Joxemari Iturraldek 'Zoo bat ikasgelan' liburua kaleratu du

Ataria 2025eko irailaren 16a

Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951) idazleak Zoo bat ikasgelan liburua kaleratu du Pamiela argitaletxean. Gazte Literatura sailean argitaratu da lana eta Pedro Oses margolari iruindarraren ilustrazioak daramatza.

Honela dio liburuaren sinopsiak: «Lehen eguna ikastetxean, eta Marko irakasleak errieta egin digu ez ditugulako animaliak adiskidetzat hartzen. Animalien lagun izan behar dugula, ondo tratatu behar ditugula, beren izenak eta ohiturak ondo ikasi… Kasu egin diogu irakasleari, eta hasi gara animaliak ikasgelara ekartzen eta zoo eder eta handi bat osatu dugu bertan, benetan izugarria, aizue!».

Oses kartelgile, irudigile eta komikien marrazkilaria da. Hainbat aldizkaritan hartu du parte eta haur eta gazteentzat hainbat liburu ilustratu ditu. Iturralde, berriz, ibilbide luzeko idazlea da. Helduentzako liburuez gain, obra ugari idatzi ditu haur eta gazteentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!