Tolosako Abesbatza Lehiaketaren berrogeita hamaseigarren edizioa egin dute goizean Leidor aretoan; Estatu Batuetako Delaware Choral Scholarsek lau sari irabazi ditu, eta tartean lortu du datorren urtean Esloveniako Mariborren ospatuko den Europar Sari Nagusirako txartela.

Kutxaren Sari Nagusia jaso du Paul D. Head estatubatuarrak zuzendutako Delaware Choral Scholars abesbatzak. Horrela, 2026ko apirilaren 18an Esloveniako Mariborren ospatuko den Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusirako txartela lortu du.

Hala ere, ez da irabazi duten sari bakarra izan; polifonia eta folklore sailetako lehenengo sariak eta euskal abesti baten interpretazio onenaren saria eskuratu dituzte. Azken hori Pablo Sorozabal musikagilearen Arrox Lilia lanaren interpretazioarekin etxeratu dute.

Aurtengo edizioak irabazle argia utzi du,  eta abesbatza zaleek pozik txalotu dute epaimahaiaren erabakia. Hain justu, Enrique Azurza (Euskal Herria), Aira Birzina (Letonia), Ambroz Copi (Eslovenia), Paud D. Head (Estatu Batuak), Bengt Ollén (Suedia), Oleksiy Shamrytskyi (Ukraina), Bernie Sherlock (Irlanda) eta Dario Tabbia (Italia) zuzendariek osatu dute aurten epaimahaia, eta beste hainbat sari ere banatu dituzte. Horrenbestez, honakoak izan dira aurtengo irabazleak:

  • Ahots taldeak – Musika erlijiosoa
    • Lehenengo saria: Svanholm Singers (Suedia)
    • Bigarren saria: Sonat Vox (Alemania)
    • Hirugarren saria: En Kör (Suedia)
  • Ahots taldeak – Musika profanoa
    • Lehenengo saria: En Kör (Suedia)
    • Bigarren saria: Sonat Vox (Alemania)
    • Hirugarren saria: Svanholm Singers (Suedia)
  • Ganbera abesbatzak – Polifonia
    • Lehenengo saria: Delaware Choral Scholars (AEB)
    • Bigarren saria (ex aequo): Yumecan Choir (Japonia) eta Youth Choir Balsis (Letonia)
    • Hirugarren saria: Choir of Detmold University of Music (Alemania)
  • Ganbera abesbatzak – Folklorea
    • Lehenengo saria: Delaware Choral Scholars (AEB)
    • Bigarren saria: Yumecan Choir (Japonia)
    • Hirugarren saria: Youth Choir Balsis (Letonia)
  • Kutxaren sari nagusia: Delaware Choral Scholars (AEB)
  • Euskal abesti baten interpretazio onena: Delaware Choral Scholars (AEB)
  • Entzulegoaren saria: Sonat Vox (Alemania)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!