Gehigarria: Gastronomia

Garagardoaren erreinua

Ataria 2025eko azaroaren 10a

Ioritz Beldarrain Iparrabeer proiektuko kideetako bat.

Duela bost urte abiatu zuten Iparrabeer proiektua eskualdeko lau gaztek; Ioritz Beldarrain anoetarrak, Borja de la Iglesia irurarrak, eta Iñaki Aranburu eta Iñaki Murillo ibartarrek.

Beldarrainen Anoetako etxean muntatu zuten laborategia, eta edatea gustatuko litzaiekeen garagardo horren errezetaren bila hasi ziren. Hala sortu zuten IPA estiloko artisau garagardoa: Iparra.

Zapore mikatza du. Lupulazio usainak IPA estiloko garagardoa gogorarazten du, baino horrek izaten ez duen garraztasun puntua du. Kolore hori bizikoa da, garbia eta gardena. Tabernaz taberna eta etxez etxe hasi ziren merkaturatzen, baina duela lau urte Tolosako Felipe Gorriti plazan zabaldu zuten Iruña Taproom taberna. Garagardoa modu askotara eskaintzen dute tabernan; botilan, latan edota kupelan. Horrez gainera, inguruko azoketan ere aritzen dira, haien marka zabaltzeko eta garagardo sektorea indartzeko helburuz. Urtean 5.000 litro garagardo saltzen dituzte. Orain arte hiru garagardo mota izan dituzte, IPA estilokoa, gorria eta horia, baina sorta handitzeko asmoa dute. Horregatik, hemendik gutxira bezeroek IPA estiloko beste garagardo berri bat dastatzeko aukera izango dute. Dena dela, beste hainbat markako artisau garagardo ere eskaintzen dituzte, eta proiektuko kideek argi dute bezeroek beti topatzen dutela gustuko garagardoren bat eskaintzen dituzten zortzi iturrietako batean. 

Jan-edana eta musika

Iparran uste dute esperientzia gastronomiko onena konbinazio perfektutik datorrela, eta horregatik hanburgesa gourmetak dira bertako beste protagonistetako bat. Aukera zabala dute, eta hilabetero hanburgesa berri eta berezi bat eskaintzen dute. Hala ere, horien guztien mokadu eta trago bakoitza harrituta uzteko pentsatua dago, kalitatezko osagaiekin egiten baitituzte. 

Kulturgintza ere zaintzen dute tabernan. Horregatik, bezeroak jan-edanaz asetzeaz gain, kultur jarduerak ospatzeko espazio goxo eta atsegina ere bada. Azken jarduera Juantxo Arakama musikari tolosarraren disko berriaren aurkezpen ekitaldia izan zen. «Sekulako arrakasta izan zuen; jende asko etorri zen eta Juantxo ere pozik egon zen. Giro oso ona izan genuen eta noizean behin horrekin jarraitzeko asmoarekin gaude», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!