Bizpahiru aste dira eskaintza berria egiten hasi zirela eta arrakasta handia izan du orain arte. Oso modu onean eskaintzen dituzte gosariak, 6,80 euroan merkeena eta 7,20 euroan garestiena. Gosari konpletoa da.
Sei aukera
Oinarrian gosari guztiek dute aukeran te marokoarra edo kafea, laranja zuku naturala edo irabiatua. Horrekin batera ogi marokoarra eta gari semolarekin egindako tostadak eskaintzen dituzte. Sei mota daude aukeran Ara Dulcen eta askotariko produktuekin osatu daitezke: gazta krema, tomate saltsa espeziatua, hestekiekin, ahuakatearekin, gaztarekin edo marmeladarekin. Arrakasta handia dute txanpiñoi eta gaztarekin lagundutakoek, edota gazta krema, ahuakatea eta oliba olioarekin osatutakoek.
Gozoa eta gazia konbinatuta eskaintzen dituzte eta jendeak gozorako joera handiagoa duen arren, hasi da baita ere jaki gaziak probatzen. Gosaritarako ez ezik, arratsaldean, meriendarako ere probatzen ditu jendeak jaki arabiarrak. Enpanadilla moduak prestatzen dituzte, haragi eta arrain mota ezberdinez osatua. Pastela izenekoak ere oso ezagunak dira, oilaskoa eta almendra daramatenak.
Aurretik ere mimo handiz prestatzen zituzten pastak ere aukeran izaten dira Ara Dulcen. Askotarikoak dira, fruta freskoarekin eta fruitu lehorrekin egindakoak, azukre gutxi eta askotan eztia erabiliz. Estimu handia dute tolosarren artean marokoar erara egindako pastek.
- Helbidea. Kale nagusia 31 (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 685 30 25 58
- Ordutegia. Astelehenetik larunbatera 07:30 - 14:00 / 15:30 - 20:00. Igandeetan 08:30 - 14:00.
- Instagram. @aradulcetolosa
