Osasunak kezka sortzen du eskualdean, eta hori agerian geratu zen sailburuaren bisitan; bai Topic kanpoan, eta baita areto barruan ere. Protesten artean sartu zen Alberto Martinez eraikinera. Bertan, Uzturre Foroko kide eta Tolosako zinegotzi Xarles Iturberen galderei eta ikusleenei erantzuten aritu zen. Lehenik, ordea, Osakidetzaren azken urteetako lana testuinguruan jarri zuen.
Ondoren, Iturberen galderei erantzunez eskualdeko egoeraz hitz egin zuen. Goizean eskualdeko eragileekin egindako bilerak aipatzeaz gain, prentsaren aurrean emandako xehetasunak azaldu zituen.
Topic-era gerturatu zen publikoaren galdera-erantzunekin amaitu zen solasaldi jendetsua. Galdera horietan, herritarrengan gaiak sortzen duen kezka agerian geratu zen. Asuncion Klinikaren publifikazioa; Andoainen lehen arretarekin duten arazoa; Tolosako ospitalearen kokapena... hizpide izan ziren. Alberto Martinezek galdera guztiak erantzun zituen. Mediku faltaz hitz egin zuen sailburuak, baita Asuncionen jabetza pribatuaz ere, edo kokapenaren egokitasunaz, udalak proposatua izan zela gogoratuz.
Aipatu behar da, galdera hauek publikoak orri batean idatzita pasatzen zizkiola Xarles Iturbe aurkezleari, gero honek irakurtzeko. Herritar batek, ordea, amaieran hitza hartu nahi izan zuen. Tentsio une bat sortu zen orduan. Xarles Iturbek ezohiko prozedura zela esan zion herritarrari, galderak idatziz pasatzen zirelako, baina azken galdera baten ostean, hitza emango ziola agindu zion.
Iturbek euskararen garrantziaren inguruan galdetu zion Martinezi. Honek medikuaren eta gaixoaren artean ama hizkuntzan hitz egitearen onurak aipatu zituen. Berak euskara ez jakitearen pena plazaratu zuen, eta unibertsitate publikoan medikuntza euskaraz ikasteko Eusko Jaurlaritzaren ahaleginaren berri eman zuen, plaza kopurua handitzeko saiakera eginaz.
Erantzunaren ondoren, Iturbek herritarrari mikrofonoa eman zion, eta honek, Osasun sailaren proposamenaren aurka hitz egin zuen, zerbitzuen murrizketa zekarrelako eta helburua Tolosaldean urteetan emandako borroka apaltzea zuelako.