Urtea amaitu aurretik hasiko dira Alegiako osasun zentroa eraberritzeko lanak

Ataria 2025eko uztailaren 10a

Iturria: Alegiako Udala

Lanak 18 hilabeteko epean egingo dituzte.

Alberto Martinez Osasun sailburua Alegian izan da eta bertan adierazi du herriko osasun zentroa berritzeko lanak urtea bukatu aurretik hasi eta 18 hilabeteko epean egingo dituztela. Lanekin zentroa hobetu eta modernizatuko dute eta horretarako eraikina berritu eta handituko dute, irisgarritasuna hobetuz.

Osasun sailburuak azpimarratu du jarduera horrekin landa-inguruneetan kalitatezko osasun-arreta publikoa eskaintzen eta bermatzen duen azpiegitura modernizatuko dutela. «Konpromisoa argia da: lehenbailehen gauzatzea», gaineratu du. Bestalde, Alegiako alkate Regina Sorarrainek adierazi duenez, proiektu honekin Alegiak eredu irisgarriago, osasungarriago eta eraginkorrago baterantz egingo du aurrera, «bere identitatea eta zentralitatea galdu gabe». «Eskerrak ematen dizkiegu Osakidetzari eta herritar guztiei prozesu honetan izan duten inplikazioagatik eta pazientziagatik», adierazi du.

Regina Sorarrain Alegiako alkatea eta Alberto Martinez Osasun sailburua. Iturria: Irekia

Udalak esan du Osasun Sailarekin joan den maiatzean sinatu zutela hitzarmena, osasun zentroa birgaitzeko. Gaur egun, Alegiako zein Tolosaldeko beste 11 udalerritako 6.700 biztanle baino gehiago artatzen ditu zentro horrek; eskualdeko Amezketa, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Baliarrain, Altzo, Orendain, Albiztur eta Abaltzisketako herritarrak artatzen ditu, baita Bedaio eta Aldaba Tolosako auzoetakoak ere, eta eskualdez kanpo Legorreta eta Beizamarako zerbitzua ere eskaintzen du.

Osasun zentro handiagoa, irisgarriagoa eta zerbitzu gehiagokoa

Alegiako osasun zentro berria handiagoa eta irisgarriagoa izango da, eta herritarren osasun-beharrei erantzuteko zerbitzu gehiago izango dituela esan du udalak: 500 metro karratu baino gehiago hartuko ditu, egungo azalera bikoiztuz. Horrela, eraikina altueran eta bolumenean handituko da, eraikinari solairu berri bat gehituta, eta beheko solairuaren zati bat osasun zentroko zerbitzuetarako erabiliko da, besteak beste, biltegietarako eta profesionalentzako aldageletarako.

Iturria: Irekia

Birmoldaketa horri esker, instalazioak Osakidetzaren Plan Funtzional berrira egokitu ahal izango dira, eta familia-medikuntzako eta erizaintzako kontsultak, pediatriako eta erizaintza pediatrikoko kontsultak, emaginaren kontsulta, emaginak erabiltzeko gimnasioa, larrialdietako gela, odol-ateratze gela eta edoskitze gela barne, baita profesionalentzako bilera gela, bulegoak eta aldagelak ere izango ditu.

Gainera, jauzi kualitatiboa izango da osasun zentroko erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko. Horretarako, igogailu bat jarriko da barrualdean, baita kanpoko igogailu bat ere erabilera publikoko fatxadan, sarbidea bermatzeko San Juan kaletik Bidebarrieta kalera, Osasun Zentrorako sarbidea lehen solairutik egin behar baita ezinbestean. Bi kaleak lotzen dituen eskailera ere berrituko dute.

Bestalde, Alegiako eta inguruko herritarrei uneoro osasun-laguntza bermatzeko, modulu prefabrikatuak jarriko dira Alegiako Erbeta frontoiaren inguruan. Horrela, osasun-jarduera normaltasunez egingo da obrek irauten duten bitartean.

2,6 milioitik gorako inbertsioa

Eraikin berrian 2,6 milioi euro inbertituko dira guztira, egitura hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko Osasun Sailak hartua duen konpromisoari erantzuteko. 

Gaur egun, udal-titulartasuneko eraikinak hirugarren adinekoentzako gizarte-zentro bat du beheko solairuan, eta Osakidetzak lehen eta bigarren solairuak erabiltzen ditu inguruko bizilagunei osasun-laguntza emateko. Hori horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak beren gain hartuko dituzte osasun-zentroa birgaitzeko gastuak, 2 milioi eurorekin, eta Alegiako Udalak finantzatuko du zaharren etxea eta kanpoko igogailua berritzeari dagokion zatia, 590.000 euro baino gehiagorekin.

Dokumentu honetan daude proiektuaren xehetasun nagusiak.

Iturria: Irekia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!