Tolosarrek Zubiberria ordezkatuko duen proiektua bozkatzeko aukera izango dute bihartik aurrera. Proposamenak herritarrei aurkezteko saio irekia egin zuten atzo Topic-en, eta gaiak herritarren artean sortzen duen ikusminaren adierazle, jende ugari elkartu zen. Proiektuak banan bana azaltzeaz gain, aukeraketa prozesuaren nondik norakoen berri eman zuen Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak.
Lau lan aurkeztu dituzte Ura Uraren Euskal Agentziak proiektu-proposamen berriak jasotzeko azaroan abiatu zuen prozedura irekira. Horiei Urak 2022an garatutakoa erantsi behar zaie. Martinez de Rituertok nabarmendu du guztiek pasa dutela galbahe teknikoa, eta herritarrak bozkatzera deitu ditu: «orain herritarrek aukeratu ahal izango dute. Patxadaz dokumentazioa begiratzeko esango nieke, eta, modu librean, egokien ikusten dutena aukeratzeko».
Azterketa teknikoa eginda
Proiektuaren aukeraketa egiteko prozesuak bi fase ditu. Lehen fasea, azterketa teknikoa, jada egin dute Urako teknikariek. Gaitasun hidraulikoa, jarduketa eta diseinu proposamena, obrarako sarbide eta lurren okupazio-maila, ingurumen-ondorioak, udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen azterketa, planifikazioa eta metodologia aztertu dituzte, besteak beste. Azterketa horretan lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzan.
Bigarren fasean, formula bidez automatikoki ebaluatuko diren bi aldagai finkatu dira: batetik, herri bozketa egingo da. Azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazio horrek. Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko dute, eta gainerako % 20ko balioa izango du.
Fase horietako bakoitzean lortutako puntuen batuketatik aterako da proiektu irabazlea. Bada kontuan hartu beharreko berezitasun bat: herri bozketan Ura agentziaren proiektuak jasoko balitu boto kopuru gehien, automatikoki prozedura irekia bertan behera utzi, eta hark egingo luke aurrera. Gainerakoen kasuan ez bezala, exekuzio proiektua jada egina dagoenez, zuzenean obrak lizitatzera igaroko litzateke Ura. Aldiz, ez balu boto kopuru gehien eskuratuko, azken emaitzarako ez litzateke kontuan hartuko. Hau da, soilik prozedura irekira aurkeztutako lau proiektuen puntuazioak hartuko lirateke kontuan.
Proiektu irabazlea prozedura irekira aurkeztutako lau horietako bat bada, hau da, Ines, Anta, Injelan edo SBP enpresena bada, hainbat hilabeteko epea izango lukete exekuzio proiektua idazteko. Behin hori egin, eta oniritzia jasota, Urak obrak lizitatuko ditu.
Nola eman botoa
Bihartik hilaren 29ra arte eman daiteke bozka, eta horretarako nahitaezkoa izango da Tolosan erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea. Pertsonako boto bakarra eman ahalko da, eta bi modutara egingo da.
Batetik, online egiteko aukera jarri dute, Erabaki plataformaren bitartez. Proiektu bakoitzaren informazioa, lehiaketara aurkeztu dituzten irudi grafikoak, eta Ura agentziak helarazitako txostenak eskura daude bertan. Botoa emateko erregistratu egin beharko da. Sistemak NAN zenbakia eta jaiotze-data eskatzen ditu, eta automatikoki egiaztatzen du erroldarekin. Botoa, berriz, konfidentziala izango da.
Bestetik, presentzialki egin ahalko da, Udaten, herritarren arretarako udal bulegoan, 10:00etatik 14:00etara. Arratsaldez botoa emateko, ostegunetan egin beharko da, hilaren 22an eta 29an, 16:00etatik 19:00etara. Harreran postontzi bat izango da, eta alboan izango dira eskuragarri boto paperak, eta proiektu guztien inguruko dokumentazioa. Sarreran panelak ere jarriko dituzte informazioarekin, Udate itxita dagoen tarteetan ere eskuragarri egon dadin jakin beharreko guztia. Boto paperetan NAN zenbakia eskatuko da, errolda eta pertsona bakoitzak emandako boto kopurua egiaztatzeko erabiliko dena bakarrik, eta anonimotasuna bermatuko da. Udaletik esan dute laguntza ere eskainiko dela.
Bi modu horietako bakarra erabili ahal izango da. Hau da, online bozka emango dutenek ezingo dute presentzialki bozkatu, edo alderantziz. Errolda egiaztatzean halakorik detektatuko balitz, online egindako botoa soilik hartuko da kontuan. Bozka ematean, proiektu bakarra aukeratu beharko da.