35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia eta 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Abesbatzen bi hitzordu hartuko ditu Tolosak

Ataria 2025eko urriaren 16a

Erakundeetako ordezkariak eta antolatzaileak, lehiaketaren aurkezpenean.

Urriaren 26tik azaroaren 2ra 35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia eta 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa izango dira.

Urteko sasoi honetan mundu osoko abesbatzak parte hartzen duten hitzordua izan ohi da Tolosan. Bada, aurtengoan, hitzordu bikoitza izango da, izan ere, urteroko Abesbatza Lehiaketari Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia batuko zaio.

Urriaren 26tik azaroaren 2ra arte izango dira bi lehiaketak. 35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia lehen egunean, urriaren 26an izango da. Bertan, Luismi Espinosa Abesbatza Lehiaketako zuzendaritzako kideak azaldu bezala, Europako abesbatza lehiaketa entzutetsuenetan irabazle izan diren koruak lehiatuko dira. Hain justu, Letoniako Choir Sola eta Youth Choir Kamer, Filipinetako Imusicapella eta Los Cantantes de Manila eta Indonesiako The Resonanz Children`s Choir dira parte hartuko dutenak. Indonesiako abesbatza da, hain justu, Tolosako lehiaketa ordezkatuz parte hartuko duena.

Espinosak lehiaketa honek izango duen maila nabarmendu du, «edozein koruk ez baitu abesbatza lehiaketa bat irabazten». Leidor aretoan izango da sari nagusia, 17:00etan hasita, eta bertarako sarrerak agortuta daude.

Bestalde, urteroko lehiaketari dagokionez, aurtengoa 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa izango da, eta urriaren 30etik azaroaren 2ra izango da.

Bi lehiaketak kontuan hartuta, 19 koru izango dira Tolosan egun horietan, eta 665 pertsona inguru elkartuko dira. Gehienak europarrak dira, hamaika, asiarrak sei eta bi amerikarrak. 

Emanaldietarako sarrerak Kutxabanken bitartez eskuratu ahalko dira.   

Urtero bezala, Tolosan izango diren koruek lehiaketan ez ezik, hainbat herritan emanaldiak emango dituzte. «Guretzat oso garrantzitsua da abesbatzek lehiaketatik kanpo herrietan emanaldiak ematea. Lehiaketa bakarra da hori egiten duena, eta nabarmentzekoa da», esan du Espinosak.

Egindako lanari aipamena

Ane Garate Tolosako Ekinbide Etxeko ordezkariak eskerrak eman dizkie lehiaketa urtero babesten duten erakundeei, «laguntza hori ezinbestekoa delako jarduera aurrera eramateko». 

Babesleetako bat da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta bertako Kultura eta Gazteria sustatzeko zuzendari Isaac Palenciak Abesbatza Lehiaketak duen pisua goraipatu, eta 56 edizio ez direla egunero betetzen nabarmendu du. «Parte hartzen duen talde bakoitzak ez du egitarau bat soilik ekartzen, aurretik egin zutenen oihartzuna baizik. Gainera, etorkizunera begira dagoen egitasmoa da, eta horregatik garrantzitsua da, batez ere, hazten ari diren abesbatzentzat erreferente izateko». 

Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak, bere aldetik, «hain errotuta dagoen jarduera» babesten jarraitu nahi dutela udaletik esan du. «Nahiz eta 56. edizioa izan eta antolatzaileek esperientzia handia duten arren, maila honetako lehiaketa bat antolatzeak lan handia du». Egitasmoak musikaren eta hotsaren bidez beste kultura batzuk ezagutzeko ematen duen aukera ere goraipatu du, eta herritarrak animatu ditu, batez ere gazteak, kontzertuetara joatera, «belaunaldi aldaketak beharrezkoak direlako». 

Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko ordezkariak mundu mailako abesbatza onenak Tolosan elkartzea duela helburu lehiaketak aipatu du; «eta baita Euskal Herriko musika, tradizioa eta kultura ezagutzera ematea ere. Guretzat oso positiboa da hori, guk egiten duguna, gure iraganekoek egin dutena eta etorkizunean egingo duguna gizarteratzea».

Emanaldi berezia

Lehiaketetatik kanpo, urriaren 25ean, emanaldi bereziaz gozatzeko aukera izango da Leidor aretoan, 18:30ean hasita. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen eskutik, Cantania - 50 milioi segundo haur kantata izango da. Eva Ugalde Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, Katalunian du abiapuntua emanaldiak. «Bertan Cantania izena duen emanaldi polita egiten dute. Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak egokitzapen lanak egin ditu emanaldi hori Euskal Herrian egiteko».

Zazpi abesbatzetako 100 haur baino gehiago izango dira taula gainean abesten. Azpeitia, Arrasate, Donostia, Legazpi, Ordizia, Zegama eta Usurbilgo koruek parte hartuko dute. Bederatzi musikarik eta bi aktorek ere parte hartuko dute eta Urnietako Lourdes Iriondo musika eskolaren laguntza izan dute. Ugalderen hitzetan, «osoa eta dinamikoa» izango da ekitaldia, eta bereziki familiak eta haur txikiak dituztenak gonbidatu ditu. Emanaldi honen helburua koruetan abesten duten haurrak dinamizatzea dela adierazi du. «Haur horiek ikusten badute beste herrietan ere haur gehiagok abesten dutela, normalizatu egiten da abesbatza batean kantatzearen ideia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!