Juan Ignazio Rekondok (Alegia, 1964) ehun aldiz baino gehiagotan eman du odola. Joan den abenduan eman zioten ehungarren odol ematearen oroigarria, eta ordudanik beste pare bat aldiz gehiagotan eman du. 40 urte inguru daramatza Asuncion klinikan mantentze lanetan, eta gainera, bere baserriko lanetan ere aritzen da.
Odola Alegian ematen duzu beti?
Urtean hiru aldiz izaten da aukera Alegian odola emateko, baina ez dut beti bertan ematen. Ahal dudanean bai; herrira etortzen dira, eta hori aprobetxatu egin behar da. Bestela, gero eta jende gutxiago joaten bagara, kendu egin dezakete eta. Herrian emateko aukera ez dagoenean, Donostiara ere joan izan naiz. Ni ondo banago, eta eman nahi badut, bai edo bai hiru hilabetez behin eman ematen dut.
102 aldiz emateko, aspaldi emango zenuen lehena.
Lehenengo aldiz 19 edo 20 urterekin izango zen. Gero, adina horrelakoa izaten da, txoriak ere bai buruan, eta tarte batez ez dakit nola ibiliko ote nintzen, baina behin 30 urtetik gora-edo ahal nuen guztietan ematen nuen. Ez banintzen ohartzen Alegian noiz izaten zen, Donostiara joaten nintzen.
Donostiako egoitzara edozein momentutan joan daiteke?
Bai; lokala etxabe batean dago eta aparkalekua dago bertan autoa uzteko. Nahi izanez gero, ez dago aitzakiarik ez emateko. Gaizki sentituko banintz... baina ondo sentitzen banaiz ahal dudan guztietan joango naiz. Utzikeriagatik ez diot joateari utziko behintzat.
«Ondo sentitzen banaiz, ahal dudan guztietan joango naiz; utzikeriagatik ez diot joateari utziko»
Nolatan hasi zinen odola ematen?
Gu lau senide gara, eta ni zaharrena. 9 urte nituela hil zen ama. Eta aita hil zen 13 urte nituela. Baserrian bertan bizi ginen. Aita gaixotu zenean, gibela oso ukituta zuen, eta azkenerako Donostian ingresatuta egon zen; odola galtzen zuenenez, odola sartzen zioten. Nik horiek denak aditu nituen etxean. Gure izeba bizi zen gurekin, eta hark esan zidan, 19 urte nituela, aitari makina bat odol sartu ziotela, eta ea ez al zitzaidan bururatu odola ematera joatea. Orduan erabaki nuen odola emango nuela, eta horrela hasi nintzen.
Nola bizi duzu odola ematea bera?
Ez duzu ezer sentitzen. Sartzen dizuten orratza ez da fina, pixka bat estutu egiten zara, baina momentu hori bakarrik da. Jende asko beldur horrengatik ez da joaten, baina estutasun txiki hori pasatu, eta ikusten duzu zenbateko mesede egin dezakezun. Nire odolak beste bati bizia salbatzen edo luzatzen badio, zoragarri. Eta beti esaten dudana: ematea hobe, hartzea baino.
Asuncion klinikan lan egiten duzu, ez osasun arloan, baina odolaren beharraz adituko zenuen.
Aditu, askotan. Eta interbentzio batzuk egin gabe utzi behar izatea odola falta delako ere bai. Laborategian izaten da odola-eta hozkailuetan sartuta, eta ikusten dudanean, pentsatzen dut agian nirea tartean egongo dela. Udaran esaten dute odol falta izaten dela. Jende gutxiago joaten da medikuarengana, baina odola behar duena bai ala bai joango da. Asuncionera etortzen den odola odol bankutik etortzen da. Asuncionen ez da izaten gordeta odol pila bat: beharraren arabera eskatu egiten dute. Horretan aritzen diren banatzaileak ibiltzen dira.
Osasuntsu egon behar izaten da odola emateko?
Anemia baduzu, ezin duzu eman. Gaixotasunen bat badago tartean, aztertu behar izaten da. Baina normalean osasuntsu baldin bazaude, ez da arazorik izango. Belauna izorratuta baduzu hezurrarengatik, berdin-berdin eman dezakezu. Botikaren bat hartu baduzu edo probaren bat egin badizute, kontuan hartuko dute, eta denbora tarte batean ez dizute utziko ematen. Hepatitis pasatu dutenek ezin dutela eman esaten zen lehen. Niri gertatu izan zait odola ematera joan, eta esatea ezin dudala eman. Fibroskopia bat egin zidaten, eta ondoren odola ematera joaterakoan esan zidaten denbora bat itxaron behar nuela. Jakin izan banu, proba egin aurretik joango nintzen. Antibiotikoren bat hartzen aritu eta odola eman gabe geratu izana ere gertatu zait. Tentsioa hartzen dizute odola eman aurretik, eta ez baduzu neurrian, ezin duzu eman. Baina, nire kasuan, gutxitan gertatu zait odola eman gabe bueltatzea.
«Tartean berriren bat, gazteren bat, ikusten dugunean, animoak ematen dizkiogu jarraitzeko»
Elkar ezagutuko zarete odola ematen aritzen zaretenak.
Alegian ematen duten gehienak bertakoak izaten gara. Amezketara ere joaten dira odol ateratzeak egitera, eta Altzotik, Abaltzisketatik eta Ikaztegietatik etortzen dira Alegiara. Gehienetan betikoak izaten gara Alegian. Tartean berriren bat, gazteren bat, ikusten dugunean, animoak ematen dizkiogu jarraitzeko. Batzuk kontzientziatuta daude, baina gehienak ez.
Aldaketaren bat ikusi duzu? Adibidez, gazte jende gutxiago joaten al da odola ematera?
Ez, antzeko. Nik uste dut gazte jendea elkarri animoak ematen dizkiotela; eta bost gaztek proba egiten badute, bik jarraituko dutela. Ez dago gazte jende gehiegi, jende heldua eta betikoa. Tarteka, jende gaztea sartzen da.
Hitzordua egiteko modua ere aldatuko zen hainbeste urtetan.
Garai batean ez zegoen Whatsappik eta mugikorrik ere. Beraz, enteratu egiten zinen noiz etorriko ziren Alegiara, eta joan egiten zinen. Orain ordua hartzeko aukera dago Whatsapp bitartez edo korreo elektronikoz. Adostuta egoten da ordutegia. Lehen, ordena lehenengo iristen zenaren araberakoa izaten zen. Ordubete lehenago joaten ginen lekua hartzera, bukatu eta gero segituan joateko.
Mareatu al zara behin ere?
Hasieran bai, pare bat aldiz. Baina gaur egun batere ez. Pentsatu izan dut, hainbeste aldiz eman ondoren, ea mareatuko ote naizen, eta ez da gertatu. Erizainak galdetu izan dit ea ura edan nahi ote dudan, mareatzen banaiz edo. Nik erantzuten diot hainbestetan eman ondoren ez naizela mareatuko, eta begiratzen duenean zenbat aldiz eman dudan, esaten dit ez naizela mareatuko. Tentsioa horregatik hartzen dizute, ikusteko nola zauden. Tentsioa ondo egonez gero, ez daukazu zertan mareatu. Hori bai, orratza sartu arte estutasun pixka batekin egoten naiz, eta gero lasaitu egiten naiz. Ondoren, behatzak mugituz egon behar duzu. Zaina bilatzeko arazoren bat izaten dute orain, potxoloago nago eta.
Jendea animatzen duzu noski, odola ematera.
Noski, jendeak joan behar du. Hori erretiroa hartzearena bezalakoa da. Nik erretiroa hartzeko, gazteak hasi behar dira lanean. Eta ni zahartzen naizenean, odola behar badut, gazteek hasi behar dute odola ematen. Nik joatera animatzen ditut. Badakizu zer mesede egiten duzun? Hain solidarioak baldin bagara, eman dezagun odola. Nik ez dut sekula arazorik izan odola eman eta gero. Joan eta gero zerbaitengatik ezin baduzu eman, ba ez da ezer pasatzen. Behintzat joan zara, eta prestutasuna erakutsi duzu. Emaztea eta biok joaten gara, eta baita bi anai ere.
Anekdotarik edo momentu bitxirik izan duzu?
Pare bat aldiz mareatu nintzen horietan, pixka bat lotsatu-edo ere bai. «Horrelako gizona nola mareatu daiteke?» aditzen nuen... Orain ez, baina orain hamabost bat urte arte, ni eta beste lagun bat elkartera afaltzera joaten ginen, odola eman eta gero. Hori ederra izaten zen, eta han errekuperatzen genuen emandakoa; geure buruari egiten genion sari moduko bat izaten zen.