Gozogintza tradizionala eskaintzen dute, eta eurek egindako postre eskaintza zabala dute; denetariko tartak, tiramisuak, intxaur eta txokolatezko bizkotxoak, kanela-biribilkiak edota zerrendara gehitu berri dituzten galletak egiten dituzte, besteak beste. Eskaintza zabal horren artean bada bereizi behar den produktu bat: gazta-browniea. «Brownieak egosketa bikoitza du, alegia, bi egosketen artean etenaldi bat egin behar da, beste prozesu bat gehitzeko, eta ondoren bukatzen da errezeta. Egosketa bikoitz horren ondorioz, brownieak hiru testura-mota lortzen ditu; gazta-kremarena, mus batena eta bizkotxoarena», azaldu du Brigittek.
Kolonbiar ikurra
Tolosak gozogintzako tradizio handia duen herria dela dio Brigittek: «Alde Zaharrean, esaterako, hainbat gozogile daude, eta horietatik desberdintzen gaituen zerbait eskaintzea erabaki genuen». Horregatik, eskaintza horretan haien nortasuna eta kultura gehitzea erabaki zuten. Izan ere, ama-alabak kolonbiarrak dira, eta haien lurraldeko gozo tradizionalen artean, besteak beste, hiru esnetako bizkotxoak –pistatxo, Kinder, Oreo eta beste hainbat zaporetakoak– eta pandebono ogia egiten dute; azken hori, batez ere, asteburuetan izaten da salgai. «Yuca almidoituarekin egindako opila da, eta gazta mota ugari ditu, nahiko trinkoa baina zapore handikoa da», gaineratu du.
- Helbidea. Korreo kalea 23 (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 747 42 20 38
- Ordutegia. Astelehena itxita eta asteartetik ostiralera (07:30-13:20/16:00-20:00) eta larunbatetik igandera (08:30-13:30) zabalik.
- Instagram. @bizilagun.to
