Julian Rivasen eskutik hartu zuen lekukoa Matias Gorrotxategik, baina gaur egun, Xabier Gorrotxategi semeak du jatetxearen ardura. «Aitak 40 urtean eraman du Casa Julian jatetxea, eta oraindik hor jarraitzen du. Hark egin duena sinplea dirudien arren, oso zaila da; modak egonda ere, aitak duela 70 urte hasi zuen jatetxearen egitura mantendu duelako».
Sukaldaritza tradizionala egiten dute. Hasierako nortasun horri eutsi nahi diote, Julian Rivasekin oroitzen direlako eta jadanik balio bat lortu duelako. Hala, txuleta parrillan eta konfitatutako pikillo piperrak dira jatetxearen bi eskaintza bereziak. «Mekanizazio garaian, hemen inguruan behi eta idi asko zeuden, eta Julian Rivasek horiei balioa eman nahi zien. Izan ere, ordura arte ez zen behi edo idi haragirik jaten, baina gaur egun edozein jatetxetan topatu zenezake». Konfitatutako pikillo piperrei dagokienez, antzeko zerbait gertatzen dela azaldu du: «Piperrak eta zainzuriak ez ziren luxuzko produktuak eta etxean jaten ziren. Julianek jatetxera ekarri eta hasi zen haragiarekin batera eskaintzen. Gaur egun, Nafarroan, kontserben inguruan sortu den ekonomia sekulakoa da».
Hala ere, hasiak dira aldaketaren bat edo beste egiten. Gorrotxategik azaldu duenez, batetik, denboraldiko platerekin uztartu dute eskaintza, eta, bestetik, txuletaz gain, behiaren zati gehiago gehitu dituzte. «Txuletak ondo saltzen ditugula ikusi genuen, baina behia oso handia da, eta gainontzeko zati guztiei errentagarritasuna atera nahi genien; txorizoak egiten hasi ginen, baina orain zezinatik hasita, sobrasada, saltxitxoia, eta beste hainbat gauza egiten ditugu».
- Helbidea. Santa Klara Kalea 6 (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 943 671 417
- E-posta. reservas@casajulianmg.com
- Webgunea. casajulian.eus
