Tolosako udal gobernuak (EH Bildu) 2026ko aurrekontuetarako proposamena aurkeztu du. Datozen egunetan ekarpenak egingo dituzte udalbatzan ordezkaritza duten gainerako alderdiek (EAJ-k eta PSE-EE-k), eta horiek aztertu ondoren osatuko dute behin betiko proposamena, osoko bilkuran onartu beharko dutena.
Datorren urteko aurrekontua aurtengoa baino 3 milioi euro handiagoa da; 42 milioi euroko proposamena egin du EH Bilduk. Horietatik 6,8 milioi inbertsiotarako erabiltzea proposatu du, proiektu nagusiak gauzatzeko; igoera handienetakoa izan duen diru-partida da.
Tamaina handiko bi obra egitea aurreikusten du udal gobernuak; «hortik gorakada», esan du. Batetik, guztiz eraberrituko du Trianguloa plaza. Exekuzio-proiektua dagoeneko amaituta dago, eta aurki aurkeztuko dute jendaurrean. 1,7 milioi euro gorde dituzte lanak abiatzeko. Dena den, obraren hasiera baldintzatua dago, aurrez zorupeko garajeen jabeekin lurra berritzeko hitzarmena egin beharko baitu udalak.
Beste lan nagusia Iurre auzoko 1etik 13ra bitarteko zenbakietako plazen obra da. Ondo bidean obrak uda ondoren hastea aurreikusten du udalak, eta aurreratu du urte eta erdiko iraupena izango dutela gutxi gorabehera. Hortaz, lanei ekiteko 1,5 milioi euro bideratu ditu 2026ko aurrekontura, nahiz eta proiektuaren inbertsio totala 6 milioi euro ingurukoa izango den —horietatik milioi bat euro auzotarren ekarpena da—. Udala auzoko bizilagunen ekarpenak txertatzen ari dira exekuzio proiektuan, eta gero abiatuko du obren lizitazioa. Kasu honetan ere bizilagunekin hitzarmena egin beharko du.
Bada beste obra garrantzitsu bat, 2026an ekitea aurreikusten dena: apeaderoko obra. Hau, ordea, ez dago udalaren esku, Adifen esku baizik. Azken honek udalari helarazi dio urte amaierarako abiatu nahi duela obren lizitazioa, lanak datorren urtean hasteko. Obraren inbertsio nagusia Adifek berak egingo badu ere, obra berean Montezkue auzorako sarbidea berritzea eta igogailua jartzea aurreikusten da, eta hori udalak hartuko du bere gain. Adifi diru-ekarpen hori egiteko 330.000 euroko partida txertatu dute aurrekontuan. Hau ere obra luzea da, eta aurrerago beste horrenbesteko diru-ekarpena egin beharko du udalak.
Kultur arloko sormen-beka
Badira bestelako lan batzuk: AuzoEkin proiektuaren barruan eta Auzoen Mahaiaren barruan herriko eremu ezberdinetan lehenesten diren lanak gauzatzeko milioi erdia, Berazubi estadioa egokitzeko 125.000 euro, Zerkausia txukuntzeko 100.000 euro eta haur parkeetarako 190.000 euro. Kiroldegian ere aurreikusten dira inbertsioak, besteak beste, padel instalazioak berritzea edo makineria berria erostea.
Obretatik haragoko inbertsioak ere aurreikusten dira. Nabarmentzekoa da lehen aldiz kultur arloko sormen beka bat sortuko duela udalak. Zenbait diru-partida ere jasotzen ditu aurrekontuak: landa-bideen inbentarioa osatzeko, merkataritza sustatzeko kanpainetarako, Azoka dinamizatzeko, edo zaintza-diagnostikoaren ondorioei jarraituz, Mugi Tolosarekin lotuta eta zahartze aktiboa sustatzeko, adinekoentzat kirol orientazio zerbitzu bat martxan jartzeko.
Obra proiektuen idazketak ere aurreikusi ditu udal gobernuak, hala nola, Geltoki plaza berritzeko, Araba etorbideko plazak birgaitzeko edo Amarotz auzoko 1 eta 8 zenbakietako urbanizazio lanak egiteko. Diru laguntza bidez, ia 5,3 milioi euro banatuko ditu udalak, norbanako eta herriko eragileen artean.
Aurtengo inbertsioei jarraipena
Aurtengo inbertsioei ere egin die erreferentzia udal gobernuak. Lan horietako batzuk esleitu edo abiatzeko bidean dira urte sasoi amaiera honetan, eta urtea bukatzerako eginda egongo ez badira ere, datorren urtean horiei jarraipena eman asmo duela nabarmendu du gobernuak.
- Gorriti plazako obra: Ura agentziaren txosten baten zain da udala obren lizitazioa abiatzeko.
- Alde Zaharra Berroneratzeko Plan Integrala: lizitatzear da bigarren fasea.
- Asfaltatze plana: lizitazio fasea itxita, lanak esleitzear daude, eta lanak urtea amaitu baino lehen abiatzea da aurreikuspena.
- Usabal kiroldegiko instalazio termikoa aldatzeko obrak: hastear dira lanak.
- Arrameleko zubia: desjabetzearekin amaitzeko izapidetzeak amaitzear dira, eta hori eginda abiatuko da obren lizitazioa.
- Iurreamendi kalearen berrurbanizazioa: obra exekutatzeko lizitazioa huts geratu zen eta berriro lehiaketara ateratzea da asmoa.
- Webgune berria: lehiaketa argitaratu da eta proposamenak jasotzeko epean dago.
2026KO AURREKONTUA
INBERTSIO BERRIAK
Trianguloa plaza eraberritzea: 1,7 milioi euro.
Iurre auzoko 1-13 zenbakietako plazak berritzea: 1,5 milioi euro.
Apeaderoko lanak: 330.000 euro.
AuzoEkin proiektuan lehenetsitako obrak: 500.000 euro.
Berazubi estadioa egokitzea: 125.000 euro.
Zerkausia txukuntzea: 100.000 euro.
Haur parkeak berritzea: 190.000 euro.
Norbanako herritarren eta eragileen diru laguntzak: 5,3 milioi euro.