Irailean Hiribusaren ibilbidea eta ordutegia aldatu zituen Tolosako Udalak, behin behinean. Helburua zen datorren urteko ekainetik aurrerako kontratuan —orduan amaitzen baita 2020tik indarrean dagoena— sartu beharreko aldaketak aurrez probatzea, aldaketak aztertu eta egokitasuna baloratzeko. Bi hilabete hauetan egokitzapenak ebaluatu dituzte eta, ondorio horietan oinarrituta, berriro ere eguneratuko dute.
Horiek horrela, udalak erabaki du Hiribusa berriro ere igoko dela Iurreamendi egoitzara. Irailera arte egunean bitan joaten zen autobusa egoitzaren atarira, biak ala biak arratsaldez. Aldaketarekin goizean beste bitan ere igoko da. Horretarako, aldaparen hasieran errepidea egokitzeko lanak egin dituzte, autobusak arazorik izan ez dezan, eta aurrerago ere beste lan batzuk egingo dituzte are gehiago errazteko. Aldaketa honek ordutegien egungo antolaketan ere eragingo du.
«Bi aldiz bildu gara aurrez aurre egoitzako egoiliarren senideekin: irailean, aldaketa gauzatu eta gutxira; eta pasa den astean. Lehen bileran autobusa bertara igotzeko zailtasunak azaldu genizkien, eta beren beharrak jaso genituen. Guk erabilera-datu batzuk ere bagenituen, baina ikusi zen datuek esaten zutena baina behar handiagoa zegoela, lehenagotik ere bazetorrena. Aurreko egoerak ere ez zituen behar bezala asetzen behar horiek egoiliarrentzat. Horregatik, errepidean egokitzapen lanak egin eta zerbitzua berriro ere jartzeko aldaketa martxan jarri dugu, hobekuntzekin», azaldu du Andu Martinez de Rituertok.
Alkateak esker hitzak izan ditu senideentzat: «beren desadostasuna errespetuz adierazi dute. Haiek ere eskertu ziguten bi aldiz bertaratu izana. Horrek balio izan digu, hiribusari lotutako beharrak ez ezik, bestelako beharren inguruan ere aritzeko. Udalaren ardurapekoak direnak nola bideratu ikusiko dugu orain; beste batzuk Kabiaren eskumenekoak dira, eta guk ere arduradunekin hitz egiteko konpromisoa hartu dugu», gehitu du.
Aldaketa tramitatzeko eginbideekin hasi da udala, eta horiek amaitu ondoren sartuko dira indarrean aldaketa guztiak. Aurrerago emango dituzte xehetasun guztiak.