35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia eta 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Ez dut inoiz aitortzarik bilatu, baina beti sentitu naiz babestuta»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 25a

Luiis Migel Espinosa Errazkin. J.A.D.

Mende erditik gora darama abesbatza lehiaketako lantaldean Luis Miguel Espinosa Errazkinek, eta ia lau hamarkada egin ditu zuzendaritzan. Aurtengo edizioan ariko da azken aldiz arduradun postuan, baina boluntariotza-lanean aritzeko asmoa du. Beteta dagoela aitortu du.

Haurra zenetik du kanturako zaletasuna Luis Migel Espinosa Errazkinek (Tolosa, 1956), batez ere, musika klasikorako. «Gogoan dut irratian operak entzuten nituela», aitortu du. 50 urte baino gehiago daramatza Tolosako Abesbatza Lehiaketan lanean. Lehenik, boluntario aritzen zen, autobusak eta ostatuak antolatzen nahiz antzokiko lantaldean. 1987az geroztik, lehiaketako zuzendaritzako arduraduna da, baina datozen asteburuetan azken aldiz ariko da zeregin horretan. Xabier Ormazabalek lekukoa hartu aurretik, bere ibilbideari, abesbatza lehiaketak izan duen bilakaerari eta aurtengo edizioari buruz hitz egin dugu berarekin.

Noiz eta zergatik izendatu zintuzten lehiaketako zuzendari?

1986ko azaroan, urte hartako lehiaketaren ondoren, Antxon Elosegi etorri zitzaidan. Izan ere, zenbait txosten idazten nituen zuzendaritzarako, koro batzuen kalitatea kritikatzeko edo beste abesbatzaren bat ekartzea hobea izango litzatekeela esateko; zorroztasun handiagoa nahi nuen abesbatzak aukeratzerakoan. Gogoan dut zer esan zidan Antxonek: «Kritika gutxiago, eta lan gehiago». Orduan, zuzendaritzako arduradun izatera igaro nintzen, eta 1987ko edizioa izan zen lehena niretzat postu berrian. Aurten, 39 urte beteko ditut arduradun karguan.

Baina, azkena izango da, ezta?

Bai, hala da. Ardura hori izan baino lehen, lehiaketako boluntario izan nintzen. Orduan, zuzendaritzari laguntzen jarraituko dut, baina arduradun karguak berarekin dakarren presiorik gabe. Xabier Ormazabal izango da aurrerantzean arduraduna, eta hari laguntzen ere saiatuko naiz.

Xabier Ormazabalek urteak daramatza zuzendaritzan lanean.

Aurten, 15 urte egin ditugu elkarrekin lanean, eta azken hamar edizioetan elkarrekin zuzendu dugu lehiaketa. Beraz, ez da bat-bateko aldaketa bat izango. Dagoeneko asko ikasi du eta esperientzia handiko pertsona da. Esku onetan egongo da lehiaketako zuzendaritza.

Zer sentitzen duzu orain, arduradun postuan egingo duzun azken edizioaren aurretik? Oroitzapenak datozkizu burura?

Batek baino gehiagok galdetzen dit hori, baina normaltasunez bizitzen ari naiz. Hilabete honetan lan handia izan dugu Europako Sari Nagusia eta ondorengo abesbatza lehiaketa antolatzeko, eta presiopean aritu garenez, ez dut ezer gogoratzeko tarterik izan. Azken edizioetan, askotan pentsatu izan dut azken urtea izango zela. Baina behin edizio bat amaitutakoan, berriro sentitu izan dut lehiaketarako grina eta gogoa; xanpainaren efektua deitzen diot nik, burbuilek behetik gorako bidea egiten dutelako. Pisu handia kendu ohi dut gainetik, baina, aldi berean, bizigarriz betetzen naiz. Aurten, oraingoz, azken urtea izango dela pentsatzen ari naiz, eta noski, hala izango da.

Nola antolatzen da abesbatza lehiaketaren edizio bat? Aurrekoa amaitutakoan hasten da prozesua?

Ez, lehenago hasten da. Koru bat 20, 30 edo 40 lagunek osatzen dute, eta, urtean, bidaia bakarra, edo asko jota bi, egin ditzakete. Abesbatza jakin bat Tolosara ekarri nahi baduzu, ezinbestekoa da bila joatea, eta denborarekin abisatu behar zaie, bestela, programatuta izango dute urte horretarako jarduna.

2026ko lehiaketako haurren kategoriarako, lau edo bost abesbatza ditugu lotuta, baina ez da ziurra denak etorriko direla. Izan ere, baliteke edozer gertatzea, hala nola, abesbatza desagertzea, zuzendaria gaixotzea, diru laguntzarik ez lortzea edo haientzat interesgarriagoa den beste proposamen bat izatea. Hortaz, inoiz ez zait gustatzen esatea hurrengo edizioan zein abesbatza etorriko diren.

Koru bat kide askok osatzen dutela esan duzu. Baina, hona, hamar bat koru etortzen dira.

Bai. Hortaz, biderkatu egin behar da kopurua. Ezin ditugu nahi ditugun koru guztiak ekarri. Horregatik, gehienezko kopuru bat jartzen dugu, eta kopuru horren arabera hasten gara koruak gonbidatzen. Zain egoten gara, etorriko direla baieztatu arte; batzuetan, hilabeteak igarotzen dira erantzun bat jasotzeko. Haietakoren batek ezezkoa esanez gero, alternatiba bilatzen dugu.

Eta zer izaten duzue kontuan koru bat edo beste gonbidatzeko?

Ezaugarri asko: jatorria, kalitatea, bidaiatzeko aukerak... Aniztasuna, adibidez, ezinbestekoa iruditzen zait. Ez du zentzurik herrialde bereko hamar koru ekartzeak. Eta aniztasuna aipatzean, ez naiz ari soilik jatorriari buruz. Askotariko proposamenak izan behar ditugu kontuan, horrek gero eztabaidarako aukera ematen baitio epaimahaiari. Munduko herrialde bakoitzak ezaugarri propioak ditu kantuari dagokionez, baina globalizazioaren ondorioz, asko aldatu da. Europako iparraldeko herrialdeetako abesbatzen soinua, adibidez, 70eko eta 80ko hamarkadetan hasi zen zabaltzen, eta orain eredu da koru guztientzat. Gaur egun, herri eslaviarrak dira tradizio propioa duten bakarrak; mendebaldeko herrialdeko koruekin alderatuta, ahotsa desberdina dela esango nuke, batez ere, musika ortodoxoa egiten dutenean.

Horrez gain, eszenografiarako proposamenak ere kontuan izaten ditugu. Asiarrena, adibidez, berezia izaten da, eta hori aberasgarria da lehiaketarentzat eta publikoarentzat, noski. Oro har, eszenografia ikaragarri aldatu da urteek aurrera egin ahala. Lehen, abesbatza kantatzen ikusten zenuen, eta orain, baita antzezten ere.

Eta soinuan ere aldaketa handia izan da. Tarteka, grabaketa zaharrak entzuten ditugu, garai bateko edizioetakoak, eta ez dauka zerikusirik gaur egungo soinuarekin. Bilakaera handia izan da. Gaur egungo koruek gaitasun handiagoa dute errepertorio konplexuagoak lantzeko, eta soinu homogeneoagoa izatea dakar.

 

«Gaur egungo koruek gaitasun handiagoa dute errepertorio konplexuagoak lantzeko»

Leidor ere aldatuko zen, ezta?

Bai, asko. Sonoritate bikaina dauka. Lehen, lehorragoa zen, baina kaxa akustikoari esker, asko hobetu da, eta abesbatzek eskertzen dute hori. Oso leku atsegina da koruak entzuteko, eta lehiaketarako ezin aproposagoa da, oholtzan gertatzen den guztiaz jabetzen zarelako.

Urte hauetan guztietan aitortua sentitu zara zuzendari karguan? Babestu zaituzte?

Bai. Alboan dudan lantaldea zoragarria da. Ez dut inoiz aitortzarik bilatu, baina beti sentitu naiz babestuta. Hala ere, garrantzitsuena lehiaketa da, ez ni.

Zer izan da errazena eta zailena zure karguan?

Zailena, nire ustez, egitura indartsu bat ez izateak eragiten duen lana da. Europako Sari Nagusiko beste lehiaketa batzuetan, guztiek dute egitura garrantzitsu bat inguruan, batez ere, ostalaritzari eta entsegu lokalei dagokienez. Guk, ordea, Gipuzkoa osoan bilatu behar ditugu aukerak, eta ondoren, autobusak lotu behar izaten ditugu. Urteak pasa ahala, esperientziari esker asko ikasi dugu, eta azkenean, ia automatikoki egitera iritsi gara.

Bestalde, Tolosako lehiaketak badu bereizgarri egiten dion ezaugarri bat: herritarren berotasuna. Kontuan izan behar da biztanlez txikiena dela. Bada, beste hirietan aretoak hutsik ikusi izan ditut, eta hemen ez da halakorik gertatzen. Abesbatzentzat pizgarri da publikoa, eta areto bateko eserlekuak hutsik ikustea gogorra da.

Baduzu anekdotarik kontatzeko?

Lehen aipatu dut kanpotik begiratuta zorroztasun handiagoa exijitzen niola lehiaketako zuzendaritzari abesbatzak aukeratzerakoan. Gerora konturatu nintzen lan konplexua zela, besteak beste, komunikatzeko zailtasunengatik. Gaur egungo aukerek ez dute zerikusirik.

Gogoratzen naiz Sobietar Batasuneko edozein herrialdetako koru bateko ordezkariekin hitz egiteko lehenik telefono konpainiari eskatu behar zeniola hitzordua; igandeetarako eskatu behar zen, lan kontuengatik. Gainera, batzuetan, herrialdeak berak ez gintuen uzten guk nahi genuen abesbatzarekin hitz egiten, eta beste baten kontaktua ematen zigun. Faxa ere erabiltzen genuen komunikatzeko. Gaur egun, ez dago arazorik, eta nahikoa da helbide elektronikora mezu bat bidaltzea.

Aurten, 56. Abesbatza Lehiaketaren aurretik, 35. Europar Sari Nagusia izango da Tolosan, urriaren 26an. Zer garrantzi dauka hemen egiteak?

Aitortza bat da, bai herriari, baita lehiaketari ere. Sei urtez behin egiten da hemen. Europako Sari Nagusiaren zirkuituko iazko lehiaketetan irabazle izan ziren abesbatzek parte hartuko dute. Hortaz, lehiaketen lehiaketa izango da; abesbatzentzat urteko hitzordua izaten da. Eta guk, maila goreneko lehiaketaz gozatuko dugu.

Urriaren 30etik azaroaren 2ra, berriz, 56. Abesbatza Lehiaketa egingo da. Zer nabarmenduko zenuke aurten?

Oso kontentu nago ahots-taldeen kategoriako abesbatzekin. Inoizko mailarik altuena izango da aurten. Bestela, jatorriari eta proposamenei dagokionez, oro har, aniztasun handia izango da. Sari nagusian eta abesbatzen lehiaketan, kalitatea ziurtatuta dago.

 

«Nire bizitzari eman diodan gauzarik handienetakoa da, eta niri bizia eman didana»

Zuretzat zer da Tolosako Abesbatza Lehiaketa?

Nire pasioa da. Nire bizitzari eman diodan gauzarik handienetakoa da, eta niri bizia eman didana.

Zergatik dauka horrenbesteko ospea? Eta nola lortzen duzue ospeak denboran irautea?

Abesbatzei ematen diegun tratu onagatik. Guztiak ondo funtzionatu dezan saiatzen gara, taldeak ondo zaintzen eta dituzten beharrei erantzuten. Esaterako, koruek Tolosa, eskualdea nahiz Euskal Herria ezagutzeko aukera izaten dute, eta hemendik kanpo kontzertuak antolatzen ditugu. Beste lehiaketa batzuetan, hirira heldu, lehiaketak irauten duen egunetan abestu eta bueltan doaz. Burbuila baten barruan sartuta bezala egoten dira. Hemen ez. Nik gordeta ditut parte hartzaileen zenbait gutun, eta haietan adierazten dute ezagutu duten lehiaketa onena dela.

Bestetik, publikoa nabarmendu behar da, faktore bereizgarri bat da. Beste lehiaketetan, bertan parte hartzen dute abesbatzetako kideak esertzen dira antzokietako eserlekuetan. Hemen, ordea, zaletasun handia dago kanturako, tradizioz; ez Tolosan bakarrik, Euskal Herrian baizik.

Askok pentsatu dezake gaur egungo gazteak ez direla koruak entzutera joaten. Hala al da?

Bai. Arrakala nahiko handia da. Europako iparraldeko eta Baltikoko herrialdeetan, akaso, ez horrenbeste. Haietan zortekoak dira, ia eskola bakoitzean daukatelako trebakuntza-abesbatza bat. Horren adibide garbi bat da iaz Tolosan txapeldun izan zen Letoniako abesbatza; kide zaharrenak 25 urte inguru izango zituen. Hemen, nekez ikusten ditugu 30 urtetik beherakoak abesbatzen kontzertuak entzuten.

Eta Euskal Herriko abesbatzek nolako harrera izaten dute hemendik kanpo?

Mundu guztiak aitortzen du kanturako tradizio handia duen lurraldea dela. Gure abesbatzek lehiaketak irabazi dituzte, eta aintzat hartu izan dira beti. Aitortu behar da Europa ipar-ekialdeko herrialdeetan kultura-ekitaldi ia guztietan abesbatza batek parte hartzen duela, eta horrek erakusten duela nolako garrantzia duten. Horrek, noski, asko aldatzen du gurekiko duten ikuspegia.

Motzean

Abesbatza bat?

Britania Handiko Gazte Abesbatzaz gogoratzen naiz. Tolosan aritu zenean, behintzat, askotariko musika-estiloak uztartzeko gaitasun handia zuen.

Kanturako obra bat?

Oso zaila da bakarra aukeratzea. Nahiko erromantikotzat dut neure burua.

Eta Tolosan entzutea gustatuko litzaizukeen bat?

Letoniako Mixed Choir Of Riga Cathedral Choir School abesbatza izan zen garaile iaz. LEYRE CARRASCO

Ezinezkoa da. Niri alemaniar erromantizismokoak gustatzen zaizkit, Richard Straussenak, adibidez, baina ezinezkoa da hemen abesbatza lehiaketan entzutea. 10 minutu inguruko iraupena dute, eta abesbatzek, gehienez, 15-18 minutu izaten dituzte lauzpabost obra kantatzeko.

Tolosakoaz aparteko lehiaketa bat?

Arezzokoa (Italia). Hiriak atmosfera berezia du. Bestetik, gustatuko litzaidake Tourseko (Frantzia) lehiaketak jarraipena izatea, baina desagertu egin da, erakundeen babes faltagatik. Tamalez, horrelakoak gertatzen dira.

Leidorrez aparteko antzoki bat?

Mariborreko (Eslovenia) Dvorana Union edo Jurmalako (Letonia) Dzintari. Hirurek ere, akustika bikaina dute.

Nola definituko zenuke hitz batean Tolosako Abesbatza Lehiaketa?

Pasioa. Boluntario talde handi batek lan handia egiten du lehiaketak irauten duen egunetan, ordainsaririk jaso gabe. Boluntariotza maite duten pertsonak dira. Gaur egun, ez dago horrela aritzeko grinarik; desagertzen ari da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!