Tolosan bada emakumeen jabetzea eta parte-hartze politikoa sendotzeko espazio bat, jendarte justuagoa, aniztunagoa eta osoagoa lortzea helburu duena. Gune hori Jabetze Eskola da. 2013ko maiatzean jarri zuten martxan, udaleko berdintasun sailak eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazioa eta Aniztasuna Sailak, eta oraindik ere emakumeei zuzendutako jarduerak antolatzen dituzte, elkarlanean.
Urtez urte, ekintza berriak gehitu izan dituzte udazken eta neguko nahiz udaberriko egitarauetan, baina badira mantentzen direnak ere, jarduera horiek urteetan izandako arrakastaren ondorioz, esaterako, Batukada feminista. Aurtengo eskaintzak, urritik otsailera bitartekoak, 23 proposamen biltzen ditu, eta horietatik 14 berriak dira. Besteak beste, lehen urteetan egin ohi zen Autodefentsa feminista ikastaroa berreskuratu dute.
Gainerakoan, nabarmentzekoak dira jarduera fisikoari lotutako ikastaroak nahiz dantza eskolak, zaintza lanetan diharduten emakumeei lanerako gutxieneko euskara maila eskaintzeko saio praktikoak, zerotik josten ikasteko hastapeneko ikastaroa, emakumeen bizitzako etapa ziklikoen inguruko saioak, Wikimedian idazketa eta edukiak hobetzeko ikastaroa eta oinarrizko iturgintza ikastaroa.
Beraz, bederatzi jarduera errepikatuko dituzte aurreko edizioetatik. Honako hauek izango dira: emakume idazleen euskarazko eta gaztelaniazko irakurketa taldeak, Batukada Feminista, Txarangora, xilografia ikastaroa, margo ikastaroa, sormenezko argazkigintza, meditazioa eta gizontasuna hizpide duten saioak –gizonezkoei bideratutakoak–.
Azpimarratzekoa da jarduera batzuk beste erakunde eta eragileekin elkarlanean antolatzen dituztela, hala nola, Amarotz Auzo Elkartea, Andragora, Osakidetzako Osasun Komunitarioko Sarea edo Zehar Errefuxiatuak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Jabetze Eskola ez da ohiko prestakuntza-lekua: «Ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik antolatzen da, eta mugimendu feministak garatutako jakintza-ekoizpen kolektibo eta partekatuaren metodologia erabiltzen dugu. Azkenean, helburua da munduaz dugun pertzepzioa aldatuko duen esperientzia bat bizitzea, eta, aldi berean, mundua aldatzeko tresnak ematea».
Izen ematea, erantzukizunez
Jardueretan izena emateko epea irailaren 29an, astelehena, zabalduko dute. Tolosakoudala.org/berdintasuna web-orrian egin ahal izango da izen ematea, jarduera hasi baino hiru egun lehenagora arte. Internet bidez izena emateko arazoak izanez gero, laguntza eska daiteke Andragorara bertaratuta, 943 00 89 67 edo 688 86 90 23 telefono zenbakietara deituta, edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita.
Matrikula gauzatzeko, ikastaroa hasi aurretik ordaindu behar da jardueraren prezioa. Jarduera hasi baino bi egun lehenagora arte egongo da zabalik ordainketa egiteko epea. Ordurako egin ezean, baja emango zaio parte hartzaileari, eta itxaron zerrendako lehenak hartuko du bere tokia.
Jakin-mina handia izaten dela aurreratu du berdintasun sailak. Hortaz, ahalik eta parte hartzerik altuena bermatu nahian, izena ematerakoan erantzukizunez jokatzea eskatu du, eta soilik parte hartzea berma daitekeen ikastaroetan izena ematea. Aurrez abisatu gabe edo justifikaziorik gabe bi saiotara joaten ez denak, ezingo du Jabetze Eskolaren hurrengo denboraldiko jardueretan parte hartu. Behin ikastaroa hasita, inork utzi nahiko balu, berdintasun sailari jakinarazi beharko lioke.
Lesbofobia hizpide
Jabetze Eskolako jarduera-sortatik harago, berdintasun sailak Herencia colonial y lucha colectiva hitzaldia antolatu du urriaren 1erako, asteazkena, 19:00etan, Andragoran. Maria Esther Mbang Nguema Mangue, SPDM –Munduaren parte gara– Ekuatore Gineako LGTBI kolektiboko kidea ariko da hizlari, eta Ekuatore Gineako lesbofobia izango du hizpide. Zuriñe Rodriguez kazetari eta Sudergintza kooperatibako kideak moderatuko du saioa.
Jarduera eskaintza
- Berriak
- 'Emakume korrikalari!' jarduera fisikoan ahalduntzeko ikastaroa. Maddi Sukunza Gomez prestatzaile fisiko eta irakaslearen eskutik, taldekako entrenamendu saioak eskainiko dira astelehenero (taldearen beharren arabera moldagarria), korri egin eta jarduera fisikoa egiteko: hastapen-entrenamenduak, running-a, lasterketa-teknikak eta koordinazio-ariketak. Hizkuntza: Euskara eta gaztelania. Prezioa: 13,15 euro.
- Mugimendu ariketak. Osakidetzako erizainek gidatuta, ariketa aerobikoak, oreka, indarra eta zoru pelbikoa landuko dira taldean, autozaintzarako. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
- Emakumeen zikloa. Klimaterioa. Aldaketak ezagutu eta partekatzea, baita elkar ulertzen, onartzen eta hobeto bizitzen lagun dezaketen gakoak eskaintzea da saioen helburua. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: 14,4 euro.
- Emakumeen zikloa. Hilerokoa nerabezaroan (11-14 urte artekoentzat). Hizkuntza: Euskara. Prezioa: Doan.
- Generoa eta aniztasun sexuala haur literaturan. Genero-rol eta -estereotipoetatik eta harreman sexu-afektibo heterosexualetatik aldentzen den haur literatura ezagutzeko saioak. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: Doan.
- Hastapeneko joskintza ikastaroa. Zerotik josten ikasteko hastapeneko saioak, josteko makina erabiltzen eta konponketak egiten ikasteko. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
- Zaintza arloan euskarazko komunikazio gaitasunak lantzeko ikastaroa. Zaintza lanetan diharduten emakumeei lanerako gutxieneko euskara maila eskaintzeko saio praktikoak emango dira, adineko pertsonen zaintzan eman ohi diren egoeretarako hiztegia ikasteko. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: Doan.
- Espainiako konstituzio- eta gizarte- eta kultura-ezagutzen probarako ikastaroa. Espainiako nazionalitatea lortzeko CCSE proba prestatzeko test eta adibideak jorratuko dira ikastaro honetan, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Sailaren eta Sos Arrazakeriaren eskutik. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
- Wikimedia ikastaroa. Wikimedia ezagutzeaz gain, idazketa eta edukiak hobetzeko gakoak emango dira, hizkera ez-sexista, arrazismoaren aurkakoa eta dekoloniala kontuan hartuta. Wikipedian ez dauden emakumeen artikulu sorta sortzea ere sustatuko da. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
- Cumbia ikastaroa. Feminismoa eta antiarrazakeria gorputzetik. Dantza ikastaro antiarrazista eta dekoloniala. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
- Oinarrizko iturgintza ikastaroa. Etxeko egunerokoan sor daitezkeen arazoak konpontzen ikasteko saioak: tantak, buxadurak, zisternak, konketa-giltzen ordezkapena, ebaketa-giltzen kokapena eta erabilera... Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: 4,5 euro.
- 'Hil arte bizi', heriotzari buruzko saioak. Testamentua, notarioko beste dokumentu batzuk, agurra, bizitza digitala, legatua, etab. jorratuko dira saioetan. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: 5,4 euro.
- 'Ikuspegi berriak. Kontatu ez ziguten historia'. Iragana modu aniztunagoan eta aberatsagoan kontatzeko ikastaroa. Bigarren errepublika, gerra garaia, gerraostea eta errepresio frankista ikuspuntu feministatik jorratuko dira saioetan. Hizkuntza: Euskara eta gaztelania. Prezioa: 5,4 euro.
- Autodefentsa feminista ikastaroa. Teoria feministan murgilduko da, errealitatea ulertzeko, egunerokoaren matxismoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko gakoak izateko, indarkeria ikusgarri eta ikusezinak identifikatuta. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
- Errepikatzen direnak
- Euskal emakume idazleen irakurle feminista taldea. Literaturara hurbiltzeko irakurbide feministez hausnarketa egitea izango da helburua. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 9 euro.
- Munduko emakume idazleen literatur taldea. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: 9 euro.
- Batukada feminista. Helburuak dira autogarapena eta taldekako jabetzea bultzatzea, emakumeek kulturan duten parte-hartzea indartzea, eta emakumeak eta feministak ikusiak eta entzunak izatea esparru publikoan. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 14,4 euro.
- Txarangora txaranga ez-mistoa. Bigarren ikasturtea izango da hau, eta taldea egonkortu da jada. Errepertorioa eta taldea gero eta handiago eta askotarikoagoa da, baina ez da talde itxi bat. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 21,6 euro.
- Xilografia ikastaroa. Bide emango zaio eskuekin sortzeko ahalmenari. Antzinako teknika hori ikasteaz gain, bakarka nahiz taldean lan egingo dute ikasleek, irudi, aldarrikapen feminista eta hainbat mezu paperean eta oihalean estanpatuta. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 18 euro.
- Ahalduntze-margolanak. Norbere emozioen ezagutza, ulermena eta kudeaketa landuko dituzte. Sormenarekin bat egingo dute, musikaren, gorputz-dinamiken eta mandala, erretratu eta margolan askeen bitartez. Hizkuntza: Euskara eta gaztelania. Prezioa: 10,8 euro.
- Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik. Adin guztietako emakumeei zuzenduriko ikastaro honetan, transferentzia-teknika ikastea izango da helburua; hau da, egingo dituzten argazkiak material desberdinetara transferitzea. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 14,4 euro.
- Meditazioa. Mindfulness eta coaching tekniken bidez, ahalik eta modu natural eta errazenean landuko dute
autoezagutza; izan ere, helburua da norbere buruarekin konektatzea, eta norbere emozioak eta bidean ager daitezkeen buruhausteak kudeatzeko tresnak eta laguntza jasotzea. Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 10,8 euro. - 'Maskulinitatea. Manosferaren parte gara? Internet eta gizonak' saioak. Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: Doan.
Eskaintzaren inguruko informazioa osorik esteka honetan.