Gaur abiatuko da Tolosako negu-udaberriko eszena egitaraua, Jon Plazaolaren AA Aita bakarrizketarekin. 27 emanaldi izango dira guztira, ekainera bitarte. Hala ere, duela hilabete iragarritako egitarauan hiru aldaketa egin dituzte.
Batetik, urtarrilaren 16ko Mikel Azpirozen Pake pieza kontzertua Topic museoko Antxon Elosegui antzokian izango da, 20:00etan. Sarrerak salgai daude Topic.eus webgunean.
Bestetik, bertan behera utzi dute urtarrilaren 23rako aurreikusita zegoen Querida Agatha Christie antzezlana. Emanaldia antolatu duen ekoiztetxeak hartu du erabakia, arazo teknikoak medio. Sarrera online erosi zutenei dirua zuzenean itzuliko diete; leihatilan erosi zutenek, berriz, bertara joan beharko dute.
Azkenik, otsailaren 21erako saio berria iragarri du udalak. Iñaki Alberdi akordeoilariak Uran-Zu kontzertua egingo du Topic museoko antzokian. Eduardo Mocoroa Musika Eskolak antolatu du saioa eta 19:00etan izango da. Akordeoiaren doinu tradizional eta berriak dantzarekin uztartzen dituen emanaldia da, euskal musikari begirada poliedrikoa ematen diona.
Haatik Dantza Konpainiako Leire Romero eta Aiert Beiobide dantzariak lagun izango ditu Alberdik, eta euskal abesti ezagunak entzuteko aukera izango da, besteak beste inauterietako piezak. Emanaldia doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da; horiek Topic-en jaso daitezke.