Zumarditxikiko lanak, 2026rako

Ataria 2025eko urriaren 2a

Tolosako Zumarditxikia autorik gabe.

Udal gobernuak adierazi du datorren urtean egingo dituela Zumarditxikia oinezkoen gune bihurtzeko lanak; Andu Martinez de Rituerto alkateak baieztatu zuen iraileko osoko bilkuran.

Pasa den ostegunean izan zen Tolosako udalbatzaren iraileko osoko bilkura. Bertan, Joxe Mari Villanueva PSE-EE-ko kideak, azalpenak eskatu zizkion udal gobernuari legealdi hasieran abian jarritako aparkalekuen egoeraren azterketari buruz. Tartean, Zumarditxikia eta Geltoki plazari buruz galdetu zuen zinegotzi sozialistak.

Alkateak bilkuran esan zuen «esku hartze arin bat» egingo dutela datorren urtean, espazioaren erabilgarritasuna ikusteko. «Ondoren, aztertu beharko da herritarrok zer egin nahi dugun bertan. Ondo bidean, 2026an autoak ateratzeko moduan egongo gara», azaldu zuen. Zumarditxikiko lanek zerikusia dute aparkalekuen azterketa orokorrarekin. Udalak lanketa sakona egin du gaiaren inguruan, eta alkateak aurreratu zuen bizpahiru aste barru emango dutela lan horren emaitzen berri.

Alkateak nabarmendu zuen azken hamar urteetan Gipuzkoan gehien hazi den herrietako bat dela Tolosa. «% 5 hazi da biztanleria, eta auto kopurua, % 8 hazi da. 9.000 auto baino gehiago ditugu kontatuta, eta paradoxikoa bada ere, ia 11.000 aparkaleku plaza».

Geltoki plazako aparkalekuei buruz ere galdegin zuen Villanuevak. Udal gobernuaren kezketako bat izan beharko lukeela esan zuen, «plazaren egoera txarra» dela eta. «Azterketaren emaitzak azaltzean hitz egingo dugu horri buruz. Esku hartzeetako bat bertan egin behar dugu, epe motz-ertainean», erantzun zion alkateak.

Izaskungo Aldapa

Izaskungo aldapako errepidea norabide bakarrekoa bilakatzeari, eta, hori dela eta, aparkaleku berriak sortzeari buruz ere hitz egin zuen ordezkari sozialistak. «Denborak esango du erabakiarekin asmatu duzuen ala ez. Orain arte egindako lana ez dago ondo amaituta; aparkaleku plaza asko seinaleztatu gabe gelditu dira», esan zuen Villanuevak.

Alkateak hartu zuen hitza zinegotziaren galderen ondoren, eta errepide hori norabide bakarrekoa bilakatzearen inguruko helburuak azaldu zituen: «Mugikortasun Planean jasota dago, eta aspaldiko eskaera bat da. Oinezkoen segurtasuna bermatzea da helburua. Ez zen posible bi noranzkoak mantentzea, eta horregatik sortu dira aparkalekuak. Interbentzio taktiko bat da, eta atzera buelta erraza du. Oraingoz, balorazioa positiboa da; egia da erabilera txikia duela autobia azpira arteko eremuak. Lanak amaitu gabe daude oraindik. Ondo antolatu gabeko aparkaleku bat dago, eta hori txukundu nahi dugu».

Zenbait auto, udalak Izaskungo Aldapako bidean sortu berri dituen aparkalekuetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!