Su baxuan, bor-bor

Ataria 2025eko azaroaren 22a

Tolosako perla beltzaren eguna da gaurkoa. Tolosako babarrunaren usainak eta zaporeak hartu ditu Tolosako kaleak, eta herritarrek horrenbestez, bere bertuteak goratu dituzte.

Goizean goiz, 06:00ak aldera, piztu dituzte Trianguloa plazako su txikiak ekoizleen sariketara aurkeztutako babarrunak kozinatzen hasteko. Profesionalak aritu dira lan horietan, eta ordu luzez, su baxuan kazoletan bor-bor izan eta gero, epaimahaiaren lana hasiko zen, eguerdi aldera.

Herritarrek babarrunak hamaiketako gisara dastatu dituzte; izan ere, Babarrunaren Kofradiako kideek herritarren artean banatu baitituzte. Babarrunek lagundu diete bertaratutakoei beroan sartzen. Horrelaxe baieztatu baitu ontzi txiki bakoitzetik ateratzen zen kea, giroko hotzarekin kontrastean.

Trianguloa plazaz gainera, San Frantzisko pasealekuan ere aritu dira sukaldean emakume-gizonak. Zehazki, 24 bikote kozinatu dute nor baino nor, Tolosako babarrunak hoberen nork prestatzeko lehian. Bi guneak girotzen, bai Trianguloa eta baita San Frantzisko ere, Tolosako bi ahots ezagun: Julen Telleria eta Joseba Usabiaga.

Gutxika-gutxika betetzen hasi dira kaleak gaurkoan. Izan ere, lehen orduko hotzak seguruenik atzeratu du askoren irteera. Hala ere, azkenik jende masa antzeman da Tolosako buruhandi eta erraldoiek kaleak bete dituztenean. Eurekin batera prozesioan atzetik, haur eta gaztetxoak zein euren gurasoak.

Musikak protagonismoa

Xexili Egunak bete-betean harrapatu du Babarrunaren Festak. Bada, Tolosako Musika Bandak Alde Zaharreko kaleak musikaz blaitzeko probestu du eguna. Kalejiran ibili dira Tolosako musikariak festa girotzen. Buruhandi eta erraldoiekin batera pieza bat jo dute Plaza Zaharrean jendez inguratuta.

Gizarte-onura

Tolosako kaleak jendez beteko zirela jakinda, Minbiziaren Aurkako Elkarteak mahaiak sakabanatuta izan ditu goiz guztian, eta paseatzaileei diru-ekarpena egiteko eskatu diete.

Edonola ere, berriro ere Tolosa bere festa preziatuenetariko bat ospatzen ari da –aurtengoan atzerapenik gabe–: Tolosako Babarrunaren Festa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!