Jon Plazaolak irekiko du neguko eta udaberriko Tolosako kultur saioen egitaraua

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko abenduaren 15a

Urretxuarrak AA Aita aurkeztuko du urtarrilaren 9an, Leidorren. Abraham Cupeiro, Verde Prato, Olatz Salvador eta Ignatius Farray ikusteko aukera ere egongo da, besteak beste. Sarrerak eta eszena bonuak salgai daude Leidorreko leihatilan eta online.

Urtarrilaren 9an abiatuko da Tolosako neguko eta udaberriko kultur eszenako eskaintza. 25 ekitaldi izango dira guztira: bederatzi musika emanaldi; zazpi antzerki saio; lau haur ikuskizun; hiru bakarrizketa-saio; eta bertso eta dantza emanaldi bana. 

Eszenako emanaldi horiez gain, ekainean, udaleko kultur ikastaroetako taldeen jaialdiak ere izango dira Leidorren. Ekainaren 13an izango da dantza tailerrekoa, eta bi saio izango dira, 12:00etan eta 18:00etan. Ekainaren 19an, berriz, antzerki taldearen emanaldia izango da, 20:00etan. Aurrerago emango dira bi ekitaldi horietako xehetasunak.

Egitaraua
  • Urtarrilak 9, ostirala.
    • 19:00; Leidor. Jon Plazaola: AA Aita bakarrizketa. Aitatasunak eman diona publikoarekin elkarbanatuko du.
  • Urtarrilak 10, larunbata.
    • 12:00 eta 16:00; Leidor. Go!azen 12 musikala, Irurako Ikastolak antolatuta.
  • Urtarrilak 16, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Mikel Azpirozek Pake Pieza diskoa aurkeztuko du, Karlos Aranzegi tolosarra (bateria) eta Fernando Neira (kontrabaxua) alboan dituela.
  • Urtarrilak 17, larunbata.
    • 18:00; Leidor. Ataria bertso jaialdia. ATARIAk Harituz bertsozale elkargunearekin eta Galtzaundi euskaltzaleen elkartearekin batera antolatzen du bertso jaialdia. Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, eta Amaia Agirre izango da gai-jartzailea.
  • Urtarrilak 23, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Querida Agatha Christie antzezlana, gaztelaniaz. Antolatzailea: Ein produkzioak.
  • Urtarrilak 24, larunbata.
    • 17:00; Leidor. Semaforoa. Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituen ikuskizuna, haurrentzat. Eszena bonuko saioa.
  • Urtarrilak 30, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Ana Arsuaga Verde Prato musikari tolosarrak aurten argitaratu duen Bizitza eztia diskoa aurkeztuko du. Eszena bonuko saioa.
  • Urtarrilak 31, larunbata.
    • 11:00 eta 16:00; Leidor. Porrotx, Marimotos, Pupu eta Lore pailazoen Zerua lapurtu dute ikuskizuna.
  • Otsailak 20, ostirala.
    • 20:30; Leidor. Abraham Cupeiro musikariaren Los sonidos olvidados kontzertua. Milaka urteko instrumentuak, folkarekin, jazzarekin eta musika sinfonikoarekin nahasten ditu.
  • Otsailak 27, ostirala.
    • 20:00; Leidor. La Mapatxa euskal antzerki konpainia hasiberriaren Loreen hizkuntza antzezlana. Eszena bonuko saioa. Zenbait egoeraren bidez, gogoeta egiten du ligatzeko prozesuaren aldaketei buruz, betiere umorearen ikuspegitik.
  • Martxoak 5, osteguna.
    • 20:00; Leidor. David Ceporen No cruces los brazos bakarrizketa saioa, gaztelaniaz.
  • Martxoak 6, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Olatz Salvador musikari donostiarrak Zainak eman bere hirugarren bakarkako lana aurkeztuko du. Soinu organikoak eta elektronikoak oreka ezin hobean uztartzen ditu. Eszena bonuko saioa.
  • Martxoak 13, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Larrua Proiektuak dantza garaikideko konpainiaren La senior ikuskizuna. Heldutasuna eta esperientzia aldarrikatzen ditu emanaldiak, dantzako adinari buruzko estereotipoak hautsi eta arte eta gizarteko edadismoari buruzko elkarrizketa irekitzeko.
  • Martxoak 14, larunbata.
    • 17:00; Leidor. Gora musika! familiak dantzan jarriko dituen ikuskizuna, Irurako Ikastolak antolatuta.
  • Martxoak 27, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Txalo produkzioak konpainiaren Trajea antzezlana. Aktoreak: Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza.
  • Martxoak 28, larunbata.
    • 19:00; Topic. Tolosako Udal Musika Bandaren udaberriko kontzertua.
  • Apirilak 10, ostirala
    • 20:30; Leidor. Ignatius Farrayren bakarrizketa saioa, gaztelaniaz: El Show de Ignatius Farray.
  • Apirilak 18, larunbata.
    • 17:00; Leidor. Markeliñe taldearen Hodei guztien gainetik ikuskizuna haurrentzat. Eszena bonuko saioa.
  • Apirilak 24, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Rafael Alvarez El brujoren Mi vida en el arte antzezlana, gaztelaniaz. Eszena bonuko saioa.
  • Maiatzak 8, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Musikene goi-mailako musika eskolako jazz estiloko ikasleek osatutako Musikene Big Band taldearen kontzertua.
  • Maiatzak 15, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Paloma San Basilioren Dulcinea antzezlana, gaztelaniaz.
  • Maiatzak 16, larunbata.
    • 20:00; Leidor. Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuen Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren Kaka antzezlana. Eszena bonuko saioa.
  • Maiatzak 22, ostirala.
    • 20:00; Topic. Ianire Aranzabe altzagarra buru duen Esanezin musika taldearen Hormetan idazten lan berriaren aurkezpen-kontzertua.
  • Maiatzak 29, ostirala.
    • 20:00; Leidor. Lolak kolektiboaren Zanbuila antzezlana. Esti Curielen barne-bidaia batetik sortu da obra: itsasoaren ertzean bizi izan diren Zumaiako emakumeen bizipenetatik abiatzen den ibilbidea da. Eszena bonuko saioa. 
  • Maiatzak 30, larunbata.
    • 19:00; Topic. Amaterra musika taldeak aurten argitaratu duen Polaris lana aurkeztuko du.

Eszena bonua eta sarrerak

Ohikoa den eran, eszena bonua ere izango da eskuragarri. Bederatzi saiotarako sarrera bana eskuratzeko aukera emango du. Dagoeneko salgai daude, leidorantzokia.janto.es helbidean eta Leidorreko leihatilan, 40 euroren truke. Gogoan izan behin bonua erosita, ekitaldi horietako bakoitzaren sarrera erosteko prozesua egin beharko dela, bonuaren kodea sartuta. Saio hauek barne hartzen ditu bonuak:

  • Urtarrilak 24. Semaforoa. Haur-antzerkia. 
  • Urtarrilak 30. Verde Prato. Musika.
  • Otsailak 27. Loreen hizkuntza. Antzerkia.
  • Martxoak 6. Olatz Salvador. Musika.
  • Martxoak 13. La Senior. Larrua. Dantza.
  • Apirilak 18. Hodei guztien gainetik. Haur-ikuskizuna.
  • Apirilak 24. Rafael Alvarez: El Brujo. Antzerkia.
  • Maiatzak 16. Kaka. Antzerkia.
  • Maiatzak 29. Zanbuila. Antzerkia.

Ikuskizunetako sarrerak jada salgai daude webgune berean. Topic museoko emanaldietarako sarrerak Topic.eus atarian edo bertako leihatilan eskuratu daitezke.

Zinema

Zinema saioetarako 2026ko bonuak ere salgai daude. Hiru aukera daude: 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak. Film bakoitzeko bi sarrera hartu ahal izango dira bonuarekin. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko balioa dute. 2025eko bonuak urtea amaitu baino lehen erabili beharko dira, eta ez dute baliorik izango urtarrilaren 1etik aurrerako saioetarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!