Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema indartzeko proiektua aurkeztu du. Esan du «Europako abangoardian mantentzeko» proiektua dela, eta programarekin osasun arretaren kalitatea, segurtasuna eta hurbiltasuna bermatu nahi dituela, «bai pazienteek bai osasun arloko profesionalek baldintzarik onenak dituztela ziurtatuz». «Denok zarete gure ondasun preziatuena zaintzen duzuenak. Eta gure ardura da zaintzen gaituztenak zaintzea. Zuek zaintzea», esan du Imanol Pradales Lehendakariak.
Proiektuak 2025-2032 indarraldia du, eta 1.600 milioiko inbertsioa aurreikusten du. Inbertsio horien artean daude 2030. urterako egingo duten Tolosako ospitalea, eta Alegiako anbulatorioaren erabateko berritzea. Inbertsio nagusien artean Tolosako ospitalearena aipatu dute, Durangoko Erabakimen Handiko Zentro berriarekin batera – 34,8 milioiko inbertsioa–.
Tolosako ospitalea
Agerraldian orain arte eman dituzten datuak berretsi dituzte: Tolosan eraikiko duten ospitaleak 74 ohe eta 3 bloke kirurgiko izango ditu, eta Gipuzkoa osoan erreferentziazkoa izango da diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko. Oraingoan proiektua egiteko kostuaren berri eman dute: 107 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
107 milioi euro horiek ospitaleetako arretara bideratuko duten partidakoa izango da, 842,7 miloi euro, eta partida horren barruan egingo dituzten inbertsioen artean Tolosako ospitalearena nabarmendu dute. Gainontzeko diruarekin ospitale handietan pazienteei arreta emateko eredu berri bat hedatuko dutela esan dute. Jada Txagorritxu-AUOn abian dagoela esan dute, eta besteetan ere antzeko zerbait egingo dutela gaineratu. «Eredu horren bidez, bereizi egingo dira paziente anbulatorioa –kontsulta batera joaten dena– eta ospitaleratutako pazientea, eta arreta zirkuitu desberdinak ezarriko dituzte. Hori dela eta, Azpiegitura Programan kontuan izan da kanpo kontsultetarako eraikinak ospitaleratzeak eraikinetik bereizita eraikitzea. Hala egingo dute Basurtuko Unibertsitate Ospitalean –eraikitze bidean dago eta 134,5 euro bideratuko dituzte–, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalean –136,8 milioi–, Donostiako Unibertsitate Ospitalean –33,2 milioi euro– eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean –40 milioi euro–».
Handitzeak, eraberritze integralak eta ebakuntza gela berriak
Gainera, «garrantzi handiko lanak» egingo dituzte, ospitalea handitzeko edo eremu batzuk osorik eraberritzeko, hala nola Zumarragako Ospitalean. Bertan, eraikin berri bat eraikitzen hasi berri dira, 78,6 milioi euroko inbertsioarekin. Bloke kirurgiko berria eta pazienteari arreta hobea emateko beste zerbitzu batzuk jarriko dituzte, esaterako, Minaren Unitate bat, 18 hemodialisi-postu edo 14 endoskopia-postu. Bidasoan, bestalde, kirurgia-bloke berriko obrak ere hasi dituzte, 24,8 milioi euroko inbertsioarekin, eta proiektuak «zeharo» hobetuko du Irungo eta Hondarribiko bizilagunei ematen zaien arreta. Txagorritxu-AUOn, uda honetan amaituko dute D hegalaI handitzeko lanen lehenengo fasea, eta ondoren, bigarrenari ekingo diote; 110,9 milioi euro.
Hauek dira aurreikusi dituzten beste obra batzuk: Gorlizko Ospitaleko ospitalizazio-unitateak erabat eraberritzea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko psikiatria-solairua eraberritzea eta Ebakuntza-gelak berritzea/handitzea, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Erdi-mailako Zainketen Unitatea eraberritzea, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko ospitalizazio-solairuak eraberritzea, San Eloy Ospitaleko larrialdi-zerbitzua eraberritzea, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdiak eta ebakuntza-gelak eraberritzea, besteak beste.
Protonterapia
Ospitaleko arretako inbertsioen atalaren barruan (aurrerapen teknologikoekin oso lotuta badago ere), Protonterapiako Unitate berria nabarmendu dute. Instalazio mediko espezializatu eta abangoardiakoa izango da, Donostiako Unibertsitate Ospitalearen mendekoa, eta horri esker Osakidetza tratamendu onkologiko aurreratu hori eskaintzen duen lehen zerbitzu publikoetako bat izango dela nabarmendu dute. Unitateak 61,4 milioi euroko inbertsioa izango du, «eta erreferentzia izango da Onkologiaren arloan Euskadin eta Europan». Unitate berriak, izan ere, Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta Iparraldeari, Errioxari eta Burgosko eta Soriako probintziei (Gaztela eta Leon) emango die asistentzia. Aurreikuspenen arabera, 2027. urtearen amaieran jasoko dute bertan lehen pazientea.
Alegiako anbulatorioa
Alegiako anbulatorioaren eraberritzea ere aipatu dute agerraldian. Lehen mailako arretaren eremuan aurreikusitako inbertsioen barruan kokatu dute. Ez dute kopururik aipatu, baina Alberto Martinez Osasun sailburuak uztailean Alegian egindako bisitan esan zuen urtea amaitu aurretik hasiko zirela lanak, eta eraikin berrian 2,6 milioi euro inbertituko dituztela.
Inbertsio horien helburu nagusia da herritarrei ematen zaien asistentzia indartzea, etxetik hurbil dituzten ekipamendu moderno eta irisgarrien bidez. Ildo horretan, Azpiegitura Programak 21 osasun-zentro berri eraikitzea eta beste 8 eraberritzea edo handitzea aurreikusten du, erreforma partzialez gain. Guztira, Programak 200,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du lehen mailako arretako sarean.
Zentro berriak
Zentro sortu berrien artean, dagoeneko amaituta dauden batzuk nabarmendu dituzte, hala nola Oion edo Aretxabaleta, edo gaur egun egiten ari direnak, hala nola Loiolako osasun-zentroa Donostian edo Laudioko osasun-zentroa, anbulatorio-zerbitzua ere izango duena. Horiez gain, Lazkao, Bolueta eta Elgoibarko osasun-zentroak eraikitzeko lanak berehala hasiko direla aurreikusten da. 2026. urtean zehar, Guardia, Oinaurre (Irun), Arrigorriaga eta Urdulizko osasun-zentroetarako obrak egiteko proiektuak idazteko eta zuzentzeko zerbitzuak lizitatuko dira.
Bizkaian ere lizitaziora aterako da Durangoko Erabakimen Handiko Zentro berria, 34,8 milioiko inbertsioarekin, herritarrei zerbitzu espezializatu gehiago hurbilduko diena, joan-etorriak saihestuz eta lurraldeko arreta hobetuz. Zentro berri horrek gaur egun 3 gunetan eskaintzen den jarduera asistentziala bilduko du: Landako osasun-zentroarena, anbulatorioarena eta osasun mentaleko eguneko ospitalearena. Hiru zerbitzu gehiago izango ditu, gainera: erradiodiagnostikoa, erretinografia eta esku-hartze azkarreko ibilgailu bat.
Era berean, 11,3 milioi euro bideratuko dituzte mediku kontsultetako ekipamendua modernizatzeko lanetara, behar bezala hornitzeko ohatila altxagarri elektrikoak, ekografo, desfibriladore erdiautomatiko eta bestelako ekipoekin.
Ekipamendu teknologikoak eta abangoardiakoak
Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programaren beste helburu nagusietako bat Osakidetza abangoardia teknologikoan mantentzea da, gaixotasunen diagnostiko goiztiarraren eremuan «bikaintasun-mailetara heltzen jarraitzeko»; besteak beste, minbiziaren edo gaixotasun kardiobaskularren eremuan.
Hortaz, atal honetan 192,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusita dago. Proiektu aipagarrienen artean honako hauek daude:
- Ordenagailu bidezko tomografo axialak (OTA) berritzea / berriak jartzea – 16 ekipo.
- Erresonantzia magnetikoak berritzea / berriak jartzea – 8 ekipo.
- Azeleragailu linealak berritzea / berriak jartzea – 8 ekipo.
- Medikuntza nuklearrerako ekipoak berritzea / berriak jartzea – 4 PET – TC, 6 SPECT – TC.
- Mamografoak berritzea / berriak jartzea – 26 ekipo.
- X izpien gelak berritzea / berriak jartzea – 75 gela.
- Hemodinamika eta Angiografia gelak berritzea / berriak jartzea – 16 gela.
Mantentzea eta jasangarritasuna
Aipatutako jarduketa horiek guztiak bideratzeko, lehen mailako arretan zein ospitaleko arretan egitekoak eta teknologian egitekoak ere, nahitaezkoa da mantentzean eta jasangarritasunean inbertitzea, emandako arretaren kalitatea, eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Helburu horrekin, beraz, programa honek 271,13 milioi euroko inbertsioa jasotzen du, besteak beste, eraikinen inguratzaile termikoak (teilatuak eta fatxadak), argiztapen-sistemak, klimatizazioa, ekoizpen termikoa eta irisgarritasuneko eta antolamendu elektrikoko jarduketak berritzeko.
Eraldaketa eta Osasun digitala
Azpiegitura eta ekipamenduetako inbertsio horiekin batera, eta bat eginik Osasun Sailak eta Osakidetzak eredu digitalago, «konektatuago eta pertsonengan zentratuago baten alde egindako apustuarekin», 2024-2026 aldian 100 milioi euroko inbertsioa egiten ari dira eraldaketaren eta osasun digitalaren arloan, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, baliabide propioen bidez eta Europatik datozen funtsen bidez. Baliabide horiek osasun sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzera bideratuta daude, eta zuzenean eragiten dute osasunean, profesionalen jardunaren efizientzian eta, azken batean, Euskal osasun zerbitzuaren hobekuntzan.
Jardun-ildoen artean, honako hauek nabarmendu dituzte:
- DATU bulegoa sortzea, osasuneko datuen bulegoa.
- Prozesu klinikoen eta administratiboen eraldaketa digitala.
- Profesionalen eta pazienteen arteko harremanen desburokratizazioa.
- Hobekuntzak eraginkortasunean, emaitzen neurketan eta segurtasuna areagotzean.