Gehigarria: Gastronomia

Ardoen erreferentziazko saltoki

Ataria 2025eko azaroaren 9a

Garazi Artetxe Ardoteka Tolosak Belate pasealekuan duen dendan.

Duela urtebete eman zioten hasiera Ardoteka proiektuari Garazi Artetxe eta Maider Lopez tolosarrek.

Benta Aldea jatetxeak Belate pasealekuan duen lokala alokairuan hartu, eta lehen biltegia zena boutique bilakatu zuten, batez ere, askotariko ardoak saltzeko: zuriak, gorriak, beltzak, cavak, xanpainak, sagardoak eta txakolinak. Ardoak ez ezik, bestelako edariak, likoreak eta zenbait jaki topa ditzake bezeroak bertan, guztiak ere, txukun sailkatuta.

Edozein supermerkatutan topatu ezin daitezkeen jakiak dituzte, eskualdeko nahiz Euskal Herriko ekoizleenak, hala nola, barazkiak eta itsasoko produktuak kontserban, txerrikiak, eztia edo esnekiak. Nabarmendu dute ekoizle txikien artean elkarri laguntzea ezinbestekoa dela.

Bezeroarekiko gertutasuna

Bezero guztien beharretara egokitzeko ardo botilak dauzkate, 2 eurotik 140ra artekoak. Bezeroak, batez ere, egunero kontsumitzeko ardoen bila joaten dira, eta tarteka, zerbait berezia nahi duen norbait ere joaten da. Badira ia egunero dendara joaten direnak, botilak edo kaxak erostera; beste batzuk, opariak egiteko aholku eske joaten dira. Aitortu dute ardoaren kontsumoa zertxobait jaitsi dela, eta gazteek oso gutxi kontsumitzen dutela, eta bezero gehienak gizonezko helduak izaten direla.

Bezeroarekiko gertutasunak bereizten du Ardoteka. Supermerkatu handietan topatzea zaila den laguntza ematen dute, eta, asmoen eta aurrekontuaren arabera, produktu bat edo beste jartzen diote aukeran bezeroari. Nahi duenak, otordu edo ospakizun berezietarako ardo onena topatzeko aukera du bertan. Egurrezko kutxa bereziak prestatzen dituzte oparitarako; edariak ez ezik, jakiak ere sartzen dituzte. Udazken bete-betean, erosleen mugimendua handiagoa dela aitortu dute. Hori dela eta, Gabonei begira, askotariko sortak egingo dituzte upategiekin elkarlanean, batik bat, enpresetarako. Berriki, Donostian egin den kongresu baterako 475 sorta prestatu dituzte.

Dastaketak egiteko aukera

Zein ardo botila hartu erabakitzeko zalantzak dituenak, erosi aurretik, dendan bertan dastatzeko aukera dauka. Sei lagunentzako mahai bat daukate lokalaren amaieran, eta bezeroek eskatuz gero, dastaketak antolatzen dituzte. Bakarrik, bikotean, lagunekin edo senideekin joateko aukera dago. Dendako edozein botila aukeratu, ireki eta dastatu dezake bezeroak, eta bitartean, jakiak probatu. Aurrez egin behar da hitzordua, dastaketa mota adosteko.

  • Helbidea. Belate pasealekua 1 bis, behea (Tolosa)
  • Ordutegia. Asteartetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan 09:30etik 13:30era; eta igande eta astelehenetan itxita
  • Telefono zenbakia. 943 506 638
  • Instagram. @ardot3ka_tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!