Bi hilabete igaro dira Tolosako Hiribusaren zerbitzuak ibilbide eta ordutegi berriak dituenetik. Denbora tarte horretan, herritarrek zenbait kexa helarazi dizkio udalari, eta urriko osoko bilkuran luze eta zabal eztabaidatu zuten udal gobernuak eta oposizioak. Ainhoa Dominguez EAJ-ko zinegotziak atera zuen gaia, galdera eta eskaeren txandan. «Enpresaren azken txostenean agertzen da ez dela kexarik jaso, baina guk badakigu kexak badaudela, eta ezinegona handia dela. Udalaren ardura da zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzea», esan zuen. Gainera, udal gobernuari galdetu zion ea zer jarraipen egiten dion kontratuaren betetze-mailari.
Aitor Agirresarobe EH Bilduko zinegotziak ibilbidearen eta ordutegiaren aldaketa nabarmendu zituen. «Horrek erakusten du zerbitzua doitu eta hobetzeko lanean ari garela. Orain, Iurreamendi egoitzara egunean lau aldiz igotzeko prozedura abiatuko dugu. Espero dugu hori martxan jartzean arazoak gutxituko direla». Era berean, aitortu zuen kexak badaudela, eta «harrituta» dagoela enpresak uztaileko eta abuztuko txostenean ez duelako bat bera ere jaso. «Ez da erreala». Esan zuen kexa guztiei erantzuna ematen saiatzen direla, eta bat jasotzen duten aldiro enpresari helarazten diotela. Patxi Amantegi EAJko zinegotziak nabarmendu zuen udal gobernuaren ardura dela enpresak ematen duen zerbitzuaren jarraipena egitea: «Ezin zarete kexen zain egon. Arazo teknikoak badaude, salbuespenak izan daitezke, baina azken boladan salbuespena arau bihurtzen ari da».
Halaber, Agirresarobek azaldu zuen autobusaren egoeragatik jasotako kexen inguruan zenbait faktore elkartu direla: «Ohiko autobusak arazo mekanikoak ditu, etengabe, eta ez dute asmatzen nola konpondu. Ordezkoarekin ere arazo bera izaten ari dira. Enpresak hirugarren eta laugarren autobusak jarri ditu, zerbitzua bermatzeko. Egunero gaude gainean, eta saiatzen gara zerbitzua ahalik eta onena izan dadin». Dominguezek erantzun zion autobusak arazo mekanikoak izatea ez dela udalaren arazoa: «Hori enpresak bideratu behar du, eta zerbitzu egokia bermatu behar du».
Bestetik, Amantegik gogora ekarri zuen Cuadrabus enpresari udalak ezarritako zehapen-espedientea. «Isunaren mehatxua egiten bada, zerbitzua txarra izan delako, eraman aurrera. Horrek garbi adierazten du zerbitzuaren jarraipena nolakoa izaten ari den, isuna iraungi egin delako». Ander Figuerido hirigintza zinegotziak erantzun zion isunarena ez zela izan zerbitzua txarra zelako, enpresak udalaren autobusa beste zerbitzu batzuetarako erabili zuelako baizik. «Aurreko legealdian ere erabili zen, eta orduan ez zen zehapen-espedienterik ireki. Gu, behintzat, saiatu gara, eta teknikari faltagatik ez dugu lortu aurrera eramatea», esan zuen. Hirigintza zinegotziak gogorarazi zuen aurreko udal gobernuak egin zuela zerbitzu-kontratua. «Orduan inork ez zuen zenbait pleguren kontrolik egin», esan zuen.
Irtenbide falta
Hiribuseko erabiltzaile ugari joan zen osoko bilkurara. Oso haserre zeudela esan zuten, eta arazoari irtenbideak ematea eskatu zuten. «Penagarria izaten ari da enpresa ematen ari den zerbitzua. Hiribusaren arazoa ez da oraingoa, azken urteotakoa baizik, eta okerrera goaz. Lotsagarria eta onartezina da», esan zuen erabiltzaile batek. Era berean, honako galdera luzatu zion Figueridori: «Nola barkatu zaio zehapen espedientea enpresari zerbitzua txarra bada?». Hirigintza zinegotziak erantzun zion lehentasuna kontratu berriari eman ziola udalak.
Andu Martinez de Rituertok erantzun zien erabiltzaileei «arrazoia» dutela. Hori bai, «mingarria» iruditu zitzaion udal gobernua kontratuaren jarraipena egiten ari ez dela esatea. «Zerbitzua ez da guk nahiko genuena bezalakoa izaten ari, baina kontratuaren jarraipena erabatekoa da. Kontua da enpresa ez dela behar bezala erantzuten ari». Nabarmendu zuen autobusa «arazo handiak» ematen ari dela, eta gaineratu zuen udal gobernuaren konpromisoa lanean jarraitzea dela. «Badakigu azken hilabeteotan ez dugula arazoak konpontzeko irtenbiderik eman, baina epe motzean zerbitzu hobea emateko gai izatea espero dut».
2026an, kontratu berria
2020tik dago indarrean egungo zerbitzu-kontratua, eta 2026ko maiatzean amaituko da. Gaur egun, udala lizitazio berria prestatzen ari da. Alkateak adierazi zuen abendurako martxan jartzea espero dutela, eta teknikariak kontratuaren baldintzak lantzen eta fintzen ari direla. «Horrek ez du kentzen apirilera bitarte ahalegin guztiak egingo ditugula zerbitzua duina izan dadin», gaineratu zuen. Alkateak aurreratu zuen ordutegia aldatuko dutela: «Denboraz justu ibiltzen da autobusa, eta gidariek estres gutxiagorekin lan egiteko aukera izango dute; zerbitzua ere egokiagoa izango da».
Pintadak fatxadetan
Hiribusaren gaiari heldu aurretik, Joxe Mari Villanueva PSE-EE-ko zinegotziak herriko zenbait fatxadetan egindako pintadak salatu zituen. Hilabete batean sozialisten Tolosako egoitzan hiru aldiz egin dituztela esan zuen. «Arrazoi politikoei erantzuten diete. Ez da garrantzirik gabeko anekdota bat, edo gutxietsi beharrekoa. Markaketa horren atzean dagoen kultura politikoa bateraezina da gizarte demokratiko batekin. Edozein eraso ez da isilarazi behar».
Eraikin publikoetako eta etxebizitza pribatuko eraikinetako fatxadetako pintadak garbitzeak udalarentzat nahiz bizilagun-komunitateentzat kostu ekonomikoa duela gogorarazi zuen. «Gure kale eta plazen irudia hondatzen du, eta zikinkeria eta utzikeria sentsazioa sortzen du». Halaber, zinegotzi sozialistak salatu zuen udal bat ezin dela beste aldera begira geratu: «Jarduera horiei zilegitasuna kentzeko ekintzak egin daitezke».
Besteak beste, jokabide horiek salatu behar ote diren galdetu zion Villanuevak alkateari. Martinez de Rituertok elkartasuna adierazi zion, baina esan zion pintada horietan ez dela mehatxurik egon, eta gehiago dutela bandalismotik. «Mezu orokor bat izan da, Palestinako sarraskiaren inguruan gizarteko zenbait eragilek darabiltena».
Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean modu koordinatuan lan egiten duten ere galdetu zion zinegotzi sozialistak. «Udaltzaingoa jakinaren gainean zegoen, eta kontrola handitzeko esan nien, baina ez da erraza, kamerak ez badira kokatzen. Ertzaintzaren lana da gehiago. Ez dakit Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari diren, baina pentsatzen dut koordinatuko direla», erantzun zion alkateak.
Villanuevak berriro hartu zuen hitza, pintaden gaia «oso larria» iruditzen zaiola eta publikoki salatu behar dela azpimarratzeko: «Pedagogia egin behar dugu, eta ezin gara isilik geratu». Xarles Iturbe EAJ-ko zinegotziak ere «pedagogiaren alde» egiteko eskatu zion udal gobernuari, baita «jokabide irmoagoa» izateko ere: «Ez nituzke efektu isolatu modura tratatuko. Uste dut estrategia antolatu bat dagoela. Bizikidetza kontua da».