Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak 45. urteurreneko kontzertua egingo du, azaroaren 7an

Ataria 2025eko irailaren 24a

Isitxo Larrañaga, akordeoi orkestrako zuzendaria, eta bere aita Isidro, orkestraren sortzailea, 2015ean taldearen 35. urteurrena ospatzeko egindako kontzertuan. M. I.

Orkestraren sortzaile Isidro Larrañaga Beloki omenduko dute, eta hitzordurako berariaz konposatutako obrak nahiz Larrañagari buruzko argitaragabeko piezak interpretatuko dituzte.

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak 45 urte bete dituela ospatzeko kontzertua egingo du azaroaren 7an. Emanaldia Leidor antzokian izango da, 20:00etan. Parte hartuko dute urtetan orkestraren ibilbidean izan diren hainbat artista gonbidatuk eta hitzordurako berariaz konposatutako obrak izango dira. Orkestraren sortzailea izan zen Isidro Larrañaga Beloki soinu jotzaile, musikagile eta musika irakasle tolosarra omendu, eta hari buruzko argitaragabeko piezak ere interpretatuko dituzte. 2022ko abenduaren 16an zendu zen Larrañaga, 91 urterekin.

Orkestrak ospakizun berezira gonbidatu nahi ditu 45 urteotan talde kide izan direnak. Horiekin zuzenean harremanetan jartzen ari badira ere, orkestrako parte hartzaile izandakoei jakinarazi nahi diete bi bide dituztela harremanetan jarri ahal izateko: ilakordeoiorkesta@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita edo 696 873 866 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!