2026ko aurrekonturako hamabost proposamen egin dizkio EAJ-k udal gobernuari

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 12a

Santa Klara eremuan –Zumarditxikia barne– «azterketa sakon bat» egitea exijitu du EAJ-k.

Eusko Alderdi Jeltzalearen Tolosako udal taldearen eskaeren artean daude ospitale publikoa eraikitzeko bi partzela erostea, Santa Klara eremuan azterketa sakona egitea eta lur azpiko aparkalekuetan hutsik dauden plazen inguruko plana egitea.

Tolosako udal gobernuak pasa den astean aurkeztu zuen 2026rako aurrekontu proposamena, 42 milioi eurokoa. 6,8 milioi bideratu nahi dituzte inbertsioetara, eta Trianguloa plazako eta Iurre auzoko 1-13 plazetako obrak dira aurreikusitako proiektu nagusiak.

Bada, urtero gertatu ohi den moduan, oposizioak udal gobernuaren proposamena aztertu du, eta dagoeneko hasi da proposamen eta eskaera berriak egiten. Tolosako EAJ-k, esaterako, hamabost proposamenez osatutako dokumentua prestatu du, eta udal gobernuari igorri dio. Alderdi jeltzaleak 426.000 euroko balioa eman die proposamenei, hain zuzen, aurrekontu-proiektuaren balioaren % 1.

Ospitalea, Santa Klara eta aparkalekuak

Hirigintza alorreko proiektuak dira jeltzaleen proposamen nagusiak. Batetik, ospitale publikoa eraikitzeko behar diren bi partzela erostea eskatzen die udal gobernuari. «Osasun Sailari lur eremua % 100ean lagatzeko konpromisoa hartu zuen. Beraz, eskuratzeke dauden bi lursailak erosteko diru-partida aurrekontuetan txertatzea eskatzen dugu». Gaiari lotuta, ospitalea eraikiko den gunean dagoen kamioien aparkalekuarentzat alternatiba bat lantzea ere eskatu dute jeltzaleek. «Hura ordezkatuko duen kokagune baten azterketa egitea proposatzen dugu».

Bestetik, Santa Klara eremuan –Zumarditxikia barne– «azterketa sakon bat» egitea exijitu du EAJ-k. Aparkaleku berri baten aukera aztertzea (bereziki, Alde Zaharrari begira), Santa Klara kaleko irisgarritasun arazoei irtenbide bat ematea, autobus geltokiaren kokapena erabakitzea eta Zumarditxikiaren proiektuaren berroneratzea lantzea eskatzen dute jeltzaleek.

Handik gertu Zubiberria ordezkatzea aurreikusten du udal gobernuak. Bada, obra horiek herriguneko trafikoan sortuko dituzten zailtasunak aztertzea ere eskatu diote jeltzaleek udal gobernuari, neurriak hartzeko: «Obrek herriko trafikoan izango duten eragina aurretiaz aztertzea komeni da, sortuko diren zailtasunak hilabete horietan zehar modu egokienean kudeatu ahal izateko».

Azken urteotan oposizioak egin duen eskaera bat ere biltzen du jeltzaleen proposamen-zerrendak: «Aurreko udal gobernuak garatutako lan-ildoari eta planteamenduari jarraiki, Alondegi eta Lapurdi plazetako lur azpiko aparkalekuetan hutsik dauden plazen udal plangintza bat egitea eta herritarren esku jartzea».

Bonuak

Merkataritzari lotuta, bi eskaera egin ditu EAJ-k. Bata, larunbateroko azokarako 40 urtetik beherako tolosarrentzat azoka-bonuak martxan jartzea, lehen sektoreari bultzada emateko. Bonuak hamar eurotan saltzea proposatzen dute, eta udalak herritarrei haiek azokan gastatu bezainbeste ematea bonu bidez, azokan bertan erabiltzeko. Herriko denda txikiei begira, Tolosa&Co Merkatari Elkartearekin elkarlanean bonu-kanpaina orokor bat martxan jartzea da beste eskaera.

Kirol-instalazioak

Udal kirol-instalazioetan inbertsioak egitea ere eskatu dute jeltzaleek. «Usabal kiroldegiaren aurreko lizitazioaren lehian parte hartu zuten bi enpresek euren proposamenetan hobekuntzen artean aurkeztu zuten teilatuan panel fotovoltaikoak ipintzeko aukera. EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko legeak betebehar batzuk ezartzen dizkie udalei, eta zentzu horretan pausoak emateko 100 kW izango dituen instalazio bat proposatzen dugu, aurreko legealdia martxan ipini zen apustuarekin jarraitze aldera», azaldu du EAJ-k.

Euskal Mendizaletasunaren Museoa

Kirolari lotuta, 2026ko aurrekontuan EMMOA Fundazioaren museoaren inguruko aholkularitza-zerbitzua txertatzea proposatu du oposizioko alderdiak. «Aholkularitza honen helburua izango da ikuspegi arkitektonikoan (Larramendi auzoko Arkaute eraikinean), ondare ikuspuntuan, proiektuaren bideragarritasun-ekonomikoan eta beste erakundeetako diru laguntza lorpenean bide-lagun izatea», esan dute.

Gainerako eskaerak

Aipatutako proposamenez gain, beste sei egin dizkio EAJ-k udal gobernuari. Hauek dira proposamen horiek:

  • Udalak sustatutako autoa partekatzeko aplikazioa, udalak sustatutakoa: «Tolosarrek tresna erabilgarri eta erraz baten bidez, egunero lanera, unibertsitatera edo beste leku batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan autoa partekatzea ahalbidetuko duen aplikazio baten aldeko apustua egitea. Antzeko errutinak dituzten pertsonei kontaktuan jartzeko aukera erraztu nahi zaie, eguneroko joan-etorrietan autoa partekatu ahal izan dezaten».
  • Herriko ikastetxeei zuzendutako literatura lehiaketa: «Udal liburutegia irakurzaletasuna bultzatzen ari den bezala, udalak literatura lehiaketa bat martxan jartzea komenigarri ikusten dugu; idazteko ohituretan pizgarri izan daiteke».
  • Etxebizitza bulegoa herritarrengandik gertu: «Etxebizitza teknikariak laguntza administratiboa eta udal jabetzakoak diren etxeetarako mantenurako laguntza izango duela aprobetxatuz, egoki ikusten dugu bere jarduna herritarrengana gerturatzea, haiei informazioa hobeto helarazteko».
  • Udalekuak etorkinei euskara ikasteko probesteko, bi hilabetez euskaltegiko irakasle bat kontratatzea: «Udal Euskaltegiaren bitartez, irakasle bat kontratatzea bi hilabetetarako, udalak antolatutako udalekuetan parte hartzen duten ikasleei (kanpotik etorritakoei eta euskara ez dakitenei) euskara irakasteko».
  • Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko programa bat diseinatzea: «Egungo arazo larria da, eta zenbait ikerketen arabera gazte eta helduei eragiten die. Irtenbideak ematen hastea komeni da, eta osasun mentalean ere lagunduko du».
  • Tolosako Ekinbide Etxeari laguntza ematea: «Tolosako kultura-erakunde garrantzitsuenetakoa da, eta merezi du udalaren aldetik esfortzu gehigarri bat egitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!