Gehigarria: Gastronomia

Nekazariengandik zuzenean zure sukaldera

Ataria 2025eko azaroaren 9a

Tolosako Babarruna Elkartea 1994an eratu zuten eta gaur egun 35 bazkide-ekoizle ditu Gipuzkoan zehar barreiatuta. Guztien artean 21 hektareako azalera ereiten dute, eta 15/25.000 kilo babarrun biltzen dituzte. 1999tik Eusko Label zigilupean daude.

2002ko azaroan, Tolosako San Esteban auzoan, babarruna aletu, bereizi, izoztu, ontziratu, etiketatu eta merkaturatzeko pabiloia inauguratu zuten. Bertatik ateratzen dira hain ezagun egin diren babarrun zakutxoak.

Elkartearen helburu nagusiak dira bertako babarruna defendatzea, ezagutaraztea eta bereiztea erruz sartzen den kanpoko babarrunari aurre egiteko. Azken finean, kontsumitzaileari jatorriaren eta kalitatearen ziurtagiria duen produktua eskaini nahi diote, eta, nekazariari, berriz, ordain egokia eta duina eman. Elkarteak labore honen ikerketa eta garapena sustatu eta bultzatu nahi ditu. Lan-prozesuetan ezarritako sistema eragileen bidez produktuaren ibilbidea eta kalitatea kontrolatu, eta elkarren arteko merkataritza bereizia egiten du, irudi korporatiboaren erabilera zentralizatuz, eta kontsumitzaileen konfiantza hobetzeko helburuarekin.

Nola prestatu babarrunak?

Babarrun kilo bat erabili, 8 edo 10 pertsonarentzat. Jarri babarrunak lapikoan urez ondo estalita su bizian. Irakiten hasten denean, bota 8 edo 10 koilarakada oliba-olio. Utzi 10 minutu gehiago irakiten eta ondoren jaitsi suaren indarra, irakin alai batekin utzita. Gehitu ur beroa (txorrotekoa) beharrezkoa denean. 2 ordu eta erdi edo 3 ordutik aurrera, joan sua doitzen irakin baxu bat mantentzeko, eta, nahi izanez gero, babarrunak beste ordu batez sutan eduki. Bukaeran, bota gatza, utzi 10 minutu, eta jaitsi sua edo itzali.

  • Telefono zenbakia. 943 65 02 53
  • Helbidea. San Esteban auzoa 29, A / Laskorain Goikoa Industrialdea (Tolosa)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!