Ura Uraren Euskal Agentziak eta Tolosako Udalak azaroan iragarri zuten moduan, Zubiberria zein proiektuk ordezkatuko duen bozkatzeko aukera izango dute herritarrek. Proiektu-proposamen berriak egiteko prozedura irekia deitu zuen Urak, eta aurkeztutako lanen azterketa teknikoa eginda, bost proiektuk pasa dute galbahea. Horiek aurkezteko saio irekia egingo dute datorren astean. Asteazkenean (urtarrilak 21) izango da saioa 18:00etan, Topic museoko Antxon Elosegui antzokian.
Lehen fasea gainditu duten bost lanetatik lau prozedura irekian aurkeztu dituzte, hain zuzen, Ines, Anta, Injelan eta SBP enpresenak. Horiekin batera, aurrez Urak landua zuen proiektua ere aurkeztuko diete herritarrei. Proiektu horietako bakoitzaren xehetasunak emango dituzte informazio-saioan.
Proiektua hautatzeko prozesuak bi fase izango ditu. Lehenik, proposamen guztien azterketa teknikoa egin du Urak. Besteak beste, honako irizpide hauek hartu ditu kontuan: proposamenaren gaitasun hidraulikoa, jarduketa eta diseinu proposamena, obren sarbide eta lurren okupazio-maila, ingurumen-ondorioak, udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen azterketa, planifikazioa eta metodologia. Azterketa horretan lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzarako.
Ondoren, bozketa
Bigarren fasean, formula bidez automatikoki ebaluatuko diren bi aldagai finkatu dituzte: batetik, herri bozketa egingo da, Erabaki plataforma erabilita —presentzialki bozka emateko aukera ere bermatuko du udalak—. Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazio honek ere. Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko dute, eta gainerako % 20ko balioa izango du.
Herri-bozketa jardunaldiaren hurrengo egunean abiatuko da, hilaren 22an, eta 29an amaitu. Bozketaren prozeduraren xehetasunen berri ere emango dute datorren asteazkeneko saioan. Hala ere, proiektu guztien inguruko informazioa eta bozkatu ahal izateko urratsen berri emango du udalak hilaren 22an bertan, haren kanalen bitartez.