Hain zuzen, Donostiako Zinemaldian Publikoaren Saria —9,52ko notarekin, Zinemaldiko historiako altuena— jaso zuen pelikula aztertu du Alain Rekondok: The Voice of Hind Rajab. Benetako istorio batean du oinarria filmak. Kaouther Ben Hania da zuzendaria, eta 2024ko urtarrilean dago kokatuta istorioa. Sei urteko haur baten erreskatearen kontakizuna da filmak oinarrian duena. Azaroaren 28an estreinatuko da zinema aretoetan.
Gaian sakontzeko bigarren proposamena No other land dokumentala da. Duela urtebete estreinatu zen, eta modu oso errealistan plazaratzen du Palestinako egoera. Oscar Saria jaso zuen, eta gerora ere asko hitz egin da honako filmaz. Irudiek izugarrizko indarra dute honako dokumentalean, eta baita kontakizunak berak ere. Esaterako, armadarekin zer-nolako konfrontazioa duten du aztergai. Lau zuzendariren artean ekoitzitako lana da No other land; Basel Adra du protagonista, Zisjordanian bizi den palestinarra. Harreman pertsonalak ere jorratzen ditu filmak. Movistar eta Filmin plataformetan ikusgai.
Hirugarren proposamena duela bi hamarkadako lana da: Paradise Now. Palestinar ekoizpena. Ikuslea debate ezberdinen aurrean kokatzen du, oso era ausart batean. Une bakar batek nola alda dezakeen mundua eta baita norberaren bizitza ere azpimarratzen du. Bi gazteren istorioa kontatzen du: erreklutatuak dira, atentatu batean euren buruaz beste egin dezaten. Amazon eta Filmin plataformetan ikusgai.
Gaurko azken proposamena Waltz with Bashir pelikula da. Israeldik dator honako filma, Ari Folmanek zuzenduta eta autobiografikoa da. Animaziozko dokumentala da, 2008koa. Amesgaizto batetik abiatuta kontatzen da istorioa, Libanoko gatazkan kokatuta. Filmin plataforman ikusgai.



