ibaira begira oinezkoentzat, baina ondo integratzen da.
Mugikortasuna bermatu eta eragozpenak gutxitu nahian, proposamenak jasotzen du zubia irekita mantentzea eraikuntza-lanek irauten duten bitartean, egitura berria bi fasetan jartzea aurreikusten baitu. Hala eta guztiz ere, URAk bere azterketa teknikoan ondorioztatu duenez, eraikuntza-prozesu hori «ez da behar bezala justifikatu, eta ez da era egokian aurreikusi ukitutako zerbitzuen berriztatzea».
SBP Ingenieros España, S.L.
Zubiaren beraren egitura aprobetxatuz, ibilgailuen trafikotik babes bisual bat sortzen du, ibaira eta bistetara emana dagoen egonleku bat sortzeko. Bere altuerak gainetik ikusteko aukera emango dio beti zubia gurutzatzen duen oinezkoari. Euskarriek hartu beharreko espazioa txikia izan dadin, isostatika-habeko zubi bat proposatzen dute, zimenduak oso inbasio maila txikia sortzen dutelako. Bi euskarriko habe-zubia da, eta ez da sentibera deformazioekiko. Horrez gain, mantentze-lan gutxi eskatzen du eta ikusmen-inpaktu txikia du. Barne-diseinuari dagokionez proposatu dute eskudelen gainean informazio-panelak jartzea, LED argiztapen jarraitua, eserleku jarraitua oinezko pasabidean, altzairuzko saihetsak eta iragazkortasuna maximizatzeko altzairu herdoilgaitzezko baranda, besteak beste.
URAren txosten teknikoak jasotzen du «ez diola irtenbiderik ematen zerbitzuen berriztatzeari, eta ez dituela konpontzen hainbat alderdi garrantzitsu, ezkerreko ertzeko espazio falta edo Zelai errekaren iritsiera eskuineko ertzean». Estribuen diseinua eta habe longitudinalen enkajea bi ertzetan nola egingo den ere zalantzan jartzen du URAk. Proposatutako lan-metodologia ere desegokia dela ondorioztatu du.
URA Agentzia
2022. urtean URA Agentziak aurkeztu zuen proiektu bera da, Krean Ingeniaritza Sortzailea enpresarekin batera garatutakoa. Gaitasun hidrauliko handikoa da. Egitura-planteamenduak ezkerreko ertzeko espazio faltari irtenbidea ematen dio, habe longitudinalek ez baitute espaloiekin interferentziarik sortzen. Zubiaren egiturak berak ez du oztopo bisualik sortzen ibaira begira oinezkoarentzat. Hala ere, Tolosako paisaian integratuko ote zen ezbaian jarri zen, bi arku proposatzen baititu. Arku horietan argiteria integratua du.
Aukera hau bozkatuena balitz, automatikoki URA Agentziak irekitako prozedura irekia bertan behera geratuko da, eta zuzenean esleituko da. Kasu honetan, obra-proiektua egina dago, gainerakoen kasuan ez bezala. Horregatik, epeetan azkarrena da, zuzenean obrak lizitatzera pasako bailitzateke URA. Gainerakoen kasuan, obra proiektua idatzi beharko dute irabazleek.









