Hainbat odol ateratze saio egiten dira Tolosaldean. Horietako bat Tolosan izaten da, hileko hirugarren astelehenean, arratsaldez, kultur etxeko Gazte Topagunean. Azken saioan Marisol Martin, Migel Anjel Azaldegi eta Jose Mari Odriozola boluntarioak zeuden, odol emaileei mokadutxoa eskaintzeko odol ematearen ondoren. Mari Jose Agirrezabala aritzen da Tolosako boluntarioen koordinazio lanak egiten.
Garai batean jendeak goizez joan behar izaten zuen zenbakia hartzera, eta arratsaldean azaltzen zen zenbaki horrekin. «Asko itxaron behar izaten zen. Gaur egun, Internet bidez edo telefono bidez hartu daiteke ordua», esan du Odriozolak. Gipuzkoako Odol Emaileak elkartearen Gotatanta.eus webguneak ematen du horretarako aukera. «Orain arinagoa da, eta ez dago itxaron beharrik». Boluntarioen egitekoa mokadutxoa antolatzea da. «Odol ateratzeak egiten dituztenek behar duten material guztia ekartzen dute», diote. «Guk jatekoa jasotzen dugu gero, eta listo».
Hilero boluntario berdinak egoten dira. Martinek eta Odriozolak zazpi bat urte daramatzate, eta Azaldegi nahiko berria da egiteko horretan: «Odola ematen aritu eta 70 urtera iristen zarenean, hasten zara laguntzen. Marisolek galdetu zidan ea laguntzera etorriko ote nintzen, eta nik baiezkoa eman nion». Beti Ikasten egitasmoan elkar ezagutu zuten eta elkarrekin animatu ziren boluntario izatera.
Odola emateko 18 urte beteta izan behar dira, eta 70 urte egin arte eman daiteke. «Nahiko gustura gaude, gazte jendea etortzen delako. Horiek dira fitxaketak», esan du Martinek. Tolosan egiten diren odol ateratzeetan 60ko muga jartzen da, eta hilero betetzen da kopurua. Horietatik batzuk atzera botatzen dira; izan ere, odola Gasteizera analisia egitera eraman ondoren, odol poltsaren bat edo beste atzera bota ohi da. Gizonezkoek hiru hilabetez behin eman dezakete, eta emakumezkoek lau hilabetez behin. Odol emaileak nabarmentzen dituzte odol emate kopuru jakin batzuetara iristean: zilarrezko domina 25 aldiz ematerakoan; urrezkoa emakumeei 40 aldiz ematerakoan eta gizonezkoei 50 aldiz eman ondoren; eta oroigarri bereziak ematen zaizkie emakumezkoei 60 eta 80 odol emateetara iristerakoan, eta gizonezkoei 75 eta 100 kopuruetara iristerakoan.
Gipuzkoako ospitaleetako beharrei ondo erantzuteko 26.600 odol poltsa behar izaten dira urtean. «Momentuz ondo erantzun dugu, baina gure helburua urtean Gipuzkoan 27.500 odol poltsa lortzea izango litzateke», esan du Ibarran bizi den Alazne Oiarzabal anoetarrak, Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteko langileak. «35 urtez azpiko odol emaileak urriagoak dira, eta horiek gehitzea da gure beste helburuetako bat, gure etorkizuna baita».
Odol emate bakoitzetik hiru osagai lortzen dira: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Globulu gorriak odola galtzen denean —istripu baten ondorioz, ebakuntza kirurgikoetan…— eta anemia kasuetan erabiltzen dira. Plaketak, koagulazio arazoetan edo plaketa falta denean erabiltzen dira. Plasma transfusioak gutxi izaten dira: gehienak laborategi espezializatuetara bidaltzen dira eta gaixotasunak tratatzeko sendagaiak egiteko erabiltzen dira. «Odol emate bakoitzetik hiru pertsonen bizia salbatzen edo sendatzen laguntzen da», zehaztu du Oiarzabalek. «Horregatik da hain garrantzitsua odola ematea». Jendea kontzientziatzen jarraitu behar dutela gaineratu du: «Odol Emaileen Elkartearen eta bere ordezkariaren lana beharrezkoa da; odol emate boluntarioa eta altruista bultzatzen eta bermatzen dute herri bakoitzean».
«Beharrezkoak gara»
Tolosan egindako urriko saioan odola eman zuenetako bat Gorka Igartua izan zen. Bere 47. aldia izan zen. «Nahiko berandu hasi nintzen, 2005ean. Geroztik tartean izan ditut zenbait ebakuntza eta zenbait gorabehera, eta ahal dudanean saiatu izan naiz ematen». Betidanik, jendearekiko konpromisoa izan duela dio: «Gazteekin lana egin izan dut, eta beraiek ere bultzatu ditut odola ematera ikastetxe batean. Momentuan antolatuz gero animatzen dira gazteak, gero jarraipena falta da». Gazteei deia egin die odola emateko: «Gero norbaitentzako mesedea izango da. Ez zaigu ezer kostatzen, eta tarteka, ahalegin bat egitea da, besterik ez. Ez dago aitzakiarik ez etortzeko».
Xabier Unanuek 44 urte ditu, eta bigarren aldiz eman du odola: «Nire aita odol emailea zen, eta urte luzez ez naiz animatu, baina aurreko urtean ikusi nuen udaran odola behar zutela, eta horrek animatu ninduen». Urduri etortzen dela dio, baina gero lasaitu egiten dela. «Ez dut begiratzen nola ateratzen duten». Eskertzen du ondorengo mokadutxoa hartzea: «Jendearekin hitz egiten duzu, bakoitzaren esperientziak jasoz. Batzuk askotan etorritakoak dira, eta ondo dago ikuspegi hori jasotzea». Odolaren beharra izan arte ez zarela horretaz ohartzen gaineratu du: «Ospitalera joatea tokatzen bazaizu, ikusten duzu zeinen garrantzitsua den, eta odola jasotzen baduzu, badakizu hori norbaitena izango dela. Odol emaileak beharrezkoak gara».
Aurreko urtean hasi zen ere Ekaitz Begue odola ematen. 23 urte ditu, eta bere hirugarren aldia da. «Nire aitak beti odola eman izan zuen, eta pentsatu nuen 18 urte betetzerakoan odola ematen hasiko nintzela. Azkenean, 22 urterekin hasi nintzen». Hasieran urduri zegoen, «baina gero ikusita oso atseginak direla erizainak, oso gustura egiten dut. Ahal dudan heinean, gustatzen zait laguntzea, eta jarraituko dut». Beguek begiratu egiten du nola sartzen dioten orratza: «Tatuajeak ditut, eta beti uzten dut libre odola emateko orratza sartu ohi den lekua. Tatuajearen gainean ezin da orratza sartu, eta tatuaje bat egiten badut lau bat hilabete itxaron behar dut berriz odola emateko».
Aurten bitan eman du odola Itxaso Etxebarriak, baina oraingoan ezin izan du: «Zainak nahiko finak dauzkat eta normalean asmatzen dute, baina gaur eskuineko besoan ezin izan dute asmatu, eta ezkerrekoan ere ez dute topatu. Hemendik hiru hilabetera berriro etorriko naiz». Orain dela urte asko odola ematen hasi zen, baina gero utzi egin zuen. «Prentsan beharra zegoela irakurri nuen, eta berriro ere joatea erabaki nuen».
Odol ateratzeak egiteko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik talde bat joaten da herrietara, eta baita enpresetara eta ikastetxeetara ere. Odola emateko prozesua beti bera izaten da. Erizain batek harrera egiten du: tentsioa hartu eta ziztada txiki bat eginez behatzean hemoglobina behatzen du. Ondo badago, medikuarengana pasa behar da elkarrizketa egitera; horretarako prestakuntza duen erizain batek ere egin dezake elkarrizketa gaur egun. Dena ondo badago, egongelara pasako da odol emailea. Besoa aukeratzeko aukera ematen zaie, eta horren arabera antolatzen dituzte ohatilak. Odola eman ondoren, boluntarioek prestatutako mokadutxoa hartzera joaten da odol emailea. Ondoren, berriro erizainengana joaten da, eta zauria ondo itxita badago, etxera joan daiteke.
«Lehenengo aldian, ezagutzen ez duzun zerbait izanda, urduri egotea normala da», esan du Maialen Moreno erizainak. «Orratzak eta odola ez dira izaten inoren gustukoak; betiko fantasma hori hor dago». Mundu guztiari gomendatzen dio odola ematera joatera: «Beldurra daukanari esaten diot ongi hartuko dugula, eta etorri daitekeela galdetzera eta baloratzera, ikusteko zer den». Ez dela inor ezertara behartzen nabarmendu du, eta azken momentura arte ezezkoa eman daitekeela. «Gogoa duena edo kuriositatea duena lasai etor dadila».